2026.03.24
Ibai Silicato eta Xabier Barrutiak 2018an sortu zuten Silitia taldea eta gaur arte hiru LP eta beste hainbat grabaketa digitaletan barreiatuta halako pop-punk-rock-electrodance nahasketa eszentriko, umoretsu, bizi eta freskagarriz astindu gaituzte bere musikara eta iruditeriara gerturatu garen guztioi. DIY kutsu eta jarreran beti, eta entzulea kitzikatzeko gaitasuna inoiz galdu gabe, abestien konplexutasuna eta trebezia teknikoa lantzen eta hobetzen jarraitu dute iazko Mirari orok tapatzen zauria diskoan ederki borobildu arte. Formula sekretua aurkitzen saiatu gara elkarrizketa honetan.
1) Noiz eta nola sortu zen Silitia? Aurreko beste musika esperientziarik bazenuten? Eta hala bada zein moduan eragin izan du esperientzia horrek Silitiaren talde kontzeptua eraikitzeko garaian? Silitia nola deskribatuko zeniokete zuen musika lehen aldiz entzuten duen norbaiti?
Galdera asko! Silitia fakultatean sortu zen, Xabi eta Ibai elkartu ginenean. Xabik musika-ikasketa batzuk burutuak zituen eta bere orduko ordenagailuan musika sortzen esperientzia zuen dagoeneko. Bi lagunen ideiak uztartuz hasi zen Silitia, Xabiren etxeko egongelan. Momentu hartatik asko aldatu da Silitia, eta gaur egun laukote bilakatzen ari da, batez ere zuzenekoetarako. Silitiaren musika lehen aldiz entzuten duenari esango genioke disfrutatzeko.
2) Zuen musika poparen promesa egiturak eta ehundurak erabili eta maite eta era berean zalantzan jarri eta ia aurka egitearen arteko tentsio bat nabaritzen da. Zein punturaino da “brioche pop” tentsio horren izendapen poetiko bat? Eta era berean zuen musika brioche pop dela onartzen badu, zer motako metodologia edo metodologia eza adierazten du izenak?
“Brioche pop”-aren etiketa, azken finean, etiketengandik urruntzeko eta era berean hurbiltzeko erabiltzen dugun gako moduko bat da. Gure lagun min batek esan zigun behin, erdi brometan, brioche ogiak duen mantekilla-kopuru ilegala dela eta fintasun-kutsu horri erreferentzia eginez, Silitia ogi mota hori dela. Hasieran punky-funky-elektro-euskal-rock egiten genuela esaten genuen, baina horretaz ere aspertu egin ginen. Poparenganako erakarmena beti izan dugu, baina baita frikadak egiteko ere, eta baita horiei ere pisu handia emateko burugogorkeria nahikoa ere. Egia da metodologia fintzen hasi garela eta orain lehen baino gauza gutxiagok balio digula. Adibidez: lehen DIY-agoak ginen, eta orain albumak amaitzeko estudiotik pasatu behar gara, bai edo bai.
3) Sarritan akatsa edo trebetasun eskasia poparen logikarekin lotzen duzue elkarrizketetan. Zuen praktikan, akatsa konposizio-estrategia bihurtzen dela esan genezake? Hau da, akatsa aurkitzen duzuenean, mantendu edo zuzentzen saiatzen zarete? Posible da akatsa bera estilo bihurtzea?
Akatsen auziak zerikusia du momentuarekin, zuzenekoarekin, inprobisazioarekin eta bat-batekotasunarekin, batik bat, eta gu horiekin guztiekin oso ados gaude. Anariri entzun diogu album bat dela momentuan ateratzen den argazki bat, norberaren isla, edo. Guk ere horixe uste dugu: momentua islatzen badu, lan interesgarria egiten ari gara. Eta uste dugu, askotan, akatsetan gehiago agertzen garela gu geu. Batzuetan, ordea, akatsak ez du funtzionatzen. Kantetan sartzen dugun edozerk guri klik egin behar digu eta zerbait artikulatu behar du gure unibertsoan, gure musikan, kanta horrexetan. Beraz, kasuz kasu: abesti batzuk era natural eta bat-batekoan irteten dira, akatsak barne, eta beste batzuk oso zerebralki eta akatsak zuzenduz. Baina bai, gu betiere ahalegintzen gara esna egoten eta detaile guztiei erreparatzen: agian kanta oso bat dago akats baten atzean.
4) Ironia eta umorea sarri agertzen dira zuen diskurtsoan, baina zuen kasuan umore babes-mekanismo bat da, kritika modu bat, edo sormen-erreminta bat? Hirurak batera, agian? Silitia inoiz talde serio bat bihurtzeko asmorik duzue?
Euskal musikan seriotasun gehiegi dago. Epikoegia da dena. Ez gara hain garrantzitsuak, kontzertu bat ordutxo bat da eta ondo pasatu behar dugu, besterik ez, bai guk bai publikoak. Horrek ez du esan nahi lana ez dugunik serio hartzen… Guretzat oso garrantzitsua da gauzak ahalik eta finen egitea, ahalik eta interesgarrien, dibertigarrien. Orain taula gainean laukote izatea horren ondorio da: serioski lan egiten dugu musika biziagoa eta umorea finduagoa izan daitezen.
5) Esan izan duzue deseroso sentiarazteko musika egiten duzuela. Zein nolakoa da deserosotasun hori? Estetikoa, politikoa, entzulearekiko harremanean sortzen den zerbait…?
Musika deserosoarena esan izan digute inoiz eta hortik tiraka beharbada guk ere esan izan dugu… Baina ez da guztiz egia, noski, ez dugu noise musika egiten. Hala ere, askotan esan izan diguten leitmotiv bezalako bat da dagoeneko, pixka bat memea da. Azkenengoz, Gazteako kazetari batek esan zigun ia noizko egin behar genuen euren irratian ipintzeko moduko kanta bat. Asko dauzkagula erantzun genion…
“Hala ere, Silitia 2018an jaio zen eta harrezkeroztik guk nahi dugun musika egiten jarraitzen dugu. Beharbada gaur egun Euskal Herrian egiten den musikak elastikotasun handiagoa du orduan baino, edo musika ezberdin gehiagok dute lekua”
6) Performantziaren osagaiak pisu handia du zuendiskurtsoan. Zuen musikaren soinua bakarrik entzuten denean? Zerbait galtzen dela esango zenukete? Edozein erara, zuen azken diskoan talde pop-rock “klasikoago” baten egitura, itxura eta trebezia tekniko handiago ekarri duzue. Izaera performatibo horren pisua gutxitu ala areagotu egingo du horrek? Edo beste era batera esanda art-poprock ekuazio horretan, art aldera edo poprock aldera egingo duzue gehiago?
Guk nahi dugun musika egiten dugu eta horrekin datorren eszenaratzea ere lantzen dugu. Baina musika egiten dugu eta horrexetan sartzen dugu indar gehien, musikan. Zuzenean beti izango dugu magia gehiago, bat-batekotasun handiagoa, tentsio gehiago, agian taldearen esentziaren “aztarna” gehiago. Hori ere maite dugu, jakina, baina gure unibertsoan sartzeko gure albumak leku politean eta konpainia onean entzunda nahikoa da: musika egiten dugu.
7) Zuen euskal musika genealogia jakin batean kokatzen duzue ala kontzienteki saiatzen zarete ihes egiten? Neurri handi batetan oso proiektu idiosinkrasiakoa zaretela esan daiteke baina era berean, Chill Mafia bezalako taldeek planteatu izan duten euskal musikaren berrasmatze freskagarriko olatu baten parte zaretela iradoki izan duzue edo iradoki izan dute.
Chill Mafiak album bat atera zuen eta gustatu zitzaigun, baina guk ez dugu inoiz esan frekuentzia berdinean gaudenik. Agian irakurri duzuna da musika “berri” horren olatuan sartu ginela, pandemia eta gero bizi izan genuen leherketa horren parte. Gauza ezberdinak dira. Gure sentsazioa da covid-a amaitu zenean talde asko agertu zirela, edo ginela, tartean Iruñekoek emandako bultzada horri lotuz nolabait, jakina. Hala ere, Silitia 2018an jaio zen eta harrezkeroztik guk nahi dugun musika egiten jarraitzen dugu. Beharbada gaur egun Euskal Herrian egiten den musikak elastikotasun handiagoa du orduan baino, edo musika ezberdin gehiagok dute lekua.
8) Poparen kontzeptuak oraindik ere inspiratzen zaituzte? Dagoeneko popa lengoaia baino gehiago imajinario hutsa bihurtu dela esan daiteke?
Poparen ideia bertebrala da guretzat, bai. Horri hurbildu eta horretatik urruntzean ateratzen den higidura horrek eraikitzen du Silitia. Entzule oso poperoak gara, baina sortzaile frikiak. Bigarren galderaren inguruan, lengoaiak imajinarioa eraikitzen du eta alderantziz, ezta? Ez dakit, zaila da erantzutea…
9) Zer espero duzue entzule batek berarekin eramatea zuen kontzertu batetik ateratzean?
Kamixeta eta binilo asko erostea (kar kar…).