Musika

badok

2024.04.25

badok

Agur bira egingo du Anonyme Popular-ek

12330095

Igor Elortza eta Rafa Rueda, Anonyme Popular, Bilboko kaleetan. MARISOL RAMIREZ

Iazko urtarrilaren 29an eskaini zuten lehenengoz Anonyme Popular zuzenean, eta aurtengo ekainaren 6an emango dute azkenengoz, Bilboko Kafe Antzokian. Ordurako, berrogei bider aritu izango dira jendaurrean. “Oso gustura gaude egindako bide ederrarekin, eta esker oneko emanaldiak antolatu ditugu anonimo popular guztiokin”. Igor Elortza bertsolariak gidaturiko egitasmoa da Anonyme Popular. Rafa Rueda musikaria izan du alboan hasieratik, musikaren sorkuntza, ekoizpenean zein zuzenekoetan. Spoken word-a (“hitz esana”, Elorzaren hitzetan), musika elektronikoa, eta kronika sozio-intimistak uztartuz. 2022ko urtearen hondarrean plazaratu zuten proiektuaren izen bereko diskoa. Bederatzi kantu zekartzan diskoak, eta orain arte beste bi kantu eta bideoklip kaleratuak zituzten: Itzartu nahian, Bi bide

Orain, eta agur bira iragarri eta egindako oibilbideari errematea emateko beste kantu bat ondu dute eta bideoklipa ere osatu dute: Agian. Aiora Rementeria (Zea Mays) izan dute bidelagun, gainera.

Azken Agurrak izenburua ipini diote despedidako birari. “Bilboko Kafe Antzokian egingo dugu azkena, lagunez inguratuta, eta, despedidako hori baino lehenago, orain arte zuzenekorik egiterik lortu ez dugun bi hiriburutan ere egon nahi genuen: Gasteizen eta Baionan”. Eta, lehen-lehenik Legazpiko (Gipuzkoa) Latxartegi aretoan (19:00) ariko dira bikote modura, bihar, apirilaren 26an.

Aurrez, baina, AEBetarako joateko parada ere izango dute. Bi emanaldi izango ditzute han. Maiatzaren 2an, Washingtonen arituko dira, Marylandeko Unibertsitatearen School of Languages, Literatures & Cultures-ek gonbidatuta, ‘Another May 2’ ekitaldian. Maiatzaren 3an, berriz, poesia, musika eta performance arteak landuz urtero New York hirian ospatzen den Kerouac Festival-ean parte hartuko dute. “Berezia izango da, guretzat, hitz esanaren munduko hiriburuan Anonyme Popular aurkeztea: poesia jazzistikoa, hip hopa, spoken word-a sortu ziren hiriaren bihotzean; baita musikaren, zuzeneko ikuskizunen eta bideo-sorkuntzaren hirian. Gaur egun, hainbat hizkuntzatan adierazpide horietan diharduten artistekin, gainera”.

AGUR BIRA

  • Maiatzak 2: Washington (AEB), Amonther May 2 ekitaldian
  • Maiatzak 3: New Yorkeko Keoruak Festival-ean.
  • Maiatzak 31: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, 22:00etan.
  • Ekainak 5: Baionako Biltxoko Elkartean, 19:00etan. / Sarrerak: egunean bertan (12 €).
  • Ekainak 6: Bilboko Kafe Antzokian, 21:30ean.

Agur bira iragarri duela eta, orain arteakoaren balorazioa egin eta aurrera begirakoak zein izan daitezkeen jakiteko hiru galderatxo egin dizkiogu Anonyme Popular-eko gidariaria, Igor Elortzari:

Zer nolako balorazioa egiten duzu Anonyme Popular-ekin egindako bidearen inguruan?

Asebeteta eta pozik nago. Bertso hauek idazten hasi nintzenean, bakar-bakarrik etxean, eta neuretzat, inori ezer zor eta hitz eman gabe, honek zer eman zezakeen irudikatzen hasita, neure nahiak eta asmoak eduki arren, ez nuen hainbeste itxaroten. Hasieran, oso pertsonala zen egitasmoa, eta egin dudan urrats bakoitza ere zintzoa eta neure sentitzen nuena izan zedin gura izan dut. Eta lortu dut.

Sorkuntza bidea ezin ederragoa izan zen, Rafa Ruedarekin musika lantzen lehenengo, Kulturaz kooperatibako bideo-sortzaileekin ondoren, eta Jose Lastra soinu teknikari eta ekoizlearekin gero. Zuzenekoei begira, berriz, Alvaro Olaetxea musikaria ez ezik, Oier Zuñiga taula zuzendaria eta Gaizka Izagirre argi teknikaria gehitu zitzaizkigun. Denek eman diote asko egitasmoari, nik asko ikasi dut, eta, gainera, jende jatorrarekin eta giro onean jardun dugu.

Osotara 41 zuzeneko eskainita amaituko dugu: 29 talde osoarekin eta 12 Rafa eta biok bikotean. Azkenerako, 3.000 lagunek baino gehiagok ikus-entzungo gaituzte aurrez aurre, eta bada zerbait! Antzoki ertainetan aritu gara, eta gune txikietan ere bai, jakinik, popularitateari uko egin barik ere, proposamen arty samarra dela gurea, underground-a ez izanik ere. Garrantzitsuena da etorri diren anonimo popular horiek gustura atera direla, igarri egiten baita hori, emanaldi ondorengo komentarioen benetakotasunean eta disko-liburuen salmentan.

Eta niretzat oso garrantzitsua den beste zerbait, Barakaldotik Atharratzeraino eta Iruñetik Lezoraino aritu gara, Amurriotik edo Lesakatik pasata. Eta orain, gainera, azken agurrak egin aurretik, New Yorken eta Washingtonen aritzeko aukera izango dugu!

Zure proposamena jenderaengana iritsi dela iruditzen zaizu? Hots, spoken word-aren eta elektronikaren molde hori? Eta zeu eroso?

Ni neu oso eroso aritu naiz. Konfort eremutik atera naiz, baina neuk nahita eta jakinaren gainean. Eta azkenerako, benetan nabil gozatzen.

Rafa Ruedarengana joan nintzenerako, nahiko argi nuen zer egin nahi nuen, eta neure etxean egindako demo batzuk eraman nizkion, jakintza urri eta talentu eskasarekin eginak izanik ere. Ondoren, lan itzela egin du Rafak. Bideoei eta eszenaratzeari buruz ere banituen neure intuizioak. Lehen aipatutako artista bikainen laguntzarik gabe, ezingo nuen egin, noski, eta erabaki asko delegatu ditut, nik baino gehiago dakiten arloetan. Baina funtsezko erabakiak neuk hartu ditut.

Jendearengana iritsi den proposamen honen funtsezko ekarpena, ez dakit. Apur bat 7 Eskalerekin bezala sentitzen naiz, ondorengo Gu Ta Gutarrak-ekin sentitu ginen moduan baino gehiago. Uste dut jende musikazaleak zehazki eta euskal kulturzale berrizaleak hobeto ulertu duela bertsozaleek baino. Edonola ere, harrera ona izan du bertsozaleen artean ere; besteak beste, horregatik eta horretarako egin dugu ekoizpena eta zabalkundea Lankuren bidez.

Agur bira dela esan duzu? Behin betikoa edo lehen diskoarena?

Ez daukat ideiarik ere! Batetik, uste dut proposamenak badaukala garatzeko aukera. Bestetik, ez dut bertso-lerro bakar bat ere idatziko gorputzak eskatu arte. Hau horrela sortu zen, gogoak eman didalako eta eman didan moduan. Eta lan asko eginez, noski. Zerbait ona atera bada, konbentzituta nago horregatik izan dela. Noizbait beste zerbait egiten badugu, berdin izan dadin zainduko dut.

7 Eskaletik Gu Ta Gutarrakera eta Gu Ta Gutarraketik Anonyme Popularrera joan diren denbora-tarteak behar baditut, hamabost urte barru izango da. Ez dut brometan esaten. Pentsamendu horrekin nabil azken txanpa hau bizitzen. Beharbada halakorik ez dudala berriz inoiz egingo esaten diot neure buruari, eta ospatzeko une hauxe.

Azken Agurrak ederrak izango dira. Jende dezentek esan digu eserita ondo, baina zutik eta zerbeza batekin eskuan nahi gaituela ikusi, eta horixe eskaini gura diogu geure buruari ere!

 

 

ETIKETAK:Anonyme Popular