Elkarrizketa

Antton Iturbe

2023.06.21

Antton Iturbe

Soinu poesia

Elkarrizketa: Alberto Lizarralde

Ibilbide luze, oparo eta anitzeko artista, ekoizle eta editorea da Alberto Lizarralde (Donostia, 1956). Kolaboratzaile eta lagun izan dituen Mikel Laboa, Joxean Artze edota Amaia Zubiria bezalako artistak bezain ezaguna ez izan arren, hauen obra handi askoren atzean aritua da, bere maisutasun, abilezia eta bisio zabala ekarriz. Badu zer kontatua beraz…

Alberto Lizarralde musikaria, gaur eguneko irudian.

Alberto Lizarralde musikaria, gaur eguneko irudian. UNAI PELAYO

Nola ezagutu zenuen Mikel Acosta (Hegoa Diskak-eko koordinatzailea) eta zein izan zen disko hau argitaratzeko prozesua? Zergatik egon dira abesti hauek hainbeste denboraz ‘ezkutatuta’?

Mikel Facebook bitartez jarri zen nirekin harremanetan. Bere mezuan Soundcloud-ean igota nuen musika entzun zuela kontatzen zidan, ea argitaratu gabeko materialik ba ote nuen galdetuz. Disko gogorretan bilatu eta izenbururik gabeko grabaketen artean aukeratu beharko nuela aitortu nion, baina edozein erara, soinu onargarria zutenen arteko aukeraketa bat atonduko niola. Kontuan izan nire garai horretako grabazioak 4-pista batean eginak daudela eta kalitatea nahiko eskasa dela. Baina berak kantu horiek entzun bezain pronto, diskoa editatzeko aukera planteatu zidan. Grabazioak garai batekoak edo bestekoak izatea baino, musika bera zen bere interes nagusia, egia esan.

Doinu haiek egin eta askoz gerora, 2012 inguruan, hasi nintzen SoundCloud-en gutxieneko kalitate bat zuten lehen grabazioak igotzen. Mikeli pasatu nizkion abestiak ez zuten data zehatzik. Denboran kokatzekotan, kontutan izanik lau pistako aparatua noiz erosi nuen, 80ko hamarkadaren erdialdearen eta 90ko hamarkadaren hasieraren artean kokatuko nituzke. Hortik aurrera, doinuak sortzen eta lantzen jarraitu nuen, baina gero eta modu esporadikoagoan, Jazzle/Zirrara diskoetxerako egiten nuen ekoizle lanak nire denboraren zati gero eta handiagoa hartzen baitzuen.

Nola eraiki zenituen kantu hauek? Disko bat egiteko asmoa zeneukan hasera batetik edo lotura berezirik gabeko doinu sakabanatuak dira?

Mikelek izugarrizko lana egin du abestien aukeraketan. Nik 60 edo 70 grabaketa pasa bainizkion. Grabaketa horiek, nolabait esatearren, eredu musikal jakin baten inguruan lantzen nituen ikerketa moduko saioak ziren. Adibidez, Laurie Anderson artista aparta iruditzen zait eta nire erreferentzia nagusietako bat da (eta ez soilik musikagintzako arloan). Saio horien bitartez haren grabaketen soinu eta egituretara gerturatzen saiatzen nintzen. Beste batzuetan aldiz, Brian Eno izan zitekeen eredua, bere musikaren ehundurak bereziki. Badira nigan eragin handia izan duen artista bati dedikatutakoak ere, SPK taldeko Graeme Revell, hain zuzen ere. Bere Songs of Byzanthine Flowers diskoa biziki maite baitut. Aintzinako kulturen musika etnikoa eta elektronika garaikidea nahasten dituen obra ikaragarria dela deritzot.

Beste une batean, Michael Portal izan nuen eredu. Guztiz liluragarria iruditzen zait bere lana, bai konposatzaile, baita inprobisatzaile moduan ere. George Russell ere biziki miresten dudan beste konposatzaile bat da.

Laburrean esateko, ez nuen disko bat egiteko inongo asmorik. Nire bururako eraikitzen nituen “sormenerako guneak” baino ez ziren grabaketa guzti haiek.

Denboran oraindik atzerago eginez, zeintzuk dira zure lehen oroitzapen musikalak eta zein unetan erabaki zenuen musikari bilakatzea?

Musikaz inguratuta hazi nintzen. Nire aita Donostiako Orfeoiko partaidea zen eta etxean zarzuela eta opera entzuten zuen. Nire arreba, ni baino zaharragoa da eta Beatles edota garaiko abeslari frantsesen musikan sartzen hasia zen. Ez ahaztu Donostian musika aldizkari frantsesak jasotzen genituela eta Frantziako telebista kate nagusia ikusi ahal genuela, eta bide horretatik musika pilo bat sartzen zen gure etxean.

Edozein erara, nire bizitzan erabateko mugarri bilakatu zena Donostiako Jazzaldian nire arrebarekin batera ikusi nuen lehen kontzertua da. John Lee Hooker-en emanaldi bat izan zen eta nahiz eta tutik ere ez ulertu, bere gitarraren soinuak aho bete hortz utzi ninduen.

15 urteekin hasi nintzen gitarra jotzen. Ordurarte marraztea eta pilotan jolastea oso gustukoak nituen baina gitarra aurkitzearen unetik aurrera, ez nuen beste ezer egiten. Eguneko ordu guztiak praktikatzera dedikatzen nituen. Bob Dylan, Simon eta Garfunkel, Cat Stevens eta blues doinu pilo bat joz ikasten urte pilo bat pasa nituen. Baina hasera batean ez nuen musikari profesional bat bilakatzeko asmorik, ezta gutxiago ere.

Gauza da, pixka bat aurrerago, lagun batzuk elkarrekin jotzen hasi ginela eta taldetxo bat egitea erabaki genuela. Hala ere, orduan ere, bigarren mailako gauza zen guztiz niretzako. Nire interes nagusiak politikara eta gizarte mailara zeuden zuzenduta. Hala nola, Cuba eta Nicaraguako borroka politikoan murgilduta, bertan bizi izan nintzen hilabete batzuz kolaboratzaile modura.

Garai hartan, Amaia Zubiria-ren laguna nintzen. Haizearen bigarren etapan zuzenean jotzen ezagutu nuen eta egun batean, taberna bateko terrazan trago bat hartzen ari ginela, lagun batek bion artean talde bat zergatik ez genuen egiten galdetu zigun. Batak besteari begiratu eta “tira, zergatik ez?” pentsatu genuen aldi berean eta handik gutxira Juana Agurain Kolektiboa sortu genuen. Hor hasi nintzen benetan abestiak konposatzen eta konpontzen, baina musikaz, maila teorikoan, ez nekien ezer. Guztiz autodidakta naiz.

Hala ere, musika irakaslea zara, ezta?

Hala da, bai. Nicaraguako bidai horren bueltan, irakasle lagun batek aldi baterako bere ordezkari izatea eskatu zidanean sekulako sustoa jaso nuen. Orduan konturatu bainintzen irakasle izan ahal izateko musikaren egitura eta izaera azaltzeko gai izan behar zarela eta horretarako ikasi beharra neukala.

Amaia Zubiria aipatzen duzula, Elkar diskoetxeak Pascal Gaigne-rekin grabatu zuen “Egun argi hartan” berrargitaratu zuen 2021ean. Disko eta artista paregabeak biak ere.

Guztiz ados. Anekdota moduan, zera kontatuko dizut, garai horretan oso ezagunak ziren Trigo Limpio taldearen ekoizlearekin disko bat grabatzea proposatu zigutela. Diskorako entseguak egiten eta jende ezagun pilo bati parte hartzeko eskatzen eta guzti hasi nintzen baina estudioan sartzean desadostasun handi samarrak izan genituen ekoizleekin eta bertan behera geratu zen proiektua.

Orain arte gitarraz eta folk-blues-rock moduko musikaz aritu gara, baina Haizetxe diskoaz hitz egitean Brian Eno edota Laurie Anderson moduko artistak azaldu zaizkigu. Artista hauen doinuak sofistikatuagoak dira, nolabait esatearren. Zure bizitzan gitarratik teklatu elektroniko eta sintetizadoreen mundura jauzi egiten duzun une bat egon behar duela suma daiteke.

Bai, guztiz. Nire bizitzako une jakinak denboran zehar kokatu ahal izateko, garai horretan niretzako garrantzitsuak ziren diskoak erabiltzen ditut. Horietako bat Paul Horn-en Inside 2 izan zen. Disko batean eremuko grabaketak entzuten nituen estreinako aldia izan zen niretzako. Paul, AEBko mendebaldeko kostaldeko saxofonista bat da, oso soinu garbia du eta bere ibilbideko une batean, gerora New Age modura ezagutuko zen musikarekin esperimentatzen hasi zen, emaitza txundigarriak lortuz. Zoritxarrez, gerora New Age etiketa hori musika nazkagarri eta aspergarrienaren sinonimo bilakatu zen kasu gehienetan eta betirako geratu zaio zama negatibo hori.

Baina John Lee Hooker-en kontzertuaren antzera, erabateko mugarri berri bat bilakatu zen beste unea Madrilen gertatu zen handik gutxira. Ana Benegas eta Iñaki Salvadorrekin batera jotzera joan nintzen hara eta aretoko nagusiarekin hitz egiten ari ginela, bat-batean guztiei barkatzeko eskatu eta DJ-arengana korrika joan nintzen entzuten ari ginen musika norena zen galdetzera. “Laurie Anderson, Mister Heartbreak” esan zidan eta nik, “ados, musika hau behar dut” pentsatu nuen. Donostiara bueltatu bezain pronto diskoa erosi nuen. 80ko hamarkadako erdialdera jazo zen guzti hau eta nire bizitzako une oso jakin batetan harrapatu ninduen, Nicaraguako bidaiatik etorri berria, eta pertsona oso obsesiboa izan naitekeenez, Laurieren disko guztiak goitik behera entzun nituen behin eta berriro. Esperientzia horrek ate berri pilo bat ireki zizkidan.

Irratiak ere berebiziko garrantzia izan zuen. 15 urte nituenetik Radio France, France Culture, Club 44 eta aurrerago Radio 3-ek musikari eta talde txundigarriak aurkitzeko aukera ematen baitzidan.

Lizarralde, gazteagotan, soinu mahaiarekin lanean.

Lizarralde, gazteagotan, soinu mahaiarekin lanean.

Edozein erara, une horretan, agian entzulegoaren gehiengoak rock soinu gogorragoetara jotzen zuenez era honetako musika delikatua oharkabeko igarotzen zen, are gehiago, arbuiatua izateko arriskua zuen, ezta? Gainera, lehen aipatutako zoritxarreko New Age etiketa jasotzeko “arriskupean” egon zitekeen beti. Baliteke hori izatea kajoi baten gordetzera bultzatu zintuen arrazoia?

Ez. Ez da hori arrazoia. 1988 inguruan Jazzle diskoetxea eta Musika garaikideko Eskola sortu eta klaseak ematen hasi ginen bertan. Nire alaba jaio zen eta lagun ginen bi bikoteren artean Zaldibian (Gipuzkoa) etxe bat eraikitzen hasi ginen eta nire militantzia politikoak bere dedikazioa eskatzen zuen baita ere. Gauza pilo bat gertatzen ari ziren nire bizitzan eta musika egitearena, are gehiago argitaratzea (beti ilusioa egin didan arren) ez zen nire lehentasuna. Gustura egingo nukeen, izan ere hainbat lagunek animatu egin ninduten, baina ez nuen aurrera egin, eta gainera, garai hartan musika argitaratzea ez zen gaur bezain erraza.

Zer deritzozu Mikel Acosta Hegoa Disketxean egiten ari den lanari?

Lehenenik, Mikelentzat, hitz oso onak besterik ez ditut. Bere lanari zoragarria deritzot. Londresen bizi izanik, horrelako proiektu batean murgiltzea erabaki duen pertsona batekin topo egitea ikaragarria izan da niretzat. Euskal musika ia galdua argitaratzea eta berriz ere nazioarteko miran jartzea, benetan goraipatzeko gauza da. Haizetxe mundu osoko hainbat webgune eta dendatan salgai dago eta dagoeneko “sold out” horietako hainbatetan. Bigarren edizio bat prestatzen ari dira dagoeneko eta bilduma berri bat argitaratzeko aukera aztertzen ari gara ere. Sorpresa ikaragarria izan da niretzat.

Are gehiago, web horietan guztietan oso kritika onak jaso ditu diskoak eta ondo merezita gainera. Oso ederra baita.

Eskerrik asko, hori ere beste sorpresa eder bat da. Harrera on horretaz ari naiz. Ez hainbeste saldutako ale-kopuruagatik, baizik eta irismenagatik eta feedback positiboagatik diot. SoundCloud-en gauzak eskegitzean gertatu zitzaidanaren antzekoa da. Lehen kasete bat egiten zenuen eta bost laguni pasatu eta gero hor geratzen zen. Baina bat-batean musika SoundCloud-en jartzen duzu eta munduko edozein tokitatik entzuten dizute. Are gehiago, kopuru hori pixkanaka handitzen doa eta zuk miresten dituzun musikariak zurekin harremanetan jartzen hasten dira. Guzti hori ikusten dudanean, sinestezina egiten zait. Feedback hori oso garrantzitsua da niretzat. Mikelen lanari esker tirada mugatuko disko bat oso zabalduta dago. Leku oso desberdinetako jendea izango da gai objektua eduki ahal izateko. Haluzinagarria iruditzen zait. Sekulako jauzia da, eta nik izugarri eskertzen diot. Meritu handia du bere aldetik.

Nahitaezkoa iruditzen zait Joxean Artze aipatzea. Beti oso presente egon da egin duzunaren zati handi batean. Zenbateraino har zaitzakegu bere figuraren eta obraren erreibindikatzaile edo halako bozgorailu baten gisa? Mirespen handia sumatzen da, eta zuek bion arteko adiskidetasuna ere bai.

Bai, biak. Tira, hau azaltzeko istorio txiki bat kontatuko dizut. Plaza festibala martxan jarri genuenean bertan aurkeztu genuen proiektuetako bat Joxean Artzeren Oihana Auhenka izan zen, gaur ezagutzen dugun bertsioan. Baina jatorrizko idea Laurie Andersonekin beste proiektu bat egitea eta biak elkarrekin komuneko obra baten modura aurkeztea zen eta horretarako bere managerrarekin kontaktuan jarri ginen eta guzti. Eta zergatik Laurie? Nire ustez maila eta ikuspegi bereko artistak direlako, zalantzarik gabe.

Izan ere, Joxean deskubritzea John Lee Hooker-en antzeko flasha da nire bizitzan. Gutxi gorabehera 17-18 urte izango nituen, eta aurretik Laboa eta Jexuxek zuzenean egindako Ikimilikiliklik entzunda nuen. Horri esker, Joxeanen Hitzez eta Hotsez obraren aurkezpenera joan nintzen EUTGra, garai hartako nire Grundig irrati-kasete erraldoiarekin. Joxeanen lehen ikuskizuna zen, eta soinu koadrafonikoz egina zegoen, tipo batek Revox erreproduzitzaile batez baliaturik delay efektuak egiten zituen, proiekzio bisualak erabiltzen zituen… puff, ez daukat hitzik harrek nigan izan zuen inpaktua azaltzeko. Eta, ondoren, bere Gizon haundia da mundua, eta mundu ttikia gizona (1988) estreinako disko zoragarriaren soinu-erreferentzia iritsi zitzaidan. Oihana Auhenka-ren ediziotik aurrera, orain atzera begira jarrita bere inguruan egin ditudan hainbat lan Ikimilikiliklik JA Artzeren Unibertsoa instalazio audiobisualean eta San Telmo museoan bere heriotzaren ondoren egindako omenaldian bateratzen direla esan daiteke.

Zure beste fazeta interesgarri bat liburu editorearena da, 3e Argitalpenak-en koordinatzaile nagusia izan baitzara, Artzeren beraren liburuak editatuz gainera.

Ikimilikiliklik grabaketa berrezarri genuenean, edizioa Joxeanen testuekin batera egiteko asmoa genuen, baina azkenean ez zen posible izan, ez baitziguten baimenik eman eta hor geratu zen dena. Baina, zorionez, egindako lan guzti harri esker bere testu argitaragabeen edizioa egin ahal izan genuen. Hala nola, Laino guzien azpitik eta Sasi guztien gainetik. Mikelek orain nirekin egin duen argitarapenaren antzeko moduan, azken batean.

Eta bai, egia da Joxeani buruz aritzen naizenean, aldarrikapen hitza letra larriz esaten dut. Benetan sortzaile handia da niretzat, eta hori esaten dudanean, hainbat eremu hartzen dituen pertsona polifazetiko bati buruz ari naiz. Joxean Artze idazle eta txalapartaritzat hartzen da normalean. Eta nik diot, ez, Joxean Artze, idazlea, txalapartaria, eta nahiz eta agian gehiegizkoa irudituko zaizun, multimediatzat har daitezkeen ikuskizunen sortzailea da. Hala da, ikuskizun erabat multimediak ziren bereak, eta baliabide gutxirekin egindakoak gainera, zorrotzak, baina izugarri sortzaileak. Eta, harrigarria bada ere, normalean izendatu ere egiten ez den bere beste alderdi miresgarri bat, soinu-sortzaile artistikoaren fazeta da.

Jendeak ezer ez daki honetaz. Joxeanek plazaratu zituen bi diskoak, poesia hutsa direla uste du gehiengoak. Eta ez, ez da hori ezta gutxiago ere, edo ez da soilik hori behintzat. Mundu mailako testuinguru batera eramaten baditugu, Spoken Word moduan ezagutzen den estiloan sailkatu beharko genituzke ziurrenik. Disko hauetan bere hitzak, eremuko grabaketak eta era guztietako soinu bitxiak benetako artista baten modura nahastu eta moldatzen ditu collage baten moduan.

Hala da, eta bide horretatik Artzeren lana Laurie Andersonenarekin edota David Toop moduko artista handi ospetsuenarekin parekatzea eramaten gaitu.

Eta horregatik diot disko hauek beste goi maila batean kokatzen ditudala. Bi arrazoi nagusi ditut hori esateko, alde batetik Joxeanek sortzen duen soinu-girotzeagatik, eta bestetik, beste faktore oso garrantzitsu batengatik. Begira, barkatuko didazu baina nik ezin ditut jasan errezitatzera mugatzen diren poetak. Baina Joxean poeta eta musikaria zen aldi berean. Konturatzen bazara, ahoskeran jarraitzen duen pauta erritmikoa oso zaindua dago, sinestezina da zein ondo lantzen duen alderdi hori. Bere testuak modu jakin batean barneratzeko aukeratuak daude. Arretaz entzutea esperientzia sakona da.

“Hitzak ezin duenean esateko guztia esan,, musika datorkio laguntzera; musikak ezin duenean gehiago, olerkiaren txanda: bat baitira hitza eta musika olerkian” Joxean Artze

ETIKETAK:Alberto Lizarraldeelkarrizketa