Musika

Edertasun erradikal bezain hipnotikoa

Bi emakume bakarrik oholtzan: lehendabizi Saguxar, Verde Prato ondoren. Tempo leun eta geldoak, biek; erritmo sarkor eta ameslariak, egitura etereoak; eta, batez ere, edertasunaren kontakizun hipnotikoa. Iluntasun samur batetik argitasunerako bidaia da bi musikariek Tolosan emandako kontzertua.

Verde Prato, Tolosako Leidor Antzokian, urtarrilaren 30ean.

Verde Prato, Tolosako Leidor Antzokian, urtarrilaren 30ean.

Ez zen ikusten nuen lehen aldia, baina inoiz ez bezala harrapatu nau. Duela hilabete izan zen Verde Pratoren kontzertua, urtarrilaren 30ean, ostiralarekin, Tolosako Leidor Aretoan (Gipuzkoa), eta ordutik barruan darabilkit gozamen ezti bat.

Saguxarrekin egin dugu iluntzetik gauera salto, berak jo baitu Verde Pratoren aurretik. Ezezagunak alertan jarri ohi gaitu, baina Saguxarrek ezaguna den horretatik nabigatzeko gaitasuna du, bestela gainera: sentikor, patxadaz. Sortzen duen giroarekin  karga handiko laino bat airean eusteko eta hegaka zeharkatzeko gai da.

Lehendabiziko kantutik, naturatik oso gertu dagoen anbiente giroa sortzen du, eta fikziozko eszenatoki batera zaramatza: baso ilun batera.  Saguzarrak soinuaren bitartez gidatzen dira, eta Saguxarrek ere ultrasoinuak igortzen dituela dirudi, oihartzun egiten dutenak eta iluntasunean ikusteko aukera ematen dutenak.

Zertxobait bai, baina gaua ez zen askorik argitu. Dena den, elkar osatzeaz gain, iluntasunean ikus daitekeela eta ederra izan daitekeela berretsita geratu zen. Izan ere, edertasunez harilkatuta, paisaia sonoro eta bisual batera bidaiatzeko gonbita da Verde Prato. Loop eta beats artean inor topatuko ez duzun hondartzan itsasertzetik paseatzea da; neguko eguzki izpitan kresalak tarteka dakarren ur gazia dastatzea. Hori guztia Leidor aretoko butakatik mugitu gabe.

Antzoki handia da Leidor: 800 eserleku. Oholtza ere handia da, bere neurrira egindakoa dirudien arren. Horretan, Sahatsa Jauregik egindako eszenografiak laguntzen du. Babestu moduan egiten baitu, kiribildu. Bestela ere eszenatoki hori habitatutakoa da, eta nabari da. Etxean ari da jotzen; etxean dago, nolabait.

Sutil agertu da apenas argiztatuta dagoen oholtzara. Guztiak zabaltzen dizkio ateak irudimenari. Iradokitzailea da proposamena. Pauso irmo eta goxoak emanez hartu du oholtzaren erdia. Fokuak, klak, argiztatu du. Bi piezatako jantzi zuria darama. Argia baino ez du igortzen, aire purua.

Myriam Lizarralde herrikideak egiten dizkio estilismo lanak, eta bi piezatako Martisaren jantzi honekin. “Bizitza eztia” albumak duen naturaltasuna eta atmosfera etereoa tela zuri arinak ematen duen arnasketa sentsazioaren bitartez transmititu nahi izan du. Eta, horretaz gain, haurdunaldiari lekua egin: tripa oso modu leunean borobiltzen baitu jantziak, gorputza besarkatzen duten tolesekin. Klixeetan erortzen ez den sentsualitatea du jantziak, jolastia da, zirikatzailea, Verde Pratoren musikaren antzera.

Segida eman dio Saguxarrek marraztutako atmosferari. Naturan topatu du musika eta isla du nola musikan, hala hitzetan. Eta hasieratik aurkitzen zara itsasoan bainatzen ur gainean etzanda bazeunde bezala. Azalean haizea sentitzera zaramatza, entzutera, dastatzera, ukitzera. Zaurgarritasuna modu delikatuan lantzen du, eta hortik, gauza erradikalak sortu. Horixe izan da kontzertua: ordu eta erdian zaurgarritasun erradikalari bide ematen dion edertasun hipnotikoa.

Kontzertuan mito zalerik bada, agian saguzarrek dakarten zorte on edo txarrarekin gogoratu da, azken aurreko kantan, hain justu Verde Pratoren azken diskari izena jartzen dionean, gitarra hautsi zaionean. Bizitza beti ez da eztia, edo bai. Ane Segurolak bere gitarra utzi baitio. Afinatu eta oholtzaren ertzean eseri da eta patxadaz, ikusleari parez pare begiratuz, etorkizun hurbilean magalean izango duenari idatzitako kantua jo du. Iraganeko mezua etorkizunera.  Kantu hori bera, eta aurretik jotako guztiak, laztan modukoak izan dira.

Kontzertuak lotu egiten zaitu, intimitatearen semantika magnetiko batek barruraino harrapatu. Barru-barru horretan, askatasuna sentitzen duzu eta ohartu gabe ari zara gorputza mugitzen aulkian eserita egonagatik, irribarrez, begiak bustita, lasai… Iluntasunean argia topatzea bezalakoa da.

Halakoa izan da itxiera kantua ere. Kaleratu berri duen La cita abestia, El Final EParen aurrerapen kantua. L’appuntamento Ornella Vanoni-ren coverra da. Oholtzatik jendartera jaitsita, eskaileretan gora egin du amaierarako bidea, beste behin, Italiak iradokitzen duen eguzki eta koloreetara. Eskubideak lortzea kosta zitzaiola aipatu du, baina dagoeneko ikusi du argia birmoldaketak, eta a zer nolako argia duen!

Barrura ateratze bat bezalakoa izan da kontzertua, errotik kanpora egitea. Musikaz besteko elementuek musika besarkatzen dutela dirudi eta mezua indartu. Hor ere bada argia, hori ere bada kontakizunaren parte. Gero eta gehiago. Horretaz zer duzue esateko?

ETIKETAK:KronikaLeidor AntzokiaOli Artola ApeztegiaSaguxarVerde PratoZuzenekoa