Musika

badok

2019.11.27

badok

Assata taldearen lehen diskoa estreinatu dugu

Assata taldearen lehen diskoa, Dantzatu, madarikatuok!, estreinatu dugu gaur BADOK atarian. Arrasaten sortutako taldea da Assata, eta bere kideen artean Anger taldeko hiru partaide daude: Arkaitz Biain (ahotsa), Beñat Unzueta (gitarra) eta Iban Morales (bateria). Anger lozorroan sartu zen 2017an eta aipatu hiru kideok erritmo dantzagarriak eta musika beltzaren ukituak dituen proiektu berri hau martxan jartzea erabaki zuten.

assata_talde argazkia

Assatak Durangoko Azokako Ahotsenean aurkeztuko du diskoa abenduaren 8an.

Assata Shakur Black Panther Party alderdiko kideari hartu dio izena taldeak, eta diskoaren izenburuak berriz, Sidney Pollacken They Shoot Horses, Don’t They filmari egiten dio erreferentzia —gaztelaniazko bertsioan, Danzad, danzad, malditos—. Horren harira, zapalkuntza, biziraupena, espektakuluaren jendartea edota egolatria bezalako gaiak dituzte hizpide zazpi abestiotan.

Diskoa Shot! estudioan grabatu dute, Iñaki Bengoa soinu teknikariarekin, zeina diskoaren ekoizpenaz ere arduratu den taldearekin batera. Lehen single gisa aukeratutako “Salgai nago” abestian, Itziarren Semeak taldeko haize atalaren eta La Furia, Katya Martin eta Olatz Ibarluzea abeslarien kolaborazioa izan dute.

Assatak Durangoko Azokako Ahotsenea gunean aurkeztuko du diskoa, abenduaren 8an, 12:20an.

ETIKETAK:AngerAssataIñaki BengoaItziarren SemeakKatya MartinLa FuriaOlatz Ibarluzea