Musika

Iñigo Astiz

2024.03.13

Iñigo Astiz

Errobik kontzertua joko du maiatzaren 4an Bilboko Euskalduna jauregian

Mixel Ducau eta Anje Duhalde justu duela 50 urte igo ziren lehenengoz oholtzara Errobi izenarekin. Euskarazko rockaren historian mugarria ezarri zuen bikoteak ekintza horrekin, eta ondoren etorriko ziren lau disko luzeekin, eta itzuli egingo direla iragarri dute gaur. Egun bakar baterako, baina itzuli. Maiatzaren 4an igoko da berriz oholtzara Errobi, Bilboko Euskalduna jauregian. 19:00etan. Lehenengoz igo zirenetik mende erdira. Gaur jarri dituzte sarrerak salgai, www.euskalduna.eus webgunean. 30 euroan egongo dira aurrez erosiz gero, eta, guztiak amaitzen ez badira, leihatilan ere erosi ahalko dira, egunean bertan, 35 euroan.

Errobiren 50. urteurrena ospatzeko kontzertuaren aurkezpena. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Errobiren 50. urteurrena ospatzeko kontzertuaren aurkezpena. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Duhaldek onartu duenez, lehenago ere izan zuten ideia buruan bueltaka, baina Atzar Hadi taldeak bultzatu ditu azken urratsa egitera. Jojo Bordagaraik eta Mikel Artiedak sortu zuten proiektu hori, eta Errobiren kantuak jotzen dituzte zuzenean. Baina Duhaldek azaldu duenez, eurei “deus” aipatu gabe hasi zuten proiektua bi musikariek, eta hor hasi zen maiatzaren 4ko kontzertua sortzen. “Niri omenaldiak gustatzen zaizkit”, hasi du azalpena Duhaldek. “Baina ni tartean ez nagoenean egiteko. Egin dezatela nahi dutena, baina ni ez nagoenean jada. Proposatu ziguten, parte batean, proiektu horren barne izatea, eta komentatzen egon ginen, baina guk ez dugu deus ikusteko proiektu horrekin. Aurretik egina zegoen guztia, eta hori aitzakia bat izan da gure arteko harreman bat berreskuratzeko. Horiek egiten badute, guk ere zerbait egin genezake agian”.

“[Atzar Hadi izeneko Errobiren omenez sortutako proiektuaz] Guk ez dugu deus ikusteko horrekin. Aurretik egina zegoen guztia, eta hori aitzakia bat izan da gure arteko harremana berreskuratzeko. Horiek egiten badute, guk ere zerbait egin genezake agian”

Anje Duhalde (Musikaria)

Kanta «zaharberrituak»

Emanaldirako kantak “zaharberritu” egin behar izan dituztela esan dute musikariek. Duhalde: “Gauzak aldatu dira. Soinua bera aldatu da. Mixelek egin dituen konponketa batzuk badira hor tartean, baina espiritua duela 50 urteko bera da”.

Ducau pozik agertu da egindako lanarekin. “Niretzat, aukera izan da musikalki entzuteko errepertorio osoa, eta, modestiarik gabe, ohartu naiz kantu horiek guztiak sendoak direla, gaurkotasuna badutela, eta merezi zuela berriz hartu eta berriz konpontzea. Elkarrekin bildu ginen, hasi ginen kantatzen, eta agian atzo balitz bezala da; bizikletan balitz bezala, ez da ahazten hori”. Eta Duhaldek irribarrez ezetz atzean, buruarekin. “Ia-ia atzo balitz bezala”. Eta barre Ducauk, azalpena bukatu aurretik. “Gitarra elektrikoa ere ez nuen hartua duela hamar urte, eta balio izan dit berriz hartzeko. Eta hitzak gaur-gaurkoak dira oraindik ere, zoritxarrez”.

“Niretzat, aukera izan da musikalki entzuteko errepertorio osoa, eta, modestiarik gabe, ohartu naiz kantu horiek guztiak sendoak direla, gaurkotasuna badutela, eta merezi zuela berriz konpontzea”

Mixel Ducau (Musikaria)

Eta bada bi musikarien artean aldatu den beste faktore bat ere: euskararena. “Niretzat, Errobiren garaietan, frustrazio bat zen Mixelekin euskaraz ezin komunikatzea”, azaldu du Duhaldek, “eta, aldi honetan, frustrazio hori nonbait bete dut, ze orain euskaraz komunikatzen gara naturalki”.

Akustikoan ere bai

Ducauk eta Duhaldek denbora daramate elkarrekin entseatzen, eta zuzenean beste hiru musikarik lagunduko dituztela iragarri dute: Remi Gachis gitarra jotzaileak, Iñigo Telletxea baxu jotzaileak eta Txomin Duhalde bateria jotzaileak. Edonola ere, kontzertuaren tarte bat akustikoan egingo dutela ere iragarri du Ducauk. “Hasi ginenean bezala”. Taldeak kaleratutako lau diskoetako abestiak joko dituzte emanaldian, baina, onartu dutenez, lehen bi diskoetakoak izango dira nagusi. Ametsen bidea kantua ere joko dutela iragarri dute. “Saiatu gara borobiltzen, nahasten. Oren eta erdi inguruko kontzertua izango da”, azaldu du Duhaldek.

1985ean atera zuen azken diskoa Errobik, Agur t’erdi, baina azken urteetan, puntualki, egin dituzte emanaldi batzuk ere elkarrekin. Taldearen hasierako hitz guztiak Daniel Landartek idazten zituen, eta hura omentzeko antolatutako kontzertuan, esaterako, Errobiren zenbait kanta jo zituzten elkarrekin.

Mauka ekoizpen etxeak antolatu du kontzertua, eta Bizkaiko Foru Aldundiak lagundu du. Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara diputatuak ere parte hartu du, horregatik, kontzertua aurkezteko prentsaurrekoan, eta Errobik euskaraz kantatzeko hartutako erabakia nabarmendu du. Haren hitzetan, hautu estetiko bat ez ezik, “kultur erresistentzia ekintza” bat ere izan baitzen.

Disko dendan hasitako harremana

Berez, lizeoan ezagutu zuten elkar Duhaldek eta Ducauk, baina 1973an hasi zen haien arteko harremana, disko denda batean topo egin eta musikaz hizketan hasi zirenean. El Fuego taldean hasi ziren handik gutxira elkarrekin jotzen: Duhalde baterian, Ducau kantuan eta gitarran, eta Jean Phocas baxuan. Eta gero etorriko zen Errobi, bikote formatuan hasieran, eta talde modura gero.

Errobirena da euskaraz grabatutako lehen rock diskoa: taldearen izen bera zeraman Errobi hain zuzen ere, 1975ean Donibane Lohizunen (Lapurdi) grabatu eta Elkar etxeak kaleratua. Zuzenean taldean aritzen ziren ordurako. Phocas izan zen lehen baxu jotzailea, eta Michel Haltyk eta Jean Paul Gillesek bete zuten leku hori gero, eta Beñat Amorena zen bateria jotzailea. Ordukoa da Aitarik ez dut abestia, esaterako.

Gure lekukotasuna izan zen taldearen bigarren diskoa (Elkar, 1977). Eta hirugarren lan luzearekin, aldatu egin zuen taldeak bere bide musikala. Ametsaren bidea deitu zuten lan hura (Xoxoa, 1978), eta ordura arte baino anbizio handiagoz jokatu zuten musikariek konposizioak sortzerakoan. Lau kanta baino ez zituen diskoak, haietako bi hamabost minutu ingurukoak, eta saxofoi soloak ere bazituen, tartean.

Lehen agurra, eta lehen itzulera

Nazioarteko kritikak harrera bikaina egin zion lan hari, eta Frantziako CBS diskoetxe handiak diskoa grabatzeko eskaintza egin zien, kanta guztiak euskaraz izango zirela ere onartuz. Baina orduan desegin zuten taldea.

Ducau eta Duhalde ez ziren ados jarri aurrerantzean jarraitu beharreko ildo musikalari buruz, eta horrek ekarri zuen agurra. Bakarka jarraitu zuten geroztik tarte batez, eta 1985ean kaleratu zuten Errobiren azken diskoa: Agur t’erdi (Xoxoa). Dena den, Duhalde damututa azaldu izan da inoiz lan hori argitara emateagatik.

2011n elkartu ziren berriz, azkenekoz, Duhalde eta Ducau, Baionatik Bilbora jaialdian parte hartzeko, eta Errobiren zenbait kanta jo zituzten. 2012an berriz egin zuten antzeko saio bat, eta, 2017an, Duhaldek Errobiren kantak jo zituen, Bilboko Kafe Antzokian, Star & Izar kontzertu zikloaren barruan.

Maiatzaren 4koa itzulera “puntuala” izango dela iragarri dute oraingoz.

DISKOGRAFIA

  • Errobi (1975, Elkar)
  • Gure lekukotasuna (1977, Elkar)
  • Bizi bizian (1978, zuzeneko diskoa, Xoxoa)
  • Ametsaren bidea (1979, Xoxoa)
  • Agur T’erdi (1985, Xoxoa)
ETIKETAK:50 urteErrobi