Musika

badok

2023.03.28

badok

Abian da Kantok, egunero kanta bat asmatzeko BADOKen jolasa

Nahikoa dituzu segundo batzuk kantu bat ezagutzeko? Horra BADOKen Kantok jolasaren abiapuntua: euskal musikagintzan murgildu, eta, pasarte labur batzuk entzunda, egunero kantu bat asmatzea. Gaurtik abian dago.

Kantok

Jolasaren bidez ere euskal musikaren ezagutza eta erabilera sustatzea da asmoa. Erabiltzaileak sei saialdi ditu eguneko kantua asmatzeko; saialdi bakoitzean, bost segundoko zati bat entzun ahal izango du —guztira 30 segundo—. Asmatzeko, abestiaren izenburua zein den idatzi beharko du, bilatzailearen laguntzaz.

Egunero kantu bat izango du jolasak, erabiltzaile guztientzat berbera, egun osoan, BADOKen datu basean entzungai dauden 32.000 abestietako bat. Klasikoak oroitzeko, azken urteetako lanak ezagutzeko eta, batez ere, euskal musikaz gozatzeko aukera bat da Kantok. Asmatu edo ez, jolasaren amaieran kantua zein den jakingo du erabiltzaileak, eta osorik entzun ahal izango du.

Musika artxiboa, albisteak, elkarrizketak, kontzertuen agenda eta Dunbala podcasta ez ezik, jolasa ere izango du BADOKek hemendik aurrera.

ETIKETAK:Kantok