2017.03.21
Hatortxu Rock jaialdiko antolatzaileek aurtengo egitaraua osatzen duten azken taldeen izenak eman dituzte ezagutzera gaur. Horien artean, besteak beste, Esne Beltza, Berri Txarrak, Su Ta Gar, Anari, Ken Zazpi, Willis Drummond, Gatibu eta Sorkun daude. Guztira, 84 taldek hartuko dute parte jaialdiaren 20. ekitaldian, uztailaren 27tik 30era bitartean, Lakuntzan (Nafarroa). Euskal Herrian inoiz egin den “elkartasun jaialdirik handiena” izango dela adierazi dute antolatzaileek.
Hainbat talderen itzuleraren testigu izango da Hatortxu Rock. Aurretik iragarritako izenei (Kerobia, Bizardunak, Inadaptats, Ekon, Ehun Kilo eta Des-Kontrol), beste bi gehitu behar zaizkie: Governors (taldea deseginda ez badago ere, kontzertu bakarra eskainiko du 2017an, Lakuntzakoa) eta El Corazón del Sapo. Halaber, Betagarrik eskainiko duen kontzertua berezia eta bakarra izango da, Obrint Pas taldeko Xavi Sarria eta Miquel Girones izango baititu lagun oholtzan. Doctor Deseo aurten ikusteko aukera bakarra ere Hatortxu Rocken izango da.
Sarrerak dagoeneko salgai daude. 70 euroren truke lau egunetako bonoa eros daiteke, kanpina barne.