2014.12.04
Euskal musika aldean eraman daiteke gaurtik aurrera Badok-en aplikazioari esker. Dagoeneko eskuragai dago Google Play eta Apple Store dendetan. Dohainik deskargatu daiteke. Aplikazioa Badok Berriaren Euskal Musikaren atariak eskaintzen duen zerbitzua osatzera dator. Badok egokitu egin da eskuko gailuetan erabilgarriago izateko, azken batean, euskarazko musika entzuleengadik eskurago egoteko.
Aplikazioaren aurkezpena abenduaren 6an izan zen, Durangoko Azokako areto nagusian. Ekitaldian, Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak, Jon Eskisabel Badok-eko arduradunak eta Pello Urzelai Berriako IKT arduradunak parte hartu zuten.
Aplikazioa merkatuko bi sistema operatibo nagusietan kaleratu da: Android eta iOS sistema operatiboetan. Apple Store-n une honetan eskura dagoen 1.0 bertsioa erabat osatu gabe dago. Eguneraketa baten bidez automatikoki osatuko da laster batean, Apple Storek 1.1 bertsioa onartzen duenean. Aplikazioa nahiko arina da: 5,9M Android bertsioan eta 6M iOS-en. Alde teknikotik, Ideable enpresak garatu du Badok-en aplikazioa.
Funtsean, Badok aplikazioak webgunearen eduki berberak eskaintzen ditu, baina telefonoetako sistema operatiboetan garatzeak ezaugarri propioak izatea dakar. Aplikazioak Badok-en atal nagusiak (Azkenak, Aldizkaria, Musikariak, Zerrendak, Zuzenean…) erabiltzeko aukera ematen du, musika entzuteko aukera eskaintzen du, baita kantuak, taldeak edo diskoak bilatzeko aukera ere. Dena den, erreproduzitzailea erabiltzeko orduan, berezitasun batzuk baditu. Erabilpenari buruzko demo labur bat prestatu dugu, Badok, Euskal musika eskuan lelopean.
Erabiltzeko oharrak
Aplikazioa irekitzean, edukiak ageri dira, azken kantu eta bideoetatik hasita. Scroll horizontalaren bidez, azken hamar kantuak eta azken hamar bideoak ikusi eta aukeratu ahal dira. Scroll bertikalaren bidez, Badok-en atal nagusien azken edukietara iritsiko da: Azkenak, Zerrendak, Aldizkaria eta Zuzenean. Goikaldean, menua irekitzeko botoia eta bilatzailea aktibatzeko botoia daude. Musikariak atalera sartzeko, menutik aukeratuz edo bilatzailea erabiliz egin daiteke.
Talde edo artista bakoitzak bere txokoa dauka, web bertsioan bezala: diskografia osoa, gehien entzundako kantuen zerrenda, biografia, bideoak eta talde erlazionatuak. Diskografiak egilearen disko guztiak erakusten ditu eta disko bakoitzak bere kantu guztiak.
Gaur egun, 428 talde edo artista, 2.075 disko eta 19.536 kantu daude katalogatuta Badok-en. Kantu guzti horietatik, 13.292 abesti daude entzungai, plaforma digital ezberdinak erabilita. Badok-en aplikazioan musika entzuteko, kantu bakoitzaren pantailatik egin behar da. Entzuteko modua soinu iturriaren arabera aldatuko da. Badok-ek honako musika iturriak erabiltzen ditu: Badok, Bandcamp, SoundCloud, Youtube, Deezer eta Spotify.
Musika iturria Badok, Bandcamp edo SoundCloud bada, kantuaren irudian play botoi berde bat agertuko da eta bertan ukituz Badok-en erreproduzitzailea aktibatuko da eta hasiko da entzuten. Aipatutako iturria duten kantuekin zerrendak osatu ahal dira, + sinboloa erabilita, eta erreproduzitzailearen bidez kantutik kantura pasa edo zerrenda ezabatu ahal da. Erreproduzitzailea kendu nahi izanez gero, zerrenda ezabatu besterik ez da egin behar.
Musikaren iturria Youtube denean, Entzun Youtuben izeneko botoi bat agertuko da eta bertan ukituz Youtuberen aplikazioa ireki eta bertan entzungo da kantua. Musikaren iturria Deezer edo Spotify bada, Entzun Deezerren edo Entzun Spotifyn botoiak agertuko dira. Horietan ukituz gero dagokion aplikazioa irekiko da, baina kantua entzun ahal izateko beharrezkoa izango da aipatutako plataformetan premium kontu bat izatea.
Azkenik, Badok aplikazioak kantuak, diskoak eta zerrendak banatzeko aukera ematen du: Facebook, Twitter, email, sms edota Whatsapp-en bidez.
2 IRUZKIN