2014.06.22
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eman zion Mari Sol Bastidari Adarra sariaren ikurra —Marijose Rekalde artistak egindako brontzezko eskultura—, Viktoria Eugenia antzokiko eszenatokian. Euskal Herrian sari bera merezi duten musikari asko daudela adierazi zuen Bastidak eta Laboari emandakoa haiekin partekatu zuen. “Badakit Mikel ados egongo zela”. Halaber, musika eta dantzaren bidez Laboaren presentzia “nabaritu” zuela ekitaldian adierazi zuen Bastidak bere hitzaldi laburrean.
Juan Karlos Izagirre alkateak eman zion Adarra saria Mari Sol Bastidari. (Gorka Rubio / Argazki Press)
Iñaki Salvadorrek, Ainara Ortegak, Josetxo Silguerok eta Kukai taldeak minutu batzuk lehenago eskainitako emanaldiari buruz ari zen Laboaren alarguna. 2008an zendutako kantariaren omenezko ekitaldietan ohikoa izaten denez, Salvadorren pianoak eraman zuen gidaritza musikala. Ainara Ortegak abesturiko “Kantuz” interpretatu zuten lehenengo, ondoren “Baga Biga Higa“-ren jazz bertsioa eskaini zuten Josetxo Silguero saxofoi jotzaileak eta Salvadorrek, eta Ortega eszenatokira itzuli zen ostera, ilean lore bat jarrita —Laboak miresten zuen Billie Holidayri keinu eginez—, “Round About Midnight“-en moldaketa bat eskaintzeko, Ortegak berak Laboaren kantuen inguruan sortutako hitzekin.
Kukai taldeko dantzariak taularatu ziren ondoren, Laboaren zenbait kanturen gainean egindako koreografia eder eta ikusgarriak eskaintzeko. Errenteriako dantza taldeak Laboaren obran oinarrituriko Komunikazioa/Inkomunikazioa ikuskizuna estreinatu zuen duela zenbait urte, eta lan horretako lagin bat ekarri zuen Viktoria Eugenia antzokira. Bereziki zoragarriak izan ziren “Lizardi“-ren gainean Urko Mitxelena eta Eneko Gil bikoteak dantzaturiko koreografia, eta talde osoak Joseba Tapiaren grabaturiko “Elgeta” piezaren gainean buruturikoa.
Ekitaldiaren bigarren zatian, Delorean taldeak hartu zuen agertokia eta ildo kontinuista utzita eremu berritzaileagoetan sartu zen ekitaldia. Izan ere, bertsioen eskema ohikotik aldendu eta ekitaldi honetarako beren-beregi sorturiko konposizioak estreinatu zituen laukoteak. Konposizio horien eta Laboaren obraren arteko lotura bakarra ordea, Laboaren ahotsaren sanplerrak izan ziren (“Bentara noa“, “Kantuz“, “Dialetikaren laudiorioa“… kantuetako zati laburrak). Etenik egin gabe, 45 minutu inguruko emanaldian, iluntasunetik argitasunerako bidea egin zuen Deloreanen musikak, eta taldearen alderdirik dantzagarriena itzalean utzi zuen kutsu progresiboko giro oroitarazle eta kontenplatiboa nagusitu zen.