Musika

Andoni Tolosa

2019.04.21

Andoni Tolosa

Disko kritika: ‘Hezurren azpian’ (Maite Larburu)

MaiteLarburuPort

Espero bezala, jostalari hasten da Maite Larbururen bakarkako lehen lana. Aurreko bi diskoekiko zubi moduko bat eraikitzen dute Hezurren azpian irekitzen duten lehenengo hiru kantuek. 2daia1″ balada akustikoa, adibidez, espeziala gertatzen da Maitek bere kantari dohainak luzitzeko. Ondoren datorren Extrasistolea” kantuaren melodia bihurriak eta bere saxo moldaketa minimalista baina eraginkorrek, berriz, gogoratzen digute puzzle musikal txikiak osatzen iaioa dela musikaria. Gero dator Gona”, aipatutako ezaugarri guztiez gain, aurreko diskoetan hainbeste estimatu diogun umore pertsonal, txiki, eguneroko hori berreskuratuz, erritmoz oparo, melodiaz alai… Uste dut hauxe izan daitekeela diskoko kanturik, esan badaiteke, Neighborrena.

Bai, artistak bere mundua du, berezia, eta lantzen, aberasten, edertzen, jarraitzen du. Horixe erakusten dute lehenengo hiru kantu horiek. Baina ez uste dena gidoiaren jarraipen hutsa denik, disko hasiera honetan ere sumatzen baitira hainbat berrikuntza. Alde batetik, euskararen aldeko hautua egin du Maitek bakarkako disko honetan, berak dioen bezala, ziurrenik, Euskal Herrira itzultzearen ondorioz. Bestalde, nabarmentzekoak dira bere bizitza musikala markatzen duen biolinaren ekarpenak, bai moldaketetan eta baita protagonismoa hartu eta gitarrarekin buruz buru ari denean ere. Tonu eta kolore ugari gehitzen dizkie biolinak kantu horiei. Artista sendoago, osatuago antzematen dugu, eta nabaritzen da diskoak aurrera egin ahala. Azkenik, ez dakit nola azaldu, baina melodiak definituagoak, zehatzagoak, ukigarriagoak dira, eta hori nabarmen agertuko da hurrengo lauzpabost kantuekin.

“Hori” balada akustiko zoragarria da, eta heldutasunez jarduten du Maitek, distrakzio gutxirekin, eta bai, barruraino heltzen zaizu haren ahotsa. Bide bertsutik, geldo eta sentikor doaz Triangeluak” eta Kamareren egia”, nolako argia duen kantu horrek; norbaitek leihoa ireki al zuen grabatzen ari zirenean? Eta zer esan Maletadun maitalea” eta Katekorratzarena” kantuez, bai, ausartu da musikaria la-la-la egitera kanturen batean, nahiz eta bi horiek aurrekoak baino bihurriagoak gertatu. 

Eta horrela hurbilduko zara diskoaren amaierara. Lan honetako kanturik borobilena iruditzen zait segidan datorren Hezurren azpian”, orain arte aipatutako guztiaren isla delako eta diskoko kanturik poperoena delako, Berdin bihurtu ginen” magikoaren baimenarekin, noski. Diskoa ixten duen Ibaiaz” kantuak ere badu melodia eder bat, eta gitarra elektrikoaren eta biolinaren arteko elkarrizketa mamitsua. Misteriotsua ere gerta daiteke kantu hori, ona disko borobil bat amaitzeko. Bi hitzetan laburtzeko, Maite Larburuk nota ederrarekin gainditu du hirugarren diskoaren azterketa.

ETIKETAK:Disko KritikakGaztelupeko HotsakKritikakMaite LarburuNeighbor