Musika

Iñigo Astiz

2026.06.10

Iñigo Astiz

Berriz berpiztu dute Peiremans

Azaleko argazkia: Gorka Urbizu eta Imanol Ubeda, 2016an, Peiremansen diskoa aurkezten. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Realeko gizonezkoen lehen taldean izar izateko bidean erorialdia izan zuen Frederic Peiremans futbol jokalariari hartu zioten izena 2005ean. Bakoitzak bere taldearekin bizi zuen etenaldia baliatuta elkartu ziren Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Imanol Ubeda (Bide Ertzean) eta Haritz Beristain (Kashbad), eta hala sortu zuten Peiremans+. Marino Goñi ekoizlea eta Balerdi Balerdi taldeko baxu jotzailea ere batu zitzaien gero, eta bost kantako disko txiki bat grabatu zuten —Peiremans+—; zuzeneko batzuk eman zituzten, tarte batera berriz ere lozorroan murgiltzeko. 2015ean, justu taldea sortu zenetik hamar urtera, berriz elkartu, berriz bost kantako disko labur bat atera —Bigarren saria—, eta berriz kontzertu batzuk eman ondoren, berriz ere eten zuten taldearen ibilbidea. Eta orain, sare sozialetan iragarri berri dutenez, berriz ere berpiztu dute proiektua.

Aurtengo abenduan kontzertu batzuk emango dituztela iragarri dute, Halley tour deitu duten biraren barruan. Miarritzen (Lapurdi) izango da lehena, Atabal aretoan, zehazki; abenduaren 4an izango da emanaldi hori, eta, ondotik, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean (abenduaren 11n), Gasteizko Jimmy Jazzen (17an), Iruñeko Zentralen (23an), Donostiako Dabadaban (26an eta 27an) eta Bilboko Kafe Antzokian (29an) joko dute. Sarrerak gaur jarri dituzte salgai, musikaze.net/peiremans orrialdean.

kartela Peiremans taldeak aurtengo abenduan egingo duen kontzertu bira iragartzeko kartela.

Garai poperoagoak

Etenaldi moduko batean daude taldeko musikariak orain ere. Hori da Gorka Urbizuren kasua, esaterako. Bere bakarkako lehen diskoa kaleratu eta hura aurkezteko bira eskaini ostean, oraingoz, bakarkako bide hori etenda dauka.

Bueltan direla iragartzeko plazaratutako mezuan, musikariek umorez egin diete erreferentzia oraingoaren aurretik ere izan dituzten itzulerei. “Peiremans bueltan gara, hamar urtean behin elkartzeko gure ohiturari jarraituz”, idatzi dute. Eta, hain justu, argitu dute iragan aldien antzera jokatzekoak direla berriz ere: berriz berpiztu dira, bai, baina zuzenekoen ondotik “desagertu” eginen dira atzera. Edonola ere, nabarmendu dute “gogotsu” direla bira honetarako, “noiz baino gogotsuago”, eta, are, diotenez, dagoeneko hasiak dira “beroketa ariketekin”.

Bonberenea estudioan grabatu zituen taldeak orain arteko bi diskoak, eta Karlos Osinaga Txap teknikariaren laguntza izan zuen horretarako. Pop doinuko melodiak eta rock gitarrak izan dira euren proposamenaren muina. Eta, hain zuzen ere, pop musikak Euskal Herrian historikoki izan duen harrera epela izan zuen gogoan Ubedak, 2016an, taldearen bigarren disko laburraren aurkezpenean. “Lehen ere talde handiak zeuden pop musika egiten, baina egia da oso bazterrean zeudela”.

ETIKETAK:2026Peiremans +; itzulera; pop-rocka