Musika

badok

2020.03.13

badok

‘Dunbala’ podcast-a estreinatu dugu

BADOK atariaren Dunbala podcast-a estreinatu dugu gaur. Hamabostean behin, euskal musikari begiratua emango diote Eneritz Furyak eta Jagoba Salvador podcastaren gidariek. Biak ala biak musikariak dira eta gertutik jarraitzen dute Euskal Herrian egiten den musika. Diskoak, kontzertuak eta musikaren inguruko beste hainbat ikuspuntu izango dituzte solasgai saio bakoitzean, Donostiako Ttan-Ttakun irratiaren estudioan.

Jagoba-Salvador-Eneritz-Furyak

Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak, ‘Dunbala’ podcastaren gidariak.

Lehen saioan, Elkarrekin egon ginen topaketa izan dute abiapuntu. Otsailean ehundik gora emakume musikari bildu ziren Gernika-Lumon (Bizkaia), norbere errealitatearen inguruko hausnarketak eta esperientziak partekatzeko. Eneritz Furyak ere bertan izan zen eta berak ikusi eta entzundakoa azaldu du saioaren lehen minutuetan. Ondoren, emakume gazte baten proiektua izan dute hizpide, Paule Bilbaoren Arima taldearen zuzenekoa komentatu baitu Jagoba Salvadorrek. Keu Agirretxearen ‘Lagunak, ura eta bakea’ proiektuaz ere mintzatu dira —Agirretxearen beraren hitzak jaso dituzte—, eta musika esperimentalak bete ditu hurrengo minutuak, Testura eta Verde Pratoren disko berriak direla eta. Azkenik, Liher taldearen Hemen herensugeak daude diskoko “Teloia” abestia aukeratu dute lehen saioaren oihala jaisteko.

BADOK-podcast-dunbala4

Dunbala podcasta hamabostean behin aireratuko da, ostiralean, eta BADOK atarian ez ezik, Berria.eus atarian, Ivoox, Spotify, Apple Podcasts eta Google Podcasts plataformetan entzun ahal izango da. Dunbala-ren bidez bi astean behin elkarrekin egoteko gonbita egiten dizuegu.

ETIKETAK:ArimaDunbalaEneritz FuryakJagoba SalvadorKeu AgirretxeaLiherPodcastakTesturaVerde Prato