Musika

badok

2020.11.20

badok

Astea laburrean #19

⊕  JABIER MUGURUZAk haurrentzako kantuez osaturiko Oker (txakurra da)  diskoa kaleratu du. Iñaki Irazu idazlearekin ondutako hamar abesti biltzen ditu, eta Muguruzaren esanetan, diskoak ezaugarri nabarmenik izatekotan, «alaitasun samur eta bare bat» litzateke. “Saiatu gara umearen barne mundura iristen, sosegua transmititzeko asmoz”. Donostiako Mamusik estudioan grabatu dute, «aparteko musikariekin», Muguruzaren hitzetan: Mikel Azpiroz Rhodes pianoan, Jean Marie Ecay gitarra elektrikoan, Denis Benarrosh perkusioan (Paristik) eta ahotsen atalean, berriz, Nieves Arilla eta Muguruza bera.

jabier muguruza azpiroz

Jabier Muguruzak eta Mikel Azpirozek aurkeztu dute diskoa. (Juan Carlos Ruiz / Foku)


⊕ ENDIKA LAHAINE & HAWAIIANO KID bikotearen lehen diskoa argitaratu du Taupaka elkarteak: Xamanak. Lan honetan Endika Lahainek idatzitako hitzek gizakiaren izaera miatzen dute, eta Hawaiiano Kid-ek gehienbat eraikitako pasarte musikalekin bat egiten dute. Rap kontzeptutik abiatzen da diskoa, baina ez dio uko egiten bide berrien bilaketari: spoken wordetik down tempora, soul eta jazz kutsua duten haize instrumentuetatik Peñapardako perkusiora. Kolaboratzaile ugari izan dituzte estudioan: Birthmark Bart and Rainy Movie Mondays, Etchecoy & Likkle George, Eider Zenarruzabeitia, Charles Cooper ‘Chop’, Dj Law eta 121 Krew eta Norte Apache taldeetako kideak.


⊕ MIKEL URDANGARINek disko berria argitaratu du, Izurdeen lekua, eta lanari izenburua ematen dion kantuaren bideoklipa plazaratu du. Abenduaren 4an Azpeitiko Soreasu antzokian joko du Urdangarinek, eta abenduaren 26an Bilboko Euskalduna jauregian egingo du diskoaren aurkezpen ofiziala.


⊕ HATORTXU ROCK euskal presoen aldeko jaialdiaren egitaraua ezagutzera eman dute antolatzaileek. Aurtengoa izan Internet bidezko edizioa izango da eta ezohiko formatua izango du. Egun horretarako —abenduak 26— María Antunez, Josu Erbiti, Joseba San Sebastian eta Gorka Pastor musikariek Euskal Herriko talde ezagunen hainbat abesti eguneratuko dituzte eta hauek plazaratzeko Xabi Solano, Zaloa Urain, Tomas Lizarazu, Nerea Urbizu, Claudia Rodríguez, Lorena Aisa, Francis Díez, Idoia Tapia, Sara Zozaya, Lide Hernando, Alberto Sanzol, Hutsun, Iván Carmona eta Alex Sarduiren laguntza izanen dute. Bestetik, Zetak, Anestesia, Herdoil eta Koban taldeak eta Little Martin Selektah & Juantxo Arakama & Nikotina hirukoteak haien lan berriak taularatuko dituzte. Ikuskizuna Erika Olaizolak eta Lander Garrok borobilduko dute. Sarrerak dagoeneko salgai daude.

Web

‘Inoiz baino gehiago’ da aurtengo Hatortxu Rock jaialdiaren leloa.


⊕ KORRONTZI taldeak bere hamargarren diskoa kaleratu du, Xabier Amuriza bertsolari eta idazlearekin ondutako Koplariak (Elkar). Koplagintzak musika herrikoian duen garrantzia azaldu nahi izan du Agus Barandiaran buru duen taldeak lan honetan. Diskoarekin batera liburu bat argitaratu dute, kantu guztien hitzekin eta Amurizaren azalpenekin.


⊕ ESTI ETA MIKEL MARKEZ aita-alabek Azal berritzen diskoa plarazatu dute. Bakoitzak bosna kanta ekarri dizkio lanari, eta diskoaren sorkuntza prozesua erdibana burutu dute baina bi artistek batak bestearen kantu batzuetan ere parte hartu dute kantari eta jotzaile moduan. Poeta eta bertsolari garaikideak dira testu gehienen egileak, Mikel eta Esti direlarik bakoitza bost doinuren sortzaileak. Idazleen artean Toti Martinez de Lezea, Pako Aristi, Alaia Martin, Jon Maia edo Joseba Sarrionandia ditugu. Diskoaren alderdi musikala Arkaitz Miner eta Julen Alonsorekin landu dute lehenik, konponketak laukotean burutu dituztelarik. Biolina, biola, mandolina, akordeoia, trikitixa, pianoa, tinplea eta gitarrak aurkituko ditugu kantuz kantuko entzunaldian.


⊕ ODEI BARROSO bakarkako lehen diskoa prestatzen ari da, Ødei. 2zio taldea atsedenaldian dagoen momentu hauetan “raparen beste adar, kolore eta bpm batzuk” landu ditu Barrosok lan berri honetan.

Odei Barroso Odei


⊕ ‘OSKOLA’ musika saio berria estreinatu dute aste honetan. Gasteizko musikari talde eta abeslari berriak ezagutzera ematea da Urko Saenz de Buruagak aurkeztutako saioaren helburua. Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak sustatutako Gazte Sortzaileak bekari esker egin ahal izan da saioa. Atal bakoitzean, musika talde edo bakarlari euskaldun bat izango da protagonista. Elkarrizketak dira emanaldien oinarria, eta ordu laurden inguruko solasaldietan, musikari bakoitzak bere ibilbidea, sortze prozesua eta bere musika inguratzen duten hainbat gai jorratuko ditu; jarraian, hiruna abesti joko dituzte. Beitia izan da lehen ataleko protagonista.


⊕ ‘KANTU ESKUKADAK’ liburua argitaratu du Gaztezulo aldizkariak Olrait estudioarekin elkarlanean. 100 euskal talderen beste horrenbeste abestiren hitzak eta abesti bakoitzari Olraitek egindako ilustrazioa biltzen ditu argitalpenak. Abenduaren 4an jarriko dute salgai, baina dagoeneko erreserbatu daiteke Gaztezulo-ren denda digitalean.

Kantu eskukadak


⊕ SARA ZOZAYA “lili (reimagined)” kaleratu berri du, bere ibilbidea aldatu duen abestiaren bertsio alternatiboa, eta (I) azken EP-aren zikloa itxi du. Kantak jatorrizko gaiaren lirika eta sentimendua mantentzen ditu: nork bere burua zaintzearen eta nork bere burua aurkitzearen aldeko ereserkia etengabe mugara garamatzan mundu frenetiko batean. Coste ikus-entzunezko ekoizleak egindako bideoklipa ere zabaldu dute.

ETIKETAK:Endika Lahaine & Hawaiiano KidEsti MarkezGaztezuloHatortxu RockJabier MuguruzaKorrontziMikel MarkezMikel UrdangarinOdei BarrosoOskolaSara ZozayaXabier Amuriza