Elkarrizketa

Joseba Juanena

2021.04.21

Joseba Juanena

“Pop garajeroaren kontzeptua gustatzen zaigu”

Elkarrizketa: Sodade

Askotan Euskal Herriko hainbat herri eta txoko bertako ikur edo jarduera jakin batzuekin erlazionatzen ditugu: Orio arraun munduarekin, Lodosa piperrekin edota Mundaka surfarekin, esaterako. Badira, musikaren munduan sartuta gaudenok behinik behin, eta ziurrenik beste askok ere, rockarekin lotzen ditugun herriak ere, Lekunberri edo Bera kasu. Aipatu bi herri horien kasuan bezala, Nafarroako iparraldera jo dugu, rockarekin edo musikarekin baino gehiago kirolari famatu mordoarekin —Iñaki Perurena eta Migel Saralegi harrijasotzaileak, Abel Barriola eta Oinatz Bengoetxea pilotariak, Mikel Nieve txirrindularia…— edo duela urte batzuk oihartzun handia izan zuen 8 apellidos vascos filmarekin erlazionatuko dugun Leitza herrira, hain zuzen ere.

Herriak, hala ere, badu rockaren munduan tartetxo bat gordetzeko eskubidea, batez ere Torrea tabernan, Atekabeltz gaztetxean, Atekarock jaialdian edota herriko jaietan antolatu izan diren kontzertuei esker. Giro horretan jaio zen Sodade, Gaizka Leizak (bateria), Jokin Baucisek (ahotsa eta gitarra) eta Julen Ceballosek (baxua) osatutako rock hirukotea. Joan den abenduan argitaratutako lehen lanaren aitzakiaz taldea aurkezteko galderatxo batzuk egin dizkiegu.

Sodade markorik gabe

Julen Ceballos + Gaizka Leiza + Jokin Baucis = Sodade.

Noiz eta nola sortu zen taldea?
GAIZKA LEIZA: Aurretik genuen taldea kontzertu potente baten ondoren desegin zen, eta aurreko taldeko Zapa, Jokin eta hirurok entseatzen hasi ginen baina denborapasa moduan. Orduan, Zapak beste talde batekin hasteko intentzioa zuela komentatu zigun eta momentu horretan Jokinek eta biok zerbait serioxeagoa egiteaz hitz egin genuen.
JOKIN BAUCIS: Bai, hortxe hasi zen, Larbandoko entsegu lokaleko fruitu bezala. Gu biok zerbait egin nahi, Juleni proposatu eta berak lagunduko zigula erantzun zigun. Horrelaxe sortu zen taldea.

Noiz izan zen hori gutxi gorabehera?
J.B.: 2018ko uda inguruan izanen zen Juleni planteamendua egin genionean eta hortxe hasi ginen, artean izenik gabe, oraingo Sodade formatuan.
G.L.: Urte oso bat konposatzen eta entseatzen pasa eta Larbandon bertan entsegu ireki baten ondoren, 6 edo 7 kontzertu eman genituen.

Kontzertu horien artean egonen dira, oker ez banago, Piz&Lohi jaialdian eta Leitzako Torrean emandakoak, ezta? Torreakoan atentzioa ditu zidan eszenatokian telebista txiki bat ikusteak, zuen Facebook orrian ikusi daitekeen beste telebista bat bezala. Esanahi berezirik al du telebistak Sodaden?
G.L.: Ez, ez, eszenatokian telebista bat jar zitekeela okurritu zitzaigun eta denoi ongi iruditu zitzaigun, bideo arraroak bilatzen hasi nitzen eta jarri egin genuen, besterik ez. Orain pixkat aparkatuta daukagu, gu ez baigoaz eszenatoki handietara, munduko denbora guztiarekin montatzeko eta abar. Gu garito txikietara goaz, denboraz estu ibiltzen gara, eta telebista bat eta beste…
J.B.: Azkenean eszenatokian marka edo kuriosidade bat gehiago sortzearren izan zen.
JULEN CEBALLOS: Aurrerago merchandising-a ateratzeko garaian, telebistarekin edo erabiltzen dugun telefono batekin ere, bitxikeria bat sartzen saiatu gara.

Taldearen izenarekin beraz ez du zerikusirik. Nondik dator Sodade izena orduan?
G.L.: Taldearen izenari mila buelta ematen ari ginen, seguraski Euskal Herriko talde guztiak bezala, eta normalean erabiltzen ez diren hitzen eta beren esanahien artikulu bat aurkitu nuen. Bertako hitz askoren tartean saudade hitz portugesa ikusi nuen, “la ausencia, el anhelo, un estado emocional entre la pena y la felicidad que mezcla la tristeza con los efectos del sabor agridulce de lo que nunca volverá” esanahiarekin. Hitz potolo hori ikusi genuenean horixe zela gurea pentsatu genuen.

Egiten duzuen musikaren inguruan, etiketetan sobera sakondu gabe, rock alternatibo nahiko garajeroa egiten duzuela esanen nuke. Nola ikusten duzue zuek?
J.N.: Bota duzun definizioa nahiko zuzena da guretzat, soinu garajeroa bilatzen baitugu.
J.C: Pop garajeroa dela ere esan daiteke.
G.L.: Bai, pop garajeroaren kontzeptua gustatzen zait. Lehengo egunean, diskoa gustatu zaion lagun bati ea zein estilo jotzen genuen galdezka ibili nintzen eta hark ere rock alternatibo bezala ikusten zuen.

Konparaketak ez dira onak izaten musika munduan baina, aurkezpen modura balio izaten du. Pertsonalki diskoa entzutean Foo Fighters edo Biffy Clyro-ren ildoa etorri zitzaidan burura, Euskal Herriko talde askok bezala Berri Txarrak-en kutsu batekin tarteka. Influentzia konkreturik ba al duzue?
J.C: Kanpora begiratzen dugu gehiago Euskal Herrira baino, zuk esan bezala Foo Fighters eta horrelako taldeetara.
G.L: Biffy Clyro eta PUP izan daitezke guk hirurok gustuko ditugunon artean bat egiten duten taldeak.
J.B: Kanpotik entzuten duenari Berri Txarrak ekar diezaioke burura. Nirvana oroitarazi diola ere bota izan digu baten batek, guk zer esan behar dugu…

Diskoa crowdfunding bidez finantziatu duzue. Zer moduz joan da?
G.L.: Lehen diskoa egin behar genuen baina ez genuen sosik. Bi aukera genituen: baliabide eskaseko grabaketa bat egin edo Itxura Recordsen Julenen lagun den Fran Perezekin grabatu modu profesionalago batean. Esfortzu bat egitea aukeratu genuen, eta crowdfundingaren kontua okurritu zitzaigun. Hasiera batean jarri genuen helburu anbizioso batera ez ginen iritsi baina bai jarria geneukan beste helburu errealago batera. Helburua ez zen diskoaren grabaketa eta kopiak finantziatzea, baizik ahalik eta gutxien jartzea gure poltsikotik.
J.C.: Eskerrak eman behar diozkigu jendeari, oso ongi portatu dela.
J.B.: Bai, jendea oso ongi portatu da, handik eta hemendik laguntza eskatu eta ongi erantzun du. Fran bera ere oso ongi portatu da gurekin.

Nolatan aukeratu zenuten Fran Perez diskoa grabatzeko? Gustura gelditu zarete?
J.C.: Katez taldearen bigarren diskoa harekin grabatu genuen, gustura gelditu eta hirugarrena ere han grabatu dugu. Bera zuzeneko tekniko izatetik bizi da eta libre duen denbora erabiltzen du estudioko lanak egiteko. Taldeekin egotea oso gustukoa du eta asko inplikatzen da. Sodaderi buruz hitz egin nionean gustuko zuela esan zidan eta hortxe sortu zen Franekin grabatzeko aukera.
G.L.: Estudioan oso gustura egon ginen, bai. Berrogeialdia bukatu zen, kakotx arteko askatasuna ailegatu zen eta estudiora joan ginen hirurok. Han lo eta dena egiten genuen eta esperientzia oso polita izan zen.

Diskoaren azalari buruz zer esan dezakezue? Esanahi berezirik al du eta nork egina da?
G.L.: Ibon Azpirozi, gure lagun artista bati, taldearen izena, kantuen izenburuak, letrak eta abar eman genizkion eta horrekin nahi zuena egitea proposatu genion. Berak esplikatzea egokiagoa litzateke baina gutxi gorabehera, sodaderen nostalgia edo malenkonia hori ardi larruarekin lotu zuen, ardi larruak Euskal Herrian izan dituen esanahiekin, dela beroa, dela dirua…
J.B.: Inauterietan ardi larrua ibiltzeak daukan pikareskarekin ere erlazionatu zuen.
G.L.: Hasiera batean ordenadorean egindako diseinu bat zuen baina definitiboa serigrafian egin zuenean izan zen, kartulinan eta kolore batzuekin. Diskoa geneukanean zera gertatu zitzaigun, Internetera igo nahi genuen baina ez geneukan diseinurik euskarri digitalean, eskuz egindakoa baitzen.

Ez gara diskoko kantuak banaka aztertzen hasiko, baina azpimarratzekoa iruditu zait kantuen izenburu askok duten kutsu pesimista: “Atzeraka”, “Antiexistentzia”, “Kristalaren atzen”, “Ulertzen saiatzen”…
G.L.: Hitzak nik egiten ditut, baina ez dut pentsatzen diskoaren osotasunean letrekin zer esan nahi dudan. Gainera hasiera batean ez nien inportantzia handirik ematen letrei; kantu batek ongi sonatzen bazuen, etxean buelta askorik eman gabe zerbait pentsatu eta horrela gelditzen zen letra. Egia da denbora aurrera joan heinean nire idazteko modua hartzen ari naizela eta orain gauzak esan nahi ditudala. Pesimismoarena, ez dakit, egia da ez zaidala gustatzen kanta bat akorde maiorrekin eta letra alai batekin janztea, nirea ez da letra alaiak idaztea, baina ez da horrela pentsatu dudalako izan.
J.B.: Eta letrak ez dira zehatzak, interpretazio desberdinak egin ahal ditu batek edo besteak irakurtzean.
G.L.: Eta eskerrak…

Izenburuekin jarraituz, “Des(i)n(h)ibitzen” kantuaren atzean zer berezirik al dag0?
G.L.: Goreti Zubillaga gure lagun batek egindako letra da. Kantua sortu eta entsegu batean grabatuta bidali genion ea horrekin zer bururatzen zitzaion eta krixton letra traszendental eta sakona bidali zigun, baina, egia esan, ez dut behin ere hitz egin Goretirekin haren esanahiari buruz.

Zein beste laguntzaile edo kolaborataile izan duzue diskoan?
J.B.: Markel Barriola Katez taldeko abeslarietako batek koru batzuk egin ditu eta doinuarekin asmatzen ez genuen kanta batean lagundu digu.
G.L.: Estudioan ginen eta “Ulertzen saiatzen” kantuan abesten nuenak ez zuela funtzionatzen ikusita, Markeli esan genion. Kantuaren puska hori bidali eta zer eginen lukeen galdetuta, bidaltzen zuen guztia urrea zela ikusi zenuen; estudiora etorri zen eta istant batean korua abestu zuen. Lekunberriko Xabi Zabak ere, Katezekin tekniko bezala ibiltzen denak, esku bat bota zigun gitarraren bat grabatzen eta oso kontent gelditu nintzen. Laguntzetan Zapa ere sar daiteke, zeren hasierako entseguetatik ikusi gaitu eta beti iritziak ematen eta guri laguntzen ibili da.
J.B.: Laguntzaz hitz egiten hasita, CDa eskuz egin da eta ez ditugu guztiak guk hirurok edo Ibonek egin, jendea atzean egon da lana egiten. Beraz, diskoa ez dela gurea bakarrik esan daiteke, eta hori crowdfundingaren bidez edo egiterako momentuan bultzatu dugu.

Diskoaren aurkezpen kontzertu bat ere eman zenuten. Nola joan zen eta zer plan duzue etorkizunerako?
J.C.: Gauza da diskoa atera nahi genuen datan ezin izan genuela atera koronabirusaren asuntoagatik. Azkenean dena atzeratu, eta atera dugun momentua ere ez da egokia izan, baina ezin izan dugu gehiago itxaron, crowdfundinaren kontua dela eta. Behin diskoa aterata, Leitzan kontzertu hori jotzeko aukera atera zen eta pixkat tristea izan zen, gure aldetik oso gustura eta asko disfrutatu genuen baina jende guztia eserita hotza pasatzen ikustea, lau salto ezin emanda, bajoi puntu bat ematen zuen tarteka kontzertuan barna.
G.L.: Zero gradu, elurra kanpoan, giro hezea, dena bustia, kriston hotza…
J.C.: Jendeari begiratu eta zera pentsatzen nuen, gu hemen eszenatokian disfrutatzen ari gara beroan eta ikusle gaixoak hor daude hotza pasatzen gu ikustearren.

Hori agian zuen sentsazioa izanen zen, zeren jendeak kontzertuak ikusteko gogoak baititu.
J.C.: Bai, hori bai, eta demostratu zuen. Bi kontzertu zeuden karpan eta jendea hantxe, aforoa ia beteta.
J.B.: Eta orain guk jotzeko gogoa eta ezina daukagu. Egoera honetan izen handiko talde bat ez bazara ez duzu diskoa aurkezteko aukerarik izanen, gu bezalako talde hasi berri bat biluzik dago horretan. Nahia badugu eta prest dago emanaldia, baina ezina dago, ezezagunak gara, berriak gara.

Koronabirusaz hitz egiten hasita, nola ikusten duzue kontua? Noiz uste duzue hasiko zaretela kontzertu batzuk ematen? Edo beste disko bat grabatuko duzue ordurako?
G.L.: Gu negazionistak gara zentzu horretan, beste diskoarena posibleagoa izanen da kontzertuak ematearena baino. Badauzkagu kanta batzuk diskoan sartu ez zirenak, gero kanta gehiago egin ditugu eta tanteatzen ari gara, geldirik ez gaude.
J.B.: Ez gaude geldirik ez, ezin dugu publiko aurrean deus egin baina etxeko lanak pixkanaka egiten ari gara eta egoerak horrela jarraituz gero urte bukaeran zerbait berria izan dezakegu.
J.C.: Ni optimista naiz, nik uda alderako uste dut kontzertuak problemarik gabe emateko aukera egonen dela, musukoa eta horrelakoekin baina aukera izatea gutxienez.
J.B.: Bai, ni Julenekin nago, uda alderako aldatuko delakoan nago.
G.L.: Ze optimistak…

“Ez gaude geldirik ez, ezin dugu publiko aurrean deus egin baina etxeko lanak pixkanaka egiten ari gara eta egoerak horrela jarraituz gero urte bukaeran zerbait berria izan dezakegu”

Koronabirusa aldera batera utziz, demagun 2019an gaudela: nola ikusten duzue Euskal Herrian rockaren inguruko eszena?
J.B.: Nik berritzen ari dela ikusten dut, lehen punka eta heavya zegoen bezala orain zabalagoa dela iruditzen zait.
J.C.: Nik Euskal Herrian maila izugarriko talde pila dagoela ikusten dut, musika egiteko talentu handia eta disko ikaragarriak ateratzen direla. Askotan gure artean hitz egiten dugu talde honen edo haren diskoari buruz eta flipatu egiten dugu entzutean baina Uoutubera joan eta 600 ikustaldi dituen bideoa dago. Kontua da musika egiten ez duen jendeak taberna eta horrelakoetan entzuten den musika kontsumitzen duela, lehen plazak bete egiten ziren nahiz eta ezaguna ez zen talde bat izan. Gaur egun plazak hutsik eta tabernak beteak daude.
G.L.: Eta gauza oso bideratuta dago talde handietara, Berri Txarrak, Gatibu eta talde potolo horietara. Bi joera ikusten ditut: alde batetik, punk bertsioak egiten dituzten taldeak eta talde potolo horiek, jendeak ongi pasako duela aseguratzen dutenak; eta bestetik, ildo alternatiboagoan antolatzen saiatzen den joera zabala ere hor dago, Gipuzkoan, Donostian eta inguruan, adibidez, gehiago mugitzen dena. Gu, hemen, Nafarroako iparraldean gaude eta kontzertuak antolatzen diren leku hurbilena Tolosa dugu, eta askotan Donostiara edo Iruñeara joan beharra dugu kontzertuak ikusteko.
J.C.: Herri txiki batekoak izatea desabantaila handia da. Eta tristea da ere ikustea euskal prensak ez duela asko bultzatzen. Guk, adibidez, Pleura taldearekin diskoa atera berri dugu eta Madrileko, Valentziako, Asturiaseko edo Vigoko prentsan kritikak, onak zein txarrak, jaso ditugu; Euskal Herriko prentsak baino gehiago hitz egiten du guri buruz. Hemen berriz, ETB edo Gaztea jarri eta Gatibu, Zetak edo Berri Txarrak entzungo duzu baina gutxi gehiago.

Eszena alternatibo horren haritik jarraituz, gaztetxe edo horrelako areto batera joan eta duela 15 edo 20 urte ikusten nuen jende berbera ikusten dut. Giro horretako kontzertuetara joaten den jendearen adina zahartu egin dela iruditzen zait.
J.B.: Hori ere komentatu nahi nuen, oraingo gizartea eta, batez ere, gazteak ez daude lehen bezala zuzenekoetara joateko prest, beraz kontsumizioa ez da zuzenekoa. Trapa, hip hopa eta musika elektronikoa, adibidez, etxeko lanak dira eta oso zail ikusiko duzu horien zuzeneko bat. Eta hala ere, gehiago kontsumitzen da zuzenekoa baino.
G.L.: Gauza da kontsumitzeko modua aldatu egin dela, lehen kasete bat lortzen zenuen eta hori zen entzuteko zeneukan musika,. Orain berriz, eguneko 15 kanta berri entzungai dituzu klik baten bidez eta bukatu baino lehen aldatu egiten dugu.

Diskoa ere euskarri fisikoan galtzen ari da…
J.B.: Nabarmen. CDa banatzerakoan jendeak ea Spotifyn noiz jarriko genuen galdetzen zigun, ez zeukalako CDa entzuteko aukerarik.

ETIKETAK:Berri TxarrakFran PerezGaizka LeizaGatibuIbon AzpirozJokin BaucisJulen CeballosKatezLeitzaSodadeZetak