2017.01.24
Laugarren urtez jarraian Lekuek jaialdia antolatu dute Gernikako hainbat musikari eta musikazalek. Aurtengo ekitaldia martxoaren 11tik 19ra bitartean egingo dute, eta ohi denez, herriko hainbat aretora zabalduko da. Egitaraua ez dago oraindik guztiz itxita, baina dagoeneko hainbat izen aurreratu dituzte antolatzaileek. Horrela, Euskal Herriko musikariei dagokienez, Ruper Ordorika, Kepa Junkera, Lumi, Inoren Ero Ni, Sumision City Blues eta Capsula dira jaialdian parte hartuko dutenetako batzuk.
Euskal Herritik kanpoko musikarien partaidetza ere oparoa izango da, Solea Morente, The Limboos, Nick Moss, Guadalupe Plata eta The Kinky Coo Coo’s iragarri baitituzte antolatzaileek. Dena den, datozen egunetan artista gehiagoren izenak emango dituzte eta egitaraua itxiko dute. Kontzertuez gain, erakusketak, hitzaldiak, bideo emanaldiak eta tailerrak ere hartuko ditu jaialdiak.