Elkarrizketa

Izkander Fernandez

2016.06.26

Izkander Fernandez

“Pasioa, afizioa, adrenalina, terapia… hori dena da musika”

Elkarrizketa: Fetitxe

Fetitxe amets bat zen. Ilusiotik zetorrena. Gaueko azken orduetan hainbat bider jorratutako proiektu imaginario bat. Baina jadanik ez da bete ez den ideia bat. Iadanik rock gogorreko talde bat da. Arrigorriagakoa. Doinu pisudunak maite dituen horietakoa. Gitarra potoloen oihartzunak Black Sabbath, Kyuss edo Queen of the Stone Age dakartza burura, baina Fetitxeren eskaintza rockeroa ez da batere minimalista. Atmosfera ezberdinen artean oreka bilatzen, eta aurkitzen, dutenean beraien musikaren intentsitatea biderkatzea lortzen dute. Momentu dentso horietan Faith No Nore edo Mogwairen kutsuak sartzen dira formulan.

fetitxe

Jon Ibarra + Ibai Aranguren + Aitz Gabiria + Ekain Bilbao = Fetitxe

Distantzien artean lehenengo disko bat da, baina bertan ez dituzu topatuko lehen diskoetako ukitu gehienak. Landua, heldua eta bizia baita. Bidea eginda bezala aurkezten du. Eta hala ere, Arrigorriagako lau lagunen arteko adiskidetasunaren bilakaeraren lehenengo fasea baino ez du islatzen.

Noizbait hitz egin duzue helmuga bati buruz?
Fetitxeri ez diogu helmugarik jartzen, ez dakigu zein izango den. Disko bakarra egingo dugu? Bi edo hiru? Gu honetan ohi baino beranduago hasi gara, pentsa, lehenengo diskoa 33 urterekin grabatu dugu. Laurok 1983. urtean jaiotakoak gara. Eta honek gauza askotan baldintzatu egiten gaitu, bai onerako bai txarrerako. Baina bai, behin maketa aterata eta abesti berriak konposatzen hasi ginenean disko bat grabatzeari buruz hitz egiten genuen. Baditugu ere jotzeko fetitxe ditugun lekuak edo aretoak, ilusioa egiten digu talde jakin batzuekin jo ahal izateak… eta, noski, tarteka horri buruz ere hitz egiten dugu, baina inoiz ez helmuga bezala. Gu iparrorratzik gabe mugitzen gara, unean uneko sentsazioek mugiarazten gaituzte.

Musika egiten duzuenok, musika egiten duzue musikagatik? Zuengatik? Zergatik?
Kontu pertsonala da hori, baina lehenengo norberagatik egiten dugu musika. Pasioa, afizioa, adrenalina, terapia eta askoz gehiago da musika. Gero badago egiten duzuna erakutsi nahi izatea eta erantzuna bilatzea. Musikarekin beti zorretan egongo gara, asko eman digulako eta asko ematen ari delako ere.

2016ko maiatzean disko bat kaleratzeko ze prozesu jarraitu duzue?
Distantzien artean diskoaren lehenengo kanta aspaldikoa da, Ekain sartu aurretik bageneuzkan bizpahiru abesti berri, gero horietatik bakarra sartu da, “Itxurak itxurez”, eta beste guztiak hortik aurrerakoak dira. Beraz, konposaketetan, ideietan eta abar, laurok parte hartu dugu. Normalean, gitarraren riff batetik abiatzen gara, norbait ekarritako ideia batekin edo lokalean egindako jam session batetik, hortik aurrera laurok elkartzen gara eta ideiak garatzen joaten gara. Ez diegu buelta handirik ematen, askotan lehenengo ideiak izaten dira onenak, egia esan. Disko honen abestien konposaketan asko disfrutatu dugu eta pazientzia izaten ikasi dugu ere. Hitzekin, beste kontu bat da, normalean bukaerarako uzten ditugu, eta denok ekarritako ideiekin abiatzen gara. Baina konposatzeko gehien kostatzen zaigun atala da hitzena, halere, pozik geratu gara kontu honekin ere.

Horretaz aparte, lan autoeditatua izanda, badaude beste mila gauza horretan jartzen zaren arte ez dituzunak kontuan hartzen, kriston lana ematen dutenak. Diseinua erabaki, fabrikazioa, promozioa prestatu, distribuzio digitala… Lan nekeza izan arren, horretan burubelarri sinisten dugu, gaur egun, DIY filosofia [zuk zeuk egin] aplikatzeko antzina baino askoz baliabide gehiago ditugu gainera.

Lehenengo kanta bukatu zenuten eguna gogoratzen duzue? Zer sentitzen da?
Buffff… Egia esateko… Bai. Lehena deitzen genion. Inoiz grabatu ez dugun abestia. Inoiz ez gara izan oso bertsio zaleak, hasieratik, lokalean batzen hasi ginenetik, gure abestiak egiten genituen. Hasierakoak, kriston puzzleak izaten ziren, baina ikasteko asko balio izan digu. Dena den, abesti bat bukatu bezain pronto, laupabost aldiz jo bitartean ez dakizu ea funzionatzen duen edo ez.

Soinu potoloa. Gitarrak nagusi. Baina punteo gutxi. Zuen musikari buruzko ideiarekin bat datorren jokaera da?
Baliteke, ez da idatzita dagoen arau bat, baina bai, zuk aipatutako potolo hitza asko entzuten da gure lokalean. Riff potenteen zaleak gara. Horren bila ibiltzen gara. Horretaz aparte, abestiak arnasteko tarteak izatea ere gustuko dugu eta gero badaukagu ere paisaia batzuk aldrebesteko sena ere. Talde guztietan gertatzen den bezala partaide bakoitzak bere gustuak ditu baina Fetitxeren musika eta soinua zer izan behar diren ideia berdina daukagu. Gainera, norberak badaki gutako bakoitzak zer ekartzen duen edo zer ekartzeko gai den. Oso garrantzitsua da lauron artean ondo elkar ulertzea eta kimika izatea musika egiten dugun bitartean.

CDan kaleratu duzue zuen lehenengo diskoa. Halere, biniloaren irudia ikus daiteke galletan. Eta diskoa bi aldetan banatuta daudela ematen du. Etorkizun hurbilean sorpresaren bat izango dugu?
Batek baino gehiagok komentatu digu gauza bera. Halere, abestien zerrenda prestatzerakoan ez zen izan nahita pentsatutako gauza bat. Baina bai, biniloarentzako oso aproposa geratu da eta banaketa hori ikusten dugu. Baliteke sorpresa hori egotea, ez dakigu etorkizun hurbilean izango den edo ez, baina eskaera batzuk egin dizkigute honen harira eta gutako batzuk binilo zaleak gara ere.

Nola ikusten dituzue etiketak rockan?
Ez dakigu beharrezkoak diren edo ez, baina azkenean zure musikara hurbiltzeko lehendabiziko deskribapen orokor bat da, asko hitz egiten da honi buruz, kazetari edo entzule batek etiketa edo etiketak jartzerakoan asma dezake edo ez, baina azkenean entzulea da talde bat edo bestea entzutera arriskatu behar dena inolako aurreiritzirik gabe. Futbolen bezala, norbaitek esan dezake jokalari bat teknikoa eta azkarra dela eta beste batek pakete hutsa dela pentsatzea. Hori bai, guri asko kostatzen zaigu gure musikari etiketa jartzea.

Nik stonerra, post rocka eta metala aipatzen baditut, zuen kantetan horrelako kutsuak daudela ikusten duzue?
Lehen aipatu dugun moduan, asko kostatzen zaigu gure musikari etiketak jartzea, baina aipatzen dituzun estiloak diskoan badaude eta estilo horretako talde asko entzuten ditugu beste batzuen artean; hard-rocka ere aipatu izan digute lan berriarekin. Gero gutako bakoitzak estilo batzuetara gehiago jotzen du edo estilo horren eragina nabarmenagoa erakusten du Fetitxeren abestiak konposatzerakoan.

Egia esateko, ez du lehenengo disko baten itxura. Pozik zaudete emaitzarekin? Lehenengo akatsak jadanik hasi zarete ikusten?
Oso pozik geratu gara emaitzarekin, genituen aurreikuspenak gainditu egin dira. Estudiora sartu baino lehen eraman behar genuen abesti sortarekin oso gustura geunden eta nahiko landuta eraman genuen, baina Xanpek izugarrizko lana egin du eta beste maila batera eraman dituela uste dugu. Grabaketan hasi baino lehen lokalean berarekin batu ginen eta gure lehenengo diskoa izanik eta esperientzia handirik ez genuenez askatasun osoa eman genion abestien inguruan edozein iradokizun egiteko. Eta batez ere abesti batzuen moldaketetan zeharo asmatu du eta beste dimentsio bat eman die. Eta akatsak ziur egongo direla, baina momentuz ez ditugu ikusi ere egin nahi, oraindik prozesu guztiarekin izugarri disfrutatzen ari gara.

Kolaboratzaileak izan dituzue. Ondo aukeratuak. Eta oso ondo konektatzen dutenak zuen soinuarekin. Azaldu nolakoa izan den esperientzia, aukeraketa, nondik sortu ziren ideiak kanta bakoitzerako….
Kolaboratzaileen asuntoaz hitz egiten hasi ginenean, eta diskoan sartzea erabaki genuenean, nahiko argi izan genituen izenak hasieratik eta aho batez adostutakoak izan ziren. Estilo aldetik gertu daude hirurak, beraien talde edo proiektuak miresten ditugu eta pertsona bezala ere asko estimatzen ditugu. Eta oso eskertuta gaude beraiek izandako erantzunagatik eta, zer esanik ez, egindako lanagatik. Enekorekin argi geneukan “Gerlari berriak” abestian izan behar zuela, asko zeukala abesti horri aportatzeko, eta emaitza ikustea besterik ez dago. Estudioan bere lehenengo orroak entzutean guztioi ilea tente jarri zitzaigun. Haritz Lete, adibidez, abesti batean baino gehiagotan egon zitekeela ikusten genuen, eta azkenean “Metralla!” proposatu genion. Guk melodia bat pasa genion eta berak horri buelta bat eman zion, buruan geratzen zaizun lelo horietako bat sortu zuen. Eta azkenik, Mario, Highlights taldekoa, herrikoa da eta laguna dugu, kriston gitarrista da eta bere estilo markatua gure abestiren batean egotea nahi genuen. “Lotuta” abestiaren pasarte bat proposatu genion, estudiora etorri, bizpahiru aldiz entzun eta punteo goxo-goxoa tita batean atera zuen.

Espero dugu, noizbait, hirurak gurekin egon ahal izatea kolaborazio horiek zuzenekora eramateko, izugarria izan behar du!

Eta orain, diskoarekin, zuzenean jo beharra. Nola dago kontzertuen mundua hasten ari den talde batentzako?
Bai, orain horretan burubelarri gabiltza, diskoa grabatu eta plazaratu egin dugu, orain zuzenean jotzea tokatzen da. Promozio lanetan topera gabiltza taldea gure mugetatik kanpo ezagutzera emateko. Orain arte eman ditugun kontzertu gehienak gure inguruan izan dira eta kriston gogoak dauzkagu muga hoiek gainditzeko eta leku ezberdinetan jotzeko, talde ezberdinekin taula partekatzeko. Momentuz, bagoaz lotzen udarako data batzuk. Hurrengoa Arrigorriagako jaietan izango da, uztailaren 22an. Eraso! eta Cobrarekin joko dugu.

ETIKETAK:Eraso!Fetitxe