Musika

Artxibatu egin dute Yakovlev 42 taldearen aurkako salaketa

Yakovlev 42 taldeko kideak, kontzertu batean. YAKOVLEV 42

Yakovlev 42 taldeko kideak, kontzertu batean. YAKOVLEV 42

2024ko otsailean hasi zen dena. Oiartzungo (Gipuzkoa) Yakovlev 42 taldeko sei kidek jakinarazpen bat jaso zuten, epailearen aurrean deklaratu behar zutela zioena; taldeko egungo lau kideei eta aurrez haren parte izandako beste biri iritsi zitzaien. Guardia Zibilak abian jarri zuen ikerketa bat zegoen salaketaren oinarrian; izan ere, hark ondorioztatu zuen taldearen abestien hitzetan gorroto delitua dagoela, eta “guztiz iraingarri eta intoleranteak” direla. Sare sozialen bidez eman zuen horren berri taldeak, eta hau ere gehitu zuten orduan: “Diotenez, gure ikuspegi ideologiko berarekin bat ez datozen guztienganako gorroto diskurtsoa elikatzen ari gara”.

Taldeko kideek maiatzaren 6an deklaratu zuten Donostiako Instrukzio Epaitegian. Eta Iker Sarriegi taldearen abokatuak azaldu duenez, egun hartan bertan, behin-behinean hitz horiek Internetetik ezabatzeko eskatu zuen fiskaltzak, kautelazko neurri gisa. “Guk neurri horri kontra egin genion, esanez hori ezin zutela egin”, nabarmendu du Sarriegik. Are gehiago, taldekideek BERRIAri azaldu diotenez, haiek “hasiera-hasieratik” esan zioten epaileari kontzertuak ematen jarraituko zutela, eta kanta horiek kantatzen. “Azken finean, guk oso argi ikusten genuen ez zegoela deliturik. Beraz, ez bagenuen kontzerturik ematen, eta kanta horiek kentzen bagenituen gure errepertoriotik, emango zuen onartzen ari garela zerbait gaizki egin dugula agian”.

“Enpresariak, erregea, polizia eta alderdi politikoak ez dira kolektibo zaurgarriak; beraz, ez dago gorroto deliturik hitz horietan” IKER SARRIEGI / Abokatua

Orduz geroztik, geldi egon da salaketa, eta duela egun gutxi jakin dute epaileak artxibatu egin duela kasua. Arrazoia honako hau izan dela azaldu du abokatuak: “Legeak dio gorroto delitua izan daitekeela gizarteko kolektibo zaurgarri bati eragiten dioenean —LGTBI kolektiboari, arraza ezberdinetako jendeari edo beste hainbat kolektibori—. Enpresariak, erregea, polizia eta alderdi politikoak ez dira kolektibo zaurgarriak; beraz, ez dago gorroto deliturik hitz horietan”. Taldekideek argitu dute, hain justu, kolektibo zaurgarri horiek defendatzen dituztela abestietan. “Ustezko gorroto delitu bat leporatu nahi digute guri, hain justu, autoritatea diren horiek salatzeagatik. Autoritatea ez da kolektibo zaurgarri bat. Autoritatea ezin da inoiz gorroto delitu baten biktima izan”.

Bi urte “ezjakinean” 

Aitortu dute “zaila” izan zela 2024ko martxo hura, eta beldurrez hasi zutela prozesua. “Jaso genuen eskutitza oso bortitza izan zen, baita epaitegira joatea eta epailearen aurrean deklaratzea ere”. Eta senideek bizi izan duten larritasuna ere oroitu nahi izan dute kasua artxibatu berritan. “Musika talde bat gara, baina musika politikoa egiten dugu. Gertatu izan dira horrelako kasuak, eta beti pentsatu dezakezu horrelako zerbait gerta daitekeela, nahiz eta ez eduki ez hanka eta ez buru”.

Bi urte igaro dituzte “ezjakinean”, baina adierazi dute “lasai” egon direla azkenerako: “Abokatuaren laguntza izan dugu, eta, hasiera-hasieratik, mahai gainean jarri ditugu aukera posible guztiak. Are, aukerarik okerrena ere beti izan dugu presente”. Une oro, kontzertuak ematen segitu dute, hori argi izan dute, salaketa burutik kentzea zaila izan bazaie ere. “Saiatu gara honetan ez pentsatzen, baina, azkenean, ematen genuen kontzertu bakoitzeko, norbaitek galdetzen zigun ea nola zihoan gurea. Normaltasuna bilatu nahi izan dugu”.

ETIKETAK:salaketa artxibatuaYakovle 42