Musika

Jon Eskisabel

2018.05.23

Jon Eskisabel

Abadetxe proiektua sortu dute, sorkuntza garatzen laguntzeko

Ikus-entzunezkoen mundutik datoz biak, esperientzia luzea dute dokumentaletan, telebistako saioetan edota publizitateko lanetan, baina horretaz gain musika zaletasuna partekatzen dute. Bi adierazpide artistikoak Abadetxe Sorlekua izeneko proiektuan batu dituzte Xabier Agirre soinu teknikariak eta Txabi Elkorobarrutia bideogileak. Mungian (Bizkaia) garai batean abadearen etxea izandako eraikinean “sorkuntza garatzeko inguru lasai, inspiratzaile eta aberasgarri bat” eskaini nahi diete musika talde eta bakarlariei, eta prozesu hori kantu eta bideo baten zuzeneko grabazioan jasota utzi. Agirrek berak Ni taldearekin grabaturiko abesti baten bideoa zabaldu dute egitasmoa ezagutarazteko aurkezpen gisa.

Bere esperientziatik abiatu zen Agirre proiektu honi ekiterakoan. Duela bi urte inguru Mungia jaioterrira itzuli zen eta Abadetxen jarri zen bizitzen. Inguruak lagundu zion azken urteetan bazter utzita zuen musika sorkuntza berriz hartzen eta Ni bakarkako proiektua martxan jartzen. “Inguru honek eskaintzen duen lasaitasuna eta patxada sorkuntzarako aberasgarri gertatu bazait niri, zergatik ez beste sortzaileei ere?”. Galdera horri tiraka erabaki zuen aspaldiko lagun duen Txabi Elkorobarrutiarekin Abadetxe Sorlekuari forma ematea. “Gu barrutik aberastuko gaituen zerbait egin nahi dugu, pertsonalitatea duen zerbait. Musikariak hona etorri eta etxean bezala sentitzea nahi dugu, barruko sormena garatu eta kanporatu dezaten”, azaldu du Agirrek.

“Musikari bakoitzaren nortasuna eta soinua aurkitu eta azaleratu nahi dugu, denok ezberdinak baikara”

Abadetxen grabazioak egiteko tresneria apailatu du Agirrek, “nahasketak ere bertan egin daitezke, nahi izanez gero”, baina ez dute grabazio estudioetako dinamika erreproduzitu nahi. “Estudioan perfekzioaren bila joaten da musikaria, akatsik gabeko joaldia egiten nahi izaten du, toma asko grabatzen ditu helburu horrekin, eta horrek desbirtuatzen du errealitatea. Perfekzioa ez baita existitzen, pertsonak gara, ez makinak. Akatsean dago benetakotasuna”. Horren ordez, sorkuntza prozesua eta zuzeneko momentua jasotzea interesatzen zaie Agirreri eta Elkorobarrutiari. Hortaz, Abadetxeren proiektuak ezaugarri zehatz bat du: hala kantuak nola bideoa zuzenean grabatuko dira, musikari guztiak batera joaz. “Musikari bakoitzaren nortasuna eta soinua aurkitu eta azaleratu nahi dugu, denok ezberdinak baikara”, azaldu du Agirrek.

“Momentua harrapatzea” da helburua. “Sorkuntzaren hasierako freskura eta bizitasuna gordetzen da horrela. Hau oraintxe gertatu da eta kito”. Halaber, prozesua “arintzea” lortzen da horrela. Bideoa sekuentzia plano bakarrean grabatzeko erabakiak ere, hautu estetikoa izateaz gain, helburu bera du: “taldeak komunikatu nahi duena momentu horretan bertan jasotzea eta ikusleak barruan sentitzea”, adierazi du Elkorobarrutiak. Bere azken lanetako bat hain zuzen, modu horretan egina dago, Purple Velocet taldearen “Krystal” abestiaren bideoklipa.

Agirre eta Elkorobarrutiaren hasierako planteamendua zen talde edo bakarlari bakoitzarekin kantu eta bideo bana grabatzea, baina une honetan “indar gehien” hartu duen aukera da hiru kantuz osatutako EP bat eta kantu horietako baten bideoa eskaintzea. “Zuzenean grabatzeko planteamendu horrekin, asteburu batean erraz asko osatu daiteke EP bat. Taldeak edo bakarlariak baliatu dezake gero kontzertuetan saltzeko, eta bideoa berriz, promoziorako euskarri gisa erabili dezake”. EPa euskarri fisikoan argitaratuko litzateke, Creative Commons lizentziapean, baina Agirre eta Elkorobarrutiaren buruan ez dago, oraingoz, ohiko zigilu bat sortzea. “Ez dugu zigilu bat sortuko, baina bai gustatuko litzaiguke EP bakoitzak Abadetxeren marka eramatea, diseinuan estetika bat jarraituz esate baterako. Jendeak ikusten duenean berehala identifika dezan Abadetxerekin”. Eta pixkanaka “komunitate bat” sortzea nahi lukete, “hona datorren jendea Abadetxeren parte sentitzea, eta une jakin batean, demagun, talde batek gitarrista bat behar izanez gero grabazio baterako, Abadetxeko komunitateko musikarien artean aurkitu ahal izatea”.

Informazio gehiago: abadetxe.net
Harremanetarako: abadetxe.ongietorri@gmail.com

ETIKETAK:Abadetxe SorlekuaMungiaTxabi ElkorobarrutiaXabier Agirre