Musika

Ihintza Orbegozo

2017.10.22

Ihintza Orbegozo

Disko kritika: ‘Kalima’ (Glaukoma)

Kalima

Bigarren lan laburra 2013. urtean argitaratu zutenetik jada lau urte —luze askorentzat— pasatu direnean datozkigu Glaukomako mutilak disko luzea besapean dutela. Patxadaz hartu dute prozesu osoa, eta bitarte horretan Bad Sound Systemeko lagunekin batera lan bat argitaratu badute ere, Vol. 1 eta Vol. 2 horien ondoren ziklo bat itxi eta berri bat martxan jartzeko behar izan duten denbora hartu dute, presiorik gabe, Juantxo Arakama taldeko abeslariak BADOKen eginiko elkarrizketan esan bezala.

Reggae eta rap musika rock ukituekin nahasten ditu taldeak, eta hasiera-hasieratik lortu zuen euskal musikaren panoraman tarte bat, oraindik ere sarri entzuten dugun Haizea” abestiari esker. Bada, orain ere gerra emateko asmotan datoz, hamahiru abestiz osatutako lan borobil batekin, musikaz jendea dantzan jarri eta hitzekin kontzientzian eragitekotan. Ni neu ez naiz oso reggae zalea; rapa, aldiz, gustuko dut, baina, Glaukomaren rap aldea nahiago badut ere, asko gustatzen zait bien arteko konbinazioaz lortzen duten emaitza. Nortasun handiko abestiak eginez, haiek entzuteaz bat «oso Glaukoma» direla pentsatzen duzu. Baditut lagunak alderantzizkoa gertatzen zaienak: reggaea bai baina rapa gustatu ez arren, bien arteko nahasketa hau itzela dela uste dute. Zera berezi bat dute, eta hori argi ikus daiteke publikoan duen eraginean, euskal musikaren panoramako talde esanguratsuenetako bat izatera heldu baita; horren adierazle, diskoa argitaratu eta egun gutxira emandako lehen kontzertuan, sarrerak agortzeaz gain, bertaratutako jendetzak Kalima-ko hitz guztiak ozen abestea… aho zabalik uzteko moduko erantzuna dute jendearen aldetik.

Ez da gutxiagorako, disko benetan borobil baten aurrean baikaude. Hasierako intro-an jada nabari den atmosfera ilunak hamahiru abestietan zehar harrapatzen zaitu, baina, era berean, gorputza mugitzera bultzatzen zaitu. Hitzetan, oraingoan ere, gizarte gaien inguruan jardun dute, gaztelaniazko hitzez hitzezko itzulpena eginez, mingainean ilerik gabeko Juantxo batek idatziak, bera kezkatzen duten gaiak inongo lotsarik gabe azalduz. Txukun gobernatzen ditu etorkinen gaia, itxurakeriarena, euskal kulturaren egoerarena eta feminismoarena ere, anabasa leherkor bat sortuz. Izan ere, eta batzuk abestien errepikekin geldituko badira ere, abestiz abesti, estrofa guztietako puntu bakoitzari tarte bat eskaintzea merezi du, ez baitira nolanahikoak kritikak, eta transmititzen duen mezua zinez kontutan hartzekoa baita guztietan.

Taldearen ibilbidearen hasieratik jaso zuten errekonozimendua Tolosa, Irun eta Donostiako mutilek, baina oraingoan pauso bat harago egin dutela nabari da… heldutasuna esan dezakete batzuek, garapena beste batzuek… Baina argi dagoena da Glaukoma luzerako gelditzeko etorri dela, eta, batez ere jende gaztearengan duen eragina ikusita, pozik egoteko moduan daude. Izugarria Kalima!

ETIKETAK:Bad Sound SystemBonberenea EkintzakDisko KritikakDiskoakGlaukomaJuantxo Arakama