2026.11.07
Misterio kutsu batekin itzuli da Dupla taldea. Duela hilabete inguru iragarri zuten Gari Uriartek eta Beñat Oribek (Agurain, Araba, 1994) urtebeteren ondoren bueltan zirela. Geroztik, asteazkenero 20:00etan abesti berri bat atera dute. Abesti bakoitzak proiekturako propio sortu duten istorioaren atal bati egiten dio erreferentzia. Gaur, BERRIAren webgunean entzungai da taldearen laugarren abestia: Bizikleta bat. Abesti guztiak disko batean bilduko dituzte, eta Maskarada deituko diote lanari. Bi musikariek, orain arte kaleratutako abestietan, kritika zorrotza egin diote bai gizarteari, baita euren buruari ere.
BEÑAT ORIBE: Aritu gara gauzak egiten. Lana egin dugu, desberdin; atzeko lan gehiago egin dugu, baina polita izan da. Azkenean, urtebete pasatu dugu konposatzen, bideoak prestatzen, ideiak pentsatzen, gidoiak egiten… Gustura gaude esku artean daukagunarekin, eta gogotsu gaude hurrengo fasera pasatzeko.
GARI URIARTE: Hasi ginenetik ez ditugu gauza normalak egin, eta gure izaeraren parte da horrela lan egitea. Kasu honetan, azken momentuko erabaki bat izan zen. Hasieran promozio klasikoago bat egin behar genuen, baina musikak txibatu zigun gure diskoak dinamika hau eskatzen zuela; osotasunean ulertu behar baita obra. Erabaki genuen jendeak gehiago jakin behar zuela honen inguruan, diskoa benetan gozatzeko.
ORIBE: Diskoak istorio bat du atzean, urte honetan bizi izan duguna, eta abesti bakoitza epe horretan kokatzen da. Uste dugu horrela hobeto ulertuko dela istorioa.
URIARTE: Proiektu berria gure bizitzaren inguruko satira fikzionatu bat da; lehenengo pertsonan hitz egiten dugu, baina gure inguruari buruz ere ari gara.
“Musika industriaren erritmo azkarrak, batzuetan, abesti bati behar duen mimo guztia ez ematera eramaten zaitu. Abestiak pilaka eta ziztuan ateratzen dira. Nola egongo dira abesti onak abiadura horretan?”
BEÑAT ORIBE / Duplako kidea
URIARTE: Gure adinari dagozkion gaiak jorratu ditugu abestietan. Hain justu, Bizikleta bat oso satirizatua dagoen abesti bat da. Denok ulertuko dugun gai bat da: adin jakin bateko mutil bat, bizikletan asko ibiltzen dena. Gure inguruan horrelako asko ikusi ditugu.
ORIBE: Gu ere puntu horretan gaude.
URIARTE: Guri buruz doa abestia, eta, aldi berean, ez doa guri buruz. Profil jakin hori deskribatzen saiatu gara. Jendeak pentsa dezake: “Nire bizilaguna da”, “nire lehengusua da” edo “ni neu naiz”.
ORIBE: Azkenean, zergatik gara hain kritiko? Nostalgiatik dator: apur bat Peter Panen sindromea da; zahartu nahi ez izate hori. Nire ustez, hortik datoz jokamolde hauek, eta bizitzeko erabaki hauek. Horregatik erabaki genuen umeak sartzea; Arabako Lautadako haurrak dira abestian entzuten direnak.
URIARTE: Hor berriro ere gu agertzen gara. Gu geu egon izan gara gimnasioan, igande batean sentadillak egiten, eta pentsatu izan dugu: “Zergatik ari gara hau egiten?”. Ez dakigu oso ondo zergatik, baina hor gaude. Derrepentean gimnasioak taberna bihurtu dira. Larunbatetan gimnasioak beteta daude, eta tabernak hutsik. Horren inguruan abesti bat egin behar genuen.
URIARTE: Guk jada etxe bat daukagu [Dupla proiektuaz ari da], lortu dugu, eta orain beste bat nahi dugu; ez gara konformatzen. Bizitzan gauza asko lortu ditugu, eta inoiz ez da nahikoa. Diskoa ahalik eta ondoen joatea nahi dugu, taldea ahalik eta ondoen joatea nahi dugu… Eta gure moduan jende asko dago. Gure belaunaldian oso presente dago hori.
ORIBE: Arrakastaren eredua nola aldatu den ikusi dugu: gimnasiora joan, gorputza asko landu… Beti gehiago behar dugu.
“Urtebeteren ondoren itzuli gara. Agian norbaitek esango luke: ‘Nola egon zaitezkete gaur egun urtebete ezer atera gabe, kontzerturik eman gabe eta sare sozialetan ezer publikatu gabe?’. Galtzen ari garela ematen du”
GARI URIARTE / Duplako kidea
URIARTE: Begira, urtebeteren ondoren itzuli gara. Agian norbaitek esango luke: “Nola egon zaitezkete gaur egun urtebete ezer atera gabe, kontzerturik eman gabe eta sare sozialetan ezer publikatu gabe?”. Galtzen ari garela ematen du. Zorionez, lantalde ona daukagu, eta bion arteko sintonia nahiko antzekoa da. Oso ondo geundela uste genuen, eta iruditu zitzaigun egokia zela deskantsu bat hartzea. Zerbait hobea egin nahi genuelako hartu genuen erabaki hori. Askotan, gurpil horretan jarraitzen baduzu, ez daukazu denborarik kalitatezko zerbait egiteko. Gure anbiziorik handiena kalitatezko zerbait sortzea da.
ORIBE: Gari eta Beñat, gu geu gara honen guztiaren protagonistak. Istorioa geure burua topatzen ez dugun momentu batean hasten da: gimnasioan, bizikleta bat erosten, kafetegi kosmopolita batean… Atal horretan, gure inguruko jendea etortzen da, bidea aurkitzen laguntzen diguna, begiak irekitzen dizkiguna, “mutilak, hau ez da bidea” esaten diguna.
Gari Uriarte eta Beñat Oribe, aurreko astean, Andoainen. JON URBE / FOKUURIARTE: Bai. Gure lagunak, gure herriko jendea… horiei esker. Zorionez edo zoritxarrez, jaiotako leku berean jarraitzen dugu bizitzen, eta Duplako kideak gara, bai, baina beti izango gara Beñat eta Gari.Urte honetan bizitza arrunt samarra izan dugu, eta, zorionez edo zoritxarrez, normaltasun horretatik ateratzeko aukera daukagu orain. Datorren urtean gora eta behera ibiliko gara kontzertuak ematen. Distopikoa den beste mundu batean egongo gara.
ORIBE: Bai, baina momentuz sorpresa bat da. Esan dezakeguna da lan hau Euskal Herrian aurkeztuko dela. Gauzak lotzen ari gara.
URIARTE: Non jo eta nola jo zehazten ari gara. Gure proiektuarekin bat egingo duen zerbait antolatu nahi dugu. Orain abestiak ateratzen ari garela aprobetxatu dezakegu, eta kontzertu baterako sarrerak atera, baina ez dugu korri egin nahi.
ORIBE: Gauzei beren denbora eman nahi diegu. Diskoa oraindik ez da atera; jendeak diskoa entzun beharko du lehenengo.
URIARTE: Musikaren friki batzuk gara, zale amorratuak. Guk badakigu egin dugunak merezi duela. Badakigu abestiei denbora bat emanez gero jendea pozik egongo dela.
ORIBE: Erritmo azkar horrek, batzuetan, abesti bati behar duen mimo guztia ez ematera eramaten zaitu. Abestiak pilaka eta ziztuan ateratzen dira. Nola egongo dira abesti onak abiadura horretan?
URIARTE: Diskoak ere hori kritikatzen du, eta horregatik erabaki dugu abestiak horrela ateratzea.