Musika

badok

2026.01.14

badok

20 talderen proposamenek parte hartuko dute Herri Urratsen III. Maketa Lehiaketan

Bukatu da proposamenak jasotzeko epea eta azkenean 20 talderen maketak onartu dituzte Herri Urratsen III. Musika Maketa Lehiaketan parte hartzeko. Jatorri geografiko zein molde estilistiko askotako proposamenak dira. Gipuzkoakoak dira 10 proposamen, Bizkaikoak 6 dira, Nafarroakoak 2, Arabako 1 eta Lapurdi-Nafarroa Behereko beste 1. Pop-rocka da estilo nagusia, nahiz eta horien artean baden alderik ere, batzuk estilo klasikoagoetara egiten baitute, eta besteek modu berritzaileagoetara. Badira hiruzpalau bakarlari, badira reggaea ardatza dutenak, trikitia eta elektronika uztartzen dituztenak eta baita musika klasiko zein herri musikara gerturatzen direnak ere.

Talde guztiek hiruna kantu aurkeztu dituzte, guztiak euskaraz, eta BADOK atariak zerrenda osatuko du talde bakoitzaren kantu banarekin. Zerrenda hori heldu den astean egingo dugu publiko eta zabalduko dugu. Orduan hasiko da lehiaketaren bigarren fase nagusia. Epaimahaikideek 5 talde aukeratuko dituzte otsailaren 14rako. Horren ostean, eta astebeteko epean (otsailak 17-23), BADOKen, bost talde horiekin entzulearen bozketa antolatuko da. Boto bat gehiago izango da epaimahaikideekin batera talde irabazlea hautatzen lagunduko duena.

Martxoaren hasieran irabazlearen berri emango da,aurtengo  abestia aurkezteko den prentsaurreko berean. Gogoratu, proposamen irabazleak, Herri Urratsen zuzenean jotzeko aukera izango du, maiatzaren 10ean, Nafarroa-BADOK gunean.

2026ekoa hirugarren aldia izango du Herri Urratsen Musika Maketa Lehiaketak. 2024an  Lakuntzako (Nafarroa) Muga Zero punk-rock taldea gailendu zen, eta iaz, 2025ean, Karena pop eta folk-pop boskotea (Antzuola-Hernani, Gipuzkoa) suertatu zen irabazle.

20 MAKETA-PROPOSAMEN

  • Bixonte Dort (Trapagaran-Romo, Bizkaia)
  • Somak (Bilbo-Durango-Mungia, Bizkaia)
  • Eraldatzen (Azkoitia-Gipuzkoa)
  • Indigo (Senpere-Donapaleu-Donibane Garazi, Lapurdi-Nafarroa Beherea)
  • 3zur (Zarautz, Gipuzkoa)
  • Bafi (Donostia)
  • Jonu (Galdakao, Bizkaia)
  • Neu Troia (Zarautz-Donostia)
  • Ur (Azkoitia, Gipuzkoa)
  • Amaia Gajate (Donostia)
  • Txoriburu (Arteaga-Busturia, Bizkaia)
  • Markel (Astigarraga, Gipuzkoa)
  • Majada (Errenteria, Gipuzkoa)
  • NØT (Amurrio, Araba)
  • Makusai (Izurdiaga, Nafarroa)
  • Bisaiak (Iruñea)
  • 16 (Elorrio, Bizkaia)
  • GAR (Durango, Bizkaia)
  • Azax (Azpeitia, Gipuzkoa)
ETIKETAK:Herri Urrats; Musika; III. Musika Maketa Lehiaketa