Musika

Igor Susaeta

2023.11.14

Igor Susaeta

‘Dabilen harria’, ongi ateratako apustu bat

Bost lagun gindoazen horietako baten gurasoen Renault 12an Donostiara, Jango Edwards pailazoaren emanaldi bat ikustera. Ordurako jada identifikatzen nituen Ruper Ordorikaren ahotsa eta kantu batzuk, eta autoko irratian, auskalo zein katetan, haren doinu bat jarri zuten. Ez nuen ezagutu, baina pentsatu nuen ederra zela.  Nor da? zen kantua, labetik atera berria. Duela gutxi, irratian berriro abestia entzun ondoren pasadizo hura oroitzean, memoriaren hariak lotuta konturatu nintzen 1998ko urrian zela, eta, beraz, udazken honetan, 25 urte bete dituela bai kantuak, baita Ordorikaren Dabilen harria diskoak ere. Hanka sartzeko beldur handiegirik gabe esan daiteke hurrengo bi hamarkadetan osatu zituen lanen oinarriak, nolabait, disko harekin jarri zituela, hain zuzen.

Ruper Ordorika, 1998an. EGUNKARIA

Ruper Ordorika, 1998an. EGUNKARIA

Oñatiko musikariaren estudioko seigarren diskoa zen, eta aurrekoan, So ik’so-n (1995), jada igar zitekeen zerbait aldatzen ari zela bere soinuan. Ikasbidean dabil beti, bilaketa lanean, eta disko bat osatzerakoan harantzago doala sentitu behar du. Sasoi hartan, 1990eko hamarkadaren erdialdean, iruditzen zitzaion beste esparru batzuk bilatu behar zituela bere kantuetarako, eta, orduan, erraza egin ez zitzaion erabaki bat hartu zuen: Dabilen harria New Yorkeko jazz eta inprobisazio eszenako musikari batzuekin grabatzea. Diskoa aurkeztu zuenean, “arriskuarekin” lotu zuen egindako hautua, baina nabarmendu zuen inprobisazioa baliatu zutela “kantuaren eta giroaren alde” egiteko, “oinarrizkoaren” bila joateko. Eta oinarrizko hori da, hain justu, kantua, zeren, Bihotzerreak (1985) eta Ez da posible-ren (1990) garaian, Ordorikak jo ohi zuen taldearen moldaketetara lerratzera.

Beraz, hartutako erabakia gauzatzeko, AEBetako lagun musikariak Azkarateko (Nafarroa) Katarain estudiora etorri ziren. Ordorikak kantuaren egiturak erdi-landuta eraman zituen hara, eta aurretik entsegurik egin gabe sartu ziren denak elkarrekin grabatzera, uneak harrapatzeko eta doinuak natural jariatzeko helburuarekin. Ordorikak uste du kantuak neurria maite duela, beraz, paradoxikoa izan liteke hori ahalik eta garbien emateko ahaleginean bat-batekotasuna esparru duten musikariengana jotzea. Saiatu zen, ordea, jotzeko modu libre hori, inprobisazioaren hizkuntza alegia, bere abestietara eramaten, eta, hautua egin zuenetik mende laurden pasatu den honetan, asmatu zuela argi geratu da, aintzat hartuta, batetik, zer nolako kantuak egin dituen, eta, horren ondorioz, zein harrera izan duten estudioko bere lanek — oñatiarraren iritziz, kantua biribiltzen da entzuleak soilik eman dezakeen “oihartzuna” lortzen duenean—; eta, bestetik, Dabilen harria-n parte hartu zuten musikariek Ordorikaren beste disko askotan jo dutela.

Intuizioz, New Yorkera
Ofizioa gehiago ikasteko asmoarekin, intuizioz, Ordorikak zenbait hilabeteko egonaldi bat egin zuen New Yorken, 1990eko hamarkadaren hasiera aldera. Pentsatzen zuen musikari gisa zituen eginkizunen artean zegoela hara joatea, munduan musika inprobisazio eszena oparoenetakoa duen hirira. Esparru horretan ezagutu zituen, hain zuzen, Dabilen harria-ko eta ondorengo estudioko disko batzuetako, dezentetako, kantuak jantziko zituzten musikariak: Kenny Wollesen (bateria), Ben Monder (gitarra) eta Skuli Sverrison (baxua). Geroztik harreman estua eduki du hango musikari eta lagunekin.

Pedigri handiko musikariak ziren (eta dira), Ordorikak diskoaren aurkezpenean erabili zuen hitza baliatuz. Horren harira, 2019ko maiatzean kontatu zion Berria-ri miresten dituen musikariekin jo izan duenean egon izan dela haiei entzuten, berea egiten baino gehiago. Ibilian-ibilian, baina, ikasgai handi bat ikasi duelakoan dago: zenbat eta musikari handiagoa izan, orduan eta gutxiago sentitzen duela erakutsi beharra, beti kantuaren alde egiten duela berea erakusteko beharrik gabe. Sona handikoa da Sverrison, besteak beste, Lou Reedekin eta Arto Lindsayrekin aritutakoa, Dabilen harria-n hasi eta Haizea Garizumakoa-n (2009) eta Hodeien azpian-en (2011) ere baxua jotakoa; baita Wollesen (Tom Waits, John Zorn, Bill Frisell) ere, Ordorikaren estudioko azkeneko bederatzi diskoetako bateria jotzailea. Musikarien hautaketa horrekin lotuta, ohartxo bat: Oñatiko kantugileak 2011ko uztailean New Yorken Hodeien azpian grabatzen ari zen bitartean Berria-ri esan zionez, musikak beste indar bat du Amerikan. “Europan askoz ere apalagoa da alor askotan. Hemen pasioa da, jarrera. Hil ala bizikoa beti. Ez dago berriketarik, no bullshit, beraiek esaten duten moduan. Jo. Baina jo!”, nabarmendu zuen.

Eta Ordorikaren bost diskotan jotakoa da Monder; kantugilearen beraren esanetan, XX. mendearen amaieran bere soinua eraldatu zuen gitarrista. 2002ko ekainean Euskal Herrian kontzertu bat eman ondoren, Euskaldunon Egunkaria-n kaleratutako kronikan “etorkizunetik etorritako gitarrista” deitu zion Joseba Martin kazetariak. Egia esan, oso identifikagarriak dira Monderrek sortzen dituen atmosferak, soinu propioa dute. “Benekin [Monder] sakonera lantzen genuen batez ere, guk gehigarri harmonikoa deitzen dioguna; nola jantzi kantuak atzealde aberatsarekin, alegia”, esan zion Ordorikak Berria-ri, 2015eko otsailean.

Monder So ik so-n hasi zen Ordorikarekin jotzen —kantugileak aipatutako atzealde aberats hori ederki antzeman daiteke, esaterako, Egin kontu-ren bukaeran edo Crack (pipa bat)-en hasieran—, eta Hurrengo goizean-en (2001), Kantuok jartzen ditut-en (2003), Haizea Garizumakoa-n eta, noski, Dabilen harria-n ere parte hartu zuen. Hain justu, hori du gustukoen duen lana Ordorikarekin egin zituenetatik. Eta zein kantu du gogoan? “Beltzarana“, erantzun zion Berria-ri, 2010eko abenduan.

Dabilen harria-ko harribitxietako bat da, 15-20 urte pasatuta ere zuzenekoetan eman izan duena. Lerro zuzena non abestia ere oso ohikoa da rupertorioan —aurkezpen propioa eta guzti dauka—, eta zer esanik ez disko horretako kantu ziurrenik enblematikoena, Martin Larralde, Joseba Sarrionandiaren poema musikatua. 25 urte bete dituzte horiek, Ia egunsentia da edo Auzo trenean esanguratsuek bezala.
Ordorikak ez du bere diskoak entzuteko ohiturarik, baina 2016ko abenduan Goiena-n egin zioten elkarrizketa batean Fermin Etxegoien elkarrizketatzaileari adierazi zion elkarrizketa baten harira Nor da? jarri berri ziotela diskoko bertsioan, hamabost bat urte zeramatzala hori entzun gabe, eta bere artean pentsatu zuela: “Zer polita”.

ETIKETAK:Igor SusaetaNor da?Ruper Ordorika