Musika

Jon Urzelai

2026.06.29

Jon Urzelai

Euskal mamuen kutxa (‘Mitoaroa’-ren kronika bat)

Ehundaka langile, milaka ikusle, ezin konta ahala argi. Kristalezko sabaiak, areto erraldoiak, itzelezko salmentak, inoiz izandako hedapen handiena. Hamaika dantzari eta aktore, musika talde bat, pertsona bat: Pello Reparaz. Zetak da gurean azken urteotan izan den musika gertakari entzutetsuena. Baitezpadakoa da egin dutena, egiten ari direna, eta nabarmendu ditugu gurean inoiz ikusi gabeak diren ezaugarri horiek guztiak, ezin bestela. Baina zer da Mitoaroa finean? Zer da horren erakargarri egiten duena?

16199477

‘Mitoaro III’ ikuskizunaren une bat, San Mamesen. ANDONI CANELLADA / FOKU

Galdera horiek erantzun asmoz nator San Mamesera, inguratzen nauten beste milaka gazte, betigazte, nerabe, umeekin datozen guraso, gurasoekin datozen ume, bikote heldu, kuadrilla eta abarrekin batera. Bizitzan aisia eta aisian ikuskizuna gailendu izanak azaltzen du igual fenomeno honen eta beste hainbaten arrakasta, baina Mitoaroa koska bat gorago heldu bada, nago arrazoiak beste nonbait ere topatu beharko ditugula.

Hitzordu honetarako arropa distopikoz jantziko omen da Zetak eta, San Mamesera sartu orduko, desberdinkeria gailendu den gizarte baten berri ematen duten iragarkiak ikus daitezke pantaila erraldoietan; algoritmoa, datuak eta, oroz gain, efizientzia ardatz duen mundu batez ari dira. Hasteko ordua iritsi eta agertu zaizkigu soldadu gaiztoak, gaiztoen arropak jantzita eta keinu deabruzkoak aurpegian, eta kaiolatutako gizon bat kolpatzen hasi dira. Buruko inplante bat agerian duen Reparaz bere ziegatik atera dute gero, kamerek atzetik jarraitzen dutela. Lehen planoa eskaintzen duen kameraz harago, droneak ari dira bueltaka, intsektu ipurterreen antzera. Ikuskizunaren lehen zatian alderdi narratiboak hartu du pisu nagusia eta abestien moldaketek ere joera hori indartu dute: Deskontrola kantuko zenbait hitz zentsuratu dituzte, Bomba Estereorenak behar luketenak koro hotz batek ordeztu ditu Zoriontasuna-n, errepertorioko indargune behar lukeen Errepidean kamuts geratu da Reparaz pantaila erraldoiaren aurrean korrika ihesean erakusteko… Agertu dira lehen aktoreak, Kandido Uranga, Erika Olaizola eta Jon Plazaola, eta iragarki gehiago proiektatu dituzte. Batak euskara batua eta zuzena aldarrikatu du eta besteak ez inprobisatzeko eskatu. Argi dago kontua: bat-batekotasuna, balizko naturaltasun bat da errealitate zurrun honetako ihesbide bakarra; sustraiak eta benetakotasuna dira askapenerako helduleku.

Egungo pop izarrek ezinbesteko duten gisan, irudia zaintzen du Zetakek, bideoak, janzkera, kontzeptua, marka. Engagement-a bilatu eta marketing-a gamifikatu ditu. Nolabaiteko koherentzia gordetzen saiatuz eraldatu da Zetak etengabe – alfabetoko azkenak ordezkatzetik, identitate kolektiboak hauspotzera – eta beti mantendu du Reparazek letretan nabarmena den tentsio berbera: kostunbrismoa, gertuko erreferentziak eta nerabe kutsuko giroak – festak, lehen maitasunak, herri txikiak, halakoak – kontzeptu pisutsuekin uztartu ditu hasieratik beretik – erlijioa, Herria, hizkuntza, tradizioa -. Gehitu horri ausardia adina ausarkeria eta izango dituzu formularen gako batzuk.

Mitoaroa-n, baina, narratibak hartzen duen garrantzia arazotsua bihurtzen da azkenerako, eta emanaldi osoan errepikatuko da herrena: erritmoa eteten du. Aktoreek diotena jarraitzea zaila da, taula gainean gertatzen ari dena ez da kontakizun argi bat eraikitzeko gauza eta, halako zera bat izan daiteke nahi dena, baina sekula ez aspergarri. Eta izaten ari da. Beste auzi bat ere gehitu behar zaio kontuari, gertatzen denari eta kantatzen denari dagokiona. Esan dugu jada ordagoak handira eta txikira botatzea duela gustoko Zetakek, baina kirrinka egiten du Ken 7ren Zapalduen Olerkia-z eta mugikorreko mezutxoez ari den kantu bat eta Gernikako Arbolaren kimu bati buruzko ez dakit oso ondo zer konbinatzen saiatzeak. Teknikoki erakustaldi bat izaten ari da, ekoizpena profesionala da oso, Reparazek eta besteek gidoia fin jarraitzen dute, berdin dantzariek, extrek. Bada zerbait, bai jauna. Baina ez da dena.

Hala, ibilgailu erraldoia abiarazi ezinik aritu dira ia hiru ordu laurdenez, baina makineria martxan jarri dute azkenean Zeinen ederra izango den kantari eta, batez ere, atzetik bultza egin duen publikoari esker. Izan ere, artifizioak artifizio, Zetaken sekretuetako bat abestien errepertorioa baita. Zetak euskal mainstream garaikidearen gailurrera iritsi bada kantu onak dituelako da; Reparazek, bere ildoan ari diren bestelako artisten aldean abilezia eta nortasun nabarmenak dituelako abesti borobilak osatzeko, itsaskorrak direnak, itxuraz berritzaileak eta publikoak bere egin dituenak. Halako bi kateatu ostean – Zeinen ederra izango den eta Hegan – urak berriz bere bidera datozela dirudi.

Baina agertuko da Albert Pla Gollumen antzeko zerbaitez mozorrotua, hasiko dira Itzalgorri eta abarrez eta ezer garbirik atera ezinean ariko gara berriz, martxa onean zihoana zapuztuz. Norbere atean golak sartzea zer den. Sare Beltza aipatu da, entzun da “ellos dicen mierda, nosotros amen” eta publikoak egin du txalo eta zeraren zera honen funtsa narrazioa, testuingurua eta distopiaren kontu hau guztia ez dela aski garbi dut jada, inguruan ditudanen aurpegiak berresten didaten moduan, baina abestiak entzuteak soilik ere ezin du izan. Jendeak txalo egin nahi du? Txistu, gaizto-gaiztoek maltzurkeriaren bat – balizko sinbolismoa ulertu ez arren – egiten dutenean bezala? Zein da honen guztiaren muina?

Konturatzerako, hartu du Reparazek carnyxa – animalia buruko adar erraldoi antzekoa – eta deituko ditu izaki mitologikoak, jada lagun zaharrak diren momotxorroak-eta. Akelarretan kantatu du, baita publikoak ere, eta piztu da berriz estadioa, etorri da Hitzeman, Suziri Bi gero, eta ikus-entzunezkoa badoa aurrera ibilera arinagoarekin azkenean. Tartean ikusi dugu Reparaz tromboia eskuan eta Matrixekoa dirudien beroki beltza soinean, baina batzuetan hobe da gauza batzuk ahaztea.

16199511

Pello Reparaz, ‘Mitoaroa’ ikuskizunaren gidaria. ANDONI CANELLADA / FOKU

Heldu diezaiogun berriz auziari, trumilka datozen estimuluek ez gaitzatela nahasi. Zein da Mitoaroa-ren gakoa, zein sekretua? Bost duroko hitzek laguntzen dute horrelakoetan edo, tira, jakintsu plantak egiteko balio dute behintzat, eta horixe denez behar dudana, mintza gaitezen hauntologiaz pixka batean. Jacques Derridak proposatu zuen berbazarra – hanté (espektral edo mamu-itxurako) eta ontologie (ontologia) hitzen batura, nolabait – izateaz eta ez-izateaz jarduteko aldi berean, absenztiaz eta iraunkortasunaz, gorputzik gabeko espiritu batez, nahi bada. Gerora Mark Fisher eta Simon Reynoldsek kulturaz aritzeko erabiliko zuten terminoa, utopia galduez eta gauzatu gabeko etorkizunez. Ghost Box zigiluko musika hauntologikoa da, iraganeko melodiak berriz imaginatzen dituelako, “bizi den museo baten antzera” edo Burial artistarena, zeina ez omen den dantzarako musika, dantzarako musikari buruzko musika baizik.

Ez diegu mamuei joaten utzi nahi eta mamuek ez gaituzte askatu nahi, hanka bat iraganean eta bestea etorkizunean dutela. Mitoaroa hauntologikoa dela uste dut, ez hala delako Zetaken musika edo estetika, baizik eta euskal mamuak taularatzen dituelako etengabe. Kandido Urangak diotso: “mitoak, mitoak ez dituk sekula hiltzen”. Besterik da zertarako gonbidatzen dituen gure mamuak: gurtzeko, indarra xurgatzeko, ustiatzeko edo, besterik gabe, haiekin dantza egiteko. Niri dagokidana hemen haien presentziaren berri ematea da. Eta San Mamesko oholtzara Iribar eta Kortabarria ikurrina eskuan igo direnean denok geratu gara harri eta belarri, halako espektrorik aspaldian ikusi gabe baikeunden denok ere. Mende erdi geroago, estadiotik estadiorako saltoa, alajaina! Keinu historikoagorik, esanguratsuagorik! Halakoa izan da txalo zaparrada.

Reparazek euskal identitate modernoa eraiki zeneko iruditeriaren itzalekin jolasten du, beraz. Joxe Miguel Barandiaranek antzinako euskal mitoak bildu eta Oteizak euskal nortasun garaikidean txertatu eta jendarteratu zituen. Orain, euskara krisian omen dagoen honetan, eskenatokira ekartzen dizkigu Reparazek, haietan bilatzen du salbazioa, herri bat eraikitzera gindoazeneko hartan. Aaztiyen, arestian gertatutakoa oraindik hemen dela adieraziz, etorkizun haiek gauzatzeko daudela.

Nolanahi dela, lur hartu dezagun. Aralarko Dama entzun dugu, publikoak ikuskizunarekin konektatu du, baina jarioa eten du Reparazek berriz. Ez soilik erritmoa, koherentzia animikoa ere hautsi du, nolabait adieraztearren. Iribarren eta Kortaberriaren argazkia hezur eta haragizko bihurtu eta gutxira agertu dira Aitziber Garmendia, Antton Telleria, Anjel Alkain, Samantha Hudson eta Marcos Martínez, alias Grisson. Bekokia nola zimurtu dudan ikusi nahiko nuke pantaila erraldoian, bizi berri dugun une solemneari bost minutuko tarterik ere eman gabe agertu baitira euskal eta erdal faranduletako aktore eta abarrak estadioan zehar imintzioka. Gora festa, umorea eta nahi den guztia, baina honek joskura hobeak behar ditu irensgarria izan dadin. Esan dugu jada, kontraesan horietan gustura dabil Reparaz, baina aldaka sendoenak ere txikituko lituzke horen driblin bat-bateko eta bortitzak.

Grissonek oihukatu du “Euskaraz bizi!” eta grazia egiten du, eta a ze artista, eta egia esan entretenigarria ere jarri da asuntoa, eta bueno, hainbestean, gora gu ta gutarrak eta sentitu, pentsatu eta ekin! Agian ahulgunetzat jotzen dudan hori izango da kontu honen guztiaren indarguneetako bat, dena den: ez du batasun sendorik, baina nork behar du halakorik. Orain espiritual, gero bromoso, ez al gara ba halakoak denok ere, alaporai. Ikuskizun bat da, Jon, bakana, carpe diem, mutil! Hasi da gero Hileta kantu nafarra, kantutegiko abestirik sendoenetakoa, eta agertu da Sugaar dela suposatuko dugun zera argitsu bat eta jada ez dakit non geratu diren gaizto-gaiztoak eta kontu horiek guztiak. Ez dut uste inori bereziki axola zaionik, egia esatera. Aldarriak datoz gero, Palestina, Sahara; Nina Simone aipatu du Pellok: ados omen dago harekin eta artistak bizi duen garaia islatu behar omen du. Nik ere uste dut hala egiten duela, baina ez dakit modu berean ulertzen ari garen kontua.

Badoa berriz pendulua hurbiltasunaren polora eta igo dira Arbizuko lagun punkiak Errepidean kantuaren moldaketa bat eta Kortaturen Zu atrapatu arte jotzera. Erramun Martikorena eta Maixux Zugarramurdi izango dira hurrengo gonbidatuak, azken Korrikako kantuaren bideoklipa gorpuztuko dutenak. Zetak herrian urtu da azkenik, Itzulera publikoaren artean kantatzeko, oraingoan Erramun gabe. Aipagarria zein den azken txanpako aukeraketa, Korrikako eta Herri Urratseko kantuak jo baitituzte. Norbanakoaren eta kolektiboaren arteko tentsio honek merezi du hemen ezin eman diezaiokegun garapenik, baiki.

Eguzkiloreak dator orain, azkena, zanpantzarrak oholtzan direla eta argi izpi itzel bat zerutik goitik erori ostean. Sua doa gora eskenatokiaren luzapen den gurutze formako plataformaren ertzetatik eta gorriz jantzitako Mari are gorago gailu baten bidez soineko luze-luzea jausten zaiola. Pantaila gorrietan Zetak jartzen du eta bukatu da Mitoaroa bi ordu eta erdi pasatxoren ostean. Agurrak, poz erakustealdiak eta beste datoz ondotik, baina badakigu denok hemen ez dela ezer amaitu, nekez bukatzen dira guztiz gauzak Zetakekin, eta azken iragarki bat erakutsi zaigu, hau benetakoa: 2027ko urtarrileak egingo den ikuskizun berri baterako sarrerak jarriko dira salgai igandean, hala esaten zaigu erronka historikoei dagokien epikarekin eta euskararen eta euskaldun izatearen erretolika batez lagunduta.

Jantzi berri bat izango du Zetakek laster, beraz. Eta bururatu zait ez ote den horixe bera azkenean honen guztiaren funtsa. Mitoaroa bilgarria dela finean, dena baino, izan daitekeenaren promesa, irrika. Auto xixtrin bat ala kutxa sekretua, zer hautatuko zenuke zuk? Edozer – dena! – egon daiteke kutxan. Estalki distiratsua da, hutsune metafisikoarena-edo, gaur gorria, berdea bihar. Sei hilabetez behin programatzen diren ospakizunak nekez dira ezusteko festa, baina sorginkeriak dirauela dirudi oraingoz.

Mitoaroa behar dugun kontzertua-ez-den-kontzertua den esatea ez dagokit niri, ezta merezi duguna ote den ebaztea ere. Nahi duguna bai, Mitoaroa bada nahi duguna.

ETIKETAK:2026ko kronika; ikuskizuna; Jon UrzelaiMitoaroa IIIZetak