Musika

Maialen Unanue

2017.12.06

Maialen Unanue

Arrastoei segika, emeki: eMe

Kasualitatez hasi zen dena, ia asmorik batere gabe. Horrela sortu zuten eMe, «tontamentean», Haritz Harregi musikari eta musika teknikariaren esanetan. Ikastaro bat egitekoa zen Madrilen zegoen beste teknikari batekin, eta hark talde bat eramateko eskatu zion, pare bat kantu grabatuko zituztela. Zeini eskatu pentsatzen aritu zen, baina azkenean Harregik berak sortu zuen kantu bat. Bazkaloste batean grabatu zuen ahotsa Nora Izagirrek, eta Ruben Caballerori pasatu zioten, haren iritzia eskatzeko. Hura izan zen eMe taldearen hazia, eta kaleratu berri duten Beleak elurretan diskoan entzun daiteke: “Nire ahotsa eskuak”.

eMe_taldea

Haritz Harregi + Nora Izagirre + Ruben Caballero = eMe. (Jon Urbe / Argazki Press)

Emeki egin dute zazpi kantuko diskoa: izan ere, bi urte joan dira ordutik. Tarte horretan, bidean aurkitu dituzten hainbat arrastoren gurutzaketa da diskoa. Esaterako, proiektu berriak dezente du Joxanton Artze idazle eta txalapartariarengandik. Taldearen izena, eMe, harengandik dator, neurri batean. Donostiako San Telmo museoan hari buruzko erakusketa bat ikusi zutenean otu zitzaion Harregiri: «Olerki bat zegoen, ‘eme, ama, anai…’, eta antzeko hitz joko pila batekin. Asko gustatu zitzaidan, indar handia sentitu nuen. Hortxe ikusi nuen». Artzerenak dira, baita ere, “Beleak elurretan” abestiko hitzak, diskoari izena eman dionarenak. Idazlearekin hirugarren lotura: Harregiren osaba da Artze.

Bitxikeria bat izan zitekeen, baina ez da, edo ez guztiz, behintzat. Abestiek zerbait esan zezaten nahi zuten, euren interesekoak izan zitezela. Hain zuzen, arbasoek, sustraiek, haiek utzitako arrastoek taldekideentzat «zeresan handia» dute, Izagirrek azaldu duenez. Eta horregatik jo zuten Oier Guillan idazlearengana Arrastoak (Dejabu, 2014) antzezlana ikusi ostean: «Pila bat konektatu nuen lan horrekin, han esaten zirenekin». Ezagutu gabeko ama hilaren arrastoen atzetik zihoan protagonista Arrastoak-en, eta arbasoekin, haiek utzitako arrastoekin du zerikusia “Oinak” abestiak, Izagirreren esanetan; “Nire ahotsa eskuak” eta “Alde ilunak” abestien hitzak ere Guillanek eginak dira.

Xabier Silveirak idatziak dira beste hiru abestien hitzak —“Ama”, “2+2 lau” eta “Jainkoa, ahala, jabeh-a”—. Aspalditik du harremana Harregik Silveirarekin, eta askotan esan ohi zion bertsolariak talde bat egin behar zutela elkarrekin. «Egin zuen lehenengo letra “Ama”-rena izan zen, eta bete-betean asmatu zuen». Haren ustez, erakutsi izan duen itxura gogorra baino gehiago da Silveira. «Zerbait esan nahi genuelako eta gustatzen zaizkigulako jo genuen Oierrengana eta Xabierrengana, euren lana estimatzen dugulako».

Gaur-gaurko popa
Hainbat proiektutan egokitu zaie Caballerori eta Harregiri elkarrekin lan egitea. Beraz, «modu naturalean» jardun dute orain elkarrekin, elkarlanean. «Politena da ez dugula hitz egiteko beharrik jakiteko zer den gustuko duguna, eta zer ez: oso erraza izan da», nabarmendu du Caballerok. Harregik abiatu ditu abestiak, baina Caballerok bideratu ditu eta eman die forma. Etiketak ez ditu oso gustuko Caballerok, baina pop kutsuko abestiak direla uste du. Musika elektronikoa egiteko gogoa ere bazuen, eta bietatik dute zerbait abestiek. Hala idatzi du diskoaz Imanol Ubeda musikari eta kazetariak: «Ez da pop elektronikoari hertsiki lotutako diskoa. Ez da soilik synth pop. Dance lan batetik oso urruti dago. Baina badu guztietatik zerbait: gaurkotasun handiko pop musika, lau hitzetan esanda».

Nahiz eta oso gustuko izan duen beti abestea, Izagirre da hiruetan musikarekin lotura gutxien izan duena. Arropa diseinatzailea da, besteak beste, eta oso gustura dabil eMerekin kantuan. «Aurkikuntza bat izan da, oso ilusionantea: Arte Ederrak ikasi nuenean idatzi nituen bospasei kantu, baina neuretzat kantatzen nuen».

Gogo faltarik ez duten arren, ez dute kontzerturik emateko asmorik. Baten bat emango dutenik ez dute baztertzen, baina oraingoz ez dute horretarako baldintza egokirik. «Beste hiru lagun beharko genituzke, entseatu… Zuzeneko batek denbora jakin batez jotzea eskatzen du…», azaldu du Harregik. «Honaino» iritsi diren bezala jarraituko dute oraingoz, arrastoei emeki segika.

ETIKETAK:eMeHaritz HarregiImanol UbedaJoxanton ArtzeNora IzagirreOier GuillanRuben CaballeroXabier Silveira