2025.12.01
Aurten ere Musika Maketa Lehiaketa antolatu du Herri Urratsek, BADOK musika atariarekin lankidetzan antolatu ere. Etzi, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera, zabalduko da epea musikariek eta taldeek euren izena eman dezaten lehiaketan, eta urtarrilaren 11ra arte izango dute horretarako tartea eta beta.
Musikariek nahiz taldeek euskaraz egindako hiruna kantu aurkeztu beharko dituzte, hori dute premisa bakar nagusia. Izena emateko QR kodigoa eskaneatu eta izen emateko orria bete beharko dute parte-hartzaileek. Aurten ere aurkeztutako guztietatik bost proposamen aukeratuko ditu epaimahai taldeak eta azken hitza publikoak izango du BADOK bidez egingo den bozketan. Saria, bestalde, Herri Urrats egunean Nafarroa-Badok gunean kontzertua emateko aukera izango da. 2026ko Herri Urrats maiatzaren 10ean egingo da, ohikoa den moduan, Senpereko (Lapurdi) aintziraren inguruan.
Urtarrilaren 11n itxiko da, hortaz, lehiaketan parte hartzeko epea. BADOK atariak zerrenda osatu, publikatu eta zabalduko du orduan, aurkezturiko proposamenen kantu banarekin. Epaimahaiak bosna proposamen aukeratuko ditu, eta ondoren, publikoak ere izango du botoa emateko aukera, zerrendan entzun ahalko dituen kantuei erreparatuta. Garaia iristen denean jakinaraziko da zein izango den bozketa sistema. 2026ko martxoaren 5ean jakinaraziko da zein izango den Herri Urratsen III. Musika Maketa Lehiaketako irabazlea. Egun horretan bertan jakinaraziko da 2026eko edizioaren abestia zein den, nork egina den, eta bideoklipa ere aireratuko da lau haizetara,
2026ekoa hirugarren aldia izango du Herri Urratsen Musika Maketa Lehiaketak. 2024an Lakuntzako (Nafarroa) Muga Zero punk-rock taldea gailendu zen, eta aurten, 2025ean, Karena pop eta folk-pop boskotea suertatu zen irabazle. Antzuola eta Hernaniko kideek (Gipuzkoa) osatzen dute boskotea.
Ea zenbat musikari-talde animatzen den aurtengoan, zer nolako musika moldeak dakartzaten, eta nor irteten den irabazle… Animatu!