Musika

Andoni Tolosa

2020.12.13

Andoni Tolosa

Disko kritika: ‘Rueda’ (Rafa Rueda)

RUEDA PROMO

Abizenak bakarrik izendatzen du Rafa Ruedaren disko berria, zamaz, mamia ez denaz, adabakiz libratua bezala. Ez dela seinale txarra, pentsatu nuen kantu-bilduma lehen aldiz bozgorailuetan askatu baino istant bat lehenago. Gogoan dut lehenengo entzuketa horrek epel utzi ninduela, Rueda jaunaren kantuak egiteko era preziosista, haren edozein diskotan topa daitekeena, apalduta balego bezala; abiadura erdian, indar neurtuaz egindako ekoizpenak galgatuta bezala. Hurrengo egunean, bigarren aldiz entzutea deliberatu nuen, ordea, eta ez naiz damutzen, aitortzen baitut erabat harrapatua naukala kantu bilduma biluztu eta ziurrenik egilearen intimistena den honek. Orduz geroztik, hamaika aldiz entzunda ere, ageriko soiltasun eta apaltasun horretan ukitu, zapore, kolore, aztarna berriak topatzen baitizkiot, eta dagoeneko ezin zenbatu, bi eskuekin, egindako entzuketak. Zer gehiago eska diezaiokezu pop disko bati?

Intimismo epikoa? Xehetasunen melodia? Ez dakit, zertan saiatu definitzen mungiarraren kantuak eraikitzeko duen trebezia, orain arteko disko guztietan agertu dena, baina ez agian azken honetan adinako argitasunarekin, biluztasunarekin. Rueda faktoriako zigilua du diskoa irekitzen duen “Ihes puntua”-k, gozo-gozo kantatua, baita hurrengo “Foto zaharrak”-ek ere. Biak gitarra arpegio batekin hasten dira, poliki-poliki hazten den elektronika geruza ez nabarmenegiak bultzatuta. “Hokusairen olatua”-k areagotu egiten ditu, aurreko bietan susmatutako pop elektronikoarekiko ziaboga (Blue Nile estiloan, hori poza). Eta hori gutxi balitz, vocoderrak moldatzen du kantariaren ahotsa hurrengo kantuan: “Zahartzeko modurik onena”. Ados, bale, elektronikak eta musika akustikoak primeran egin dezakete bat, nahiz eta bide hori gehiegitan ez den jorratu gurean; finezia, sena eta kantu onak baino ez dira behar.

Kantuak aurrera joan ahala, konturatuko zara disko honen hanka bat Ruedaren konposizioak, kantak, ahotsak badira, bestea Jon Agirrezabalagaren marrazki, giro, ukitu elektronikoak direla. Nabarmen, berriro, “Neguko langileak” eta “Bide erdian” kantuetan, azken hori delarik pop aldera gehien egiten duena, lelo argitsu eta kutsakorra barne. Baina kantu bat aukeratzen uzten badidazue, “Leun bazatoz” aukeratuko nuke, hori melodia puska! Bitan saiatu behar izan dut besoa altxatu eta txiskeroa pizteko gogoa apaldu ahal izateko; balada puska. Erritmikoki bihurriena den “Zerua bakarrik da” kantuak ixten du diskoa, eta kito, akabo… laburra egin zait, jar dezadan berriro. Gozo-gozo kantaidazu berriro, Rueda jauna.

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakRafa RuedaZART