Musika

Amaia Jimenez

2023.12.13

Amaia Jimenez

Euskal musika berriari tokia egingo diote Herri Urratsen

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festa izaten da Herri Urrats. Urtero, Senpereko (Lapurdi) lakuan biltzen dira milaka eta milaka euskaltzale. Makina bat jarduera antolatzen dira egun horretarako, eta musika ez dute alde batera uzten. Datorren urtekoa maiatzaren 12an izango da, eta, Ortzadarra lelopean, Beskoitzeko ikastola eraikitzeko erabiliko dute lortutako dirua. Neomak taldeak izango du abestia sortzeko ardura.

Su Ta Gar taldearen kontzertua, iazko Herri Urratsen. PATXI BELTZAIZ

Su Ta Gar taldearen kontzertua, iazko Herri Urratsen. PATXI BELTZAIZ

Urtero “makina bat” proposamen egiten dizkiete musika taldeek Herri Urratsen antolatzaileei, guneetako batean kontzerturen bat emateko. Ekinaldiaren koordinatzaile orokor Koldo Rodriguezen hitzetan, ez da batere erraza izaten egun bakar bateko festan hainbeste talderentzako lekua egin behar izatea. Gainera, azken urteetan sumatu dute talde berriek aukera gutxi izaten dituztela euren burua ezagutarazteko. “Hortik abiatuta, eta euskal eszenaren itxura ikusita, maketa lehiaketa antolatzea erabaki genuen”.

Abenduaren 3an ireki zen Herri Urratsen maketa lehiaketan izena emateko epea. Taldeek kantu bat, bi edo hiru aurkeztu ahal izango dituzte, urtarrilaren 4ra arte. Otsailaren hasieran zabalduko dute irabazlea nor den, eta aukera izango du maiatzaren 12ko festan zuzenean jotzeko. Lanak Wetransfer bidez bidali beharko dira, herriurrats@ikastola.eus helbidera, taldearen kontaktua, izena eta parte hartzaileen izenak izango dituen dokumentu batekin batera.

“Egia da halako festetan izen eta talde handietara jotzen dugula, nolabait jendea erakartzeko, baina iruditu zitzaigun euskal eszena berriko taldeei ere lekutxo bat egin behar geniela”, aipatu du Rodriguezek. Baldintza bakar bat bete beharko dute taldeek: aurkeztutako lanek euskaraz izan beharko dute. Herri Urratsen parte hartzen duten talde guztiak edo gehienak euskaldunak direla esan du koordinatzaile orokorrak, eta lehiaketarako ezinbesteko baldintza izan behar zuela iritzi zioten.

Gune berria

Lehiaketa ez da euskal eszena berriari eskainiko dioten gune bakarra. 2024ko Herri Urratserako gune bat sortzeko asmoa dute. “Bitxia da zenbat jende gazte ari den musika berria lantzen; kalitate handiko lanak egiten ari dira”. Horregatik, euskal musika berriarentzat izango da gune hori. Tradizioa apurturik beste herrialde batzuetako musika estiloak euskarara eta Euskal Herrira ekarri dituzten taldeek joko dute han.

Beste urte batzuetan, hainbeste proposamenekin, musika programazioa osatzea “konplikatua” izan dela oroitu du Rodriguezek. Hala ere, antolatzaileek ahalegina egin dute taldeen ezaugarriei erreparatzeko aukeratzeko orduan. Euskal talde askok eman nahi izaten dute euren agur birako kontzertuetako bat Herri Urratsen, eta hori kontuan izaten saiatzen dira. Bestalde, Ipar Euskal Herriko taldeei lekua egin nahi izaten diete. Gainera, garrantzitsutzat daukate emakumeen parte hartzea bermatzea, gizonezkoen eta emakumezkoen presentzia ahalik eta parekatuena izan dadin.

«Egia da halako festetan izen eta talde handietara jotzen dugula, nolabait jendea erakartzeko, baina iruditu zitzaigun euskal eszena berriko taldeei ere lekutxo bat egin behar geniela».

Abenduaren 3tik ari dira lanak jasotzen, eta pozik daude antolatzaileak. Euskal Herri osotik iritsi zaizkie proposamenak: oraingoz, hamar talderenak. “Euskaraz abesten duten taldeak ekinaldi honetan parte hartzera animatu nahi ditugu”, gehitu du koordinatzaile orokorrak. Herri Urratsen jotzeko aukera, ordea, ez da parte hartzaileek irabaz dezaketen sari bakarra. Urtarril hasieran, parte hartu duten abesti guztiak BERRIAren Badok atarian egongo dira, eta zerrenda bat osatuko dute haiekin. “Taldeak ezagutarazteko modu polita izan daiteke hori ere”.

Rodriguezek aukera izan du orain arte aurkeztu diren lanetako batzuk entzuteko, eta azaldu du estilo eta genero askotako musika heldu dela. Kalitatea izan da deigarriena harentzat: “Azken urteetan aldaketa handia gertatu da maketen munduan: lehen maketa bat ahal zen moduan grabatzen zen. Orain, ordea, maketa batek disko baten pareko kalitatea eta produkzioa izan ditzake”.

Urtarrilaren 4tik aurrera, epaimahaiaren txanda izango da. Hilabete inguru izango dute irabazlea edo irabazleak hautatzeko, eta otsailaren hasierarako jakinaraziko dute erabakia. Orain arte iritsitako lanen kalitatea ikusita, Rodriguezek aipatu du bi irabazle ere egon daitezkeela. Herri Urratseko antolatzaileetako batzuk, euskal musika eszenako musikariren bat —aurrerago esango dute zein edo zeintzuk izango diren—, eta Badok-eko koordinatzailea izango dira epaileak. Rodriguezek esan du norberaren gustu musikalez gain, lanen kalitatea, euskara eta emakumeen presentzia kontuan izanik erabakiko dutela, besteak beste.

ETIKETAK:BadokHerri Urratsmaketa lehiaketa