2014.06.19
Gora! (2014) diskoa aurkezteko Euskal Herrian zehar ematen ari den kontzertu sortaren barruan etenaldi bat egingo du Esne Beltzak Alemania eta Txekiara joateko. Uztailaren 8tik 14ra bitartean sei kontzertu eskainiko ditu talde gipuzkoarrak bi herrialde horietan —bost Alemanian eta bakarra Txekian—, zehazki, Augsburg, Berlin, Leverkusen, Bern, Darmstadt eta Reutlingen hirietan. Ondoren, Euskal Herriko emanaldiekin jarraituko du uda osoan.
Hain zuzen, hurrengo emanaldia Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) jaietan eskainiko du ekainaren 27an; hurrengo egunean Loiuko (Bizkaia) plazan izango da; hilaren 29an EHZ jaialdian parte hartuko du, Lekornen (Lapurdi), eta uztailaren 6an emango du azken kontzertua, Iruñeko Sanferminetan, Alemaniara joan aurretik.
Alemaniatik itzuli ondoren, Santurtzin (uztailak 17), Markina-Xemeinen (uztailak 19) eta Elizondon (uztailak 24) joko du Esne Beltzak. Eta abuzturako, oraingoz, lau emanaldi iragarri ditu: 2an, Lemoan (Bizkaia), 7an Itzubaltzetan (Getxo, Bizkaia), 9an Sodupen (Bizkaia) eta 23an Casserresen (Herrialde Katalanak).
Bestalde, “Quien manda (Hemen eta hor)” kantuaren bideoklipa estreinatu du Esne Beltzak. Martxoaren 29an Donostiako Kursaalen eskainitako kontzertuaren irudiekin osatu dute bideoklipa, eta diskoan bezala, kontzertu hartan ere Fermin Muguruzak eta Mala Rodriguezek abestu zuten kantua —kantuaren jatorrizko egilea da Mala Rodriguez—.