Musika

Oihana Elduaien

2025.11.14

Oihana Elduaien

Gorka Urbizuren gitarratik negarrerako bidaia

Gitarratik negarrerako bidaia izan da. Gorka Urbizuk berak azaldu du, Viktoria Eugenian. Berak sokak astintzen dizkio «gutxienez hiru zuhaitzen egurrekin egindako» gitarrari; handik kobrezko sistema batekin anplira doaz uhinak; eta han, barruan gertatzen den eta Urbizuk berak oraindik ulertu ez duen sistema batekin, itzuli egiten du soinua, kono baten bidez. «Eta hemen soinua sortzen du, harrigarria da». Publikora seinalatu eta, «horra itzultzen du, eta hemen, denok, kantari eta negarrez», gaineratu du.

Malko eta guzti ez dute negar egin Hasiera bat diskoaren bira amaitzeko ematekoak diren lau kontzertuetako aurrenekoan elkartu diren guztiek. Malkorik gabe sentitzen dute zirrara batzuek, are eta epelago besteek. Nolanahi, emozio festa izan da gaurkoa, eta antzekoak iragarri daitezke bihar, etzi eta etzidamu izango direnak ere.

Bazen halako beldur bat Viktoria Eugeniaren solemnitatearekin, baina funtzionatu du. «Guk jarriko dugu guretik, eta zuek ere abestu, eta hori dena», esan du Urbizuk. Hasieratik hasi da jendea kantuan, buru mugimenduekin dantzan… Eta denborak aurrera egin ahala gorantz joan da giroa. Goxo, baina gora.

Emozioetan, soiltasunean eta purutasunean oinarritua. Halaxe osatu du Urbizuk Hasiera bat bakarkako bidean egindako lehen disko  hau. Eta halaxe eraman du, gaur, agertoki gainera ere. Kantuek izan dute protagonismo osoa.

Emozioetan, soiltasunean eta purutasunean oinarritua. Halaxe osatu du Urbizuk Hasiera bat bakarkako bidean egindako lehen disko hau. Eta halaxe eraman du, gaur, agertoki gainera ere. Kantuek izan dute protagonismo osoa

Biraren bigarren zati honetan aritu diren bost musikariak, Urbizuk esatera “bira honek eman duen gauzarik onena” —Amaia Miranda gitarrarekin eta abestuz, Karlos Aranzegi eta Felix Buff bateria banatan, eta Fernando Neira baxuan—, lurrean jarritako askoratiko alfonbrak, atzeko kortina beix bat, oso ondo pentsatutako argiak, eta publikoaren konplizidadea. Besterik ez.

Horrelaxe sortu dute Urbizuk nahi zuen komunitatea, eta “energia bola”. Sosegurako gonbita egin du Lilura bat abesterakoan: “Ahaztu dezagun kanpoko mundu saturatu, biolento, ziniko eta hostil hau”. Kontzertuan lortu du jendea han egotea, eta sumatu egin da. Elkarrekin kantari aritu da antzokiko 888 butaketan eseritako lagunek osatutako komunitatea, bi orduz.

Lehen etorkizuna zirenek ez ezik, orain etorkizuna direnek ere kantari pasatu dute kontzertua. Ume, gazte, heldu eta zahar, denetik elkartu da. Errespetuz eta gogoz joan da jendea. Hartzeko eta jasotzeko gogoz. Isil-isilik entzun dituzte Urbizuk esandakoak, eta txaloz zein barrez erantzun. Batzuetan besoekin dantzan, besteetan hankekin. Batzuetan albokoari helduta sute txikiak sortuz, eta besteetan malkoekin errekatxoak eginez.

Elizabeth eta Atxaga

1952koa da Urbizuk musikaren bidea azaltzeko erabili duen egurrezko gitarra. Erdi barrez eta barrea eraginez kontatu du hemerotekan bila aritu dela zer gertatu zen munduan. “Nahiko sosoa izan zen urte hartan” koroatu zuten Ingalaterran Elizabeth II.a. “Lanean edo hasi zen. Lanean esan beharko dugu”. Urbizu harrituta dauka monarkiako kideen bizitza luzerak. Elizabeth hil zen ordea, baina Urbizuren gitarra ez.

1952 hartan urtebete zuen Bernardo Atxagak. Hark sortuak dira Itoizek 1985ean argitaratu zuen Espaloian diskoko Hegal egiten kantuaren hitzak. Ia bi urte iraun dituen bira osoan abestu du haren bertsioa Urbizuk, eta dantzan jarri ditu antzokietan, aretoetan zein aire librean elkartutakoak, eta gaur ere ez da gutxiagorako izan. Izan ere, “dena aldatzen ari da horren azkar”, baina gauza batzuk geratu egiten dira.

Gorka Urbizu Gorka Urbizu, kontzertuko une batean. JON URBE / FOKU

Txantxangorriarena ez da izan bertsio bakarra. Gazteleraz abestu dute Argentinako El Mato a un Policia Motorizado taldearen Mas o menos bien abestia. Gainerakoan, bakarkako bideko abestiez gain, Urbizuk aurretik izandako proiektuetakoak ekarri dituzte: Katamaloren Ispiluaren aurrean, Peiremansen Send Flowers, eta Anne Lukinekin batera abesten zuen Lisboa, adibidez. Une gorenetako bat izan da hori, edo jendeak ozenen abestu zuena behintzat.

Bisaren aurreko azken aurreko abestia izan da hori, eta berotasun horretan gonbidatu dute oholtzara Nerea Urbizu Diamantea kantua pianoan jo zezan. Bi aldiz hasi dute abestia. Gorka Urbizu hasi eta gelditu egin baita. Irribarreak, txaloak, konplizitatea, eta bigarrengoan bai.

Jendeak ez du jaikitzeko imintziorik egin. Eta halaxe, txalo artean, berriz agertu dira. Berri Txarraken Maravillas jo du Urbizuk, bakarrik. “Ereserki antifaxist”», bertsio hunkigarrian. Zilarra etorri da gero, Hegal egiten atzetik, eta giroa bero-bero zela, Toki bat. Abestiaren bukaeran gogor astindu du gitarra Urbizuk, eta baterian erakustaldia egin Buffek, jendea oihuka jarriz. Zutik txalotu dute batzuek.

Euforiak gain hartu aurretik, Besterik ez jo dute. Halaxe amaitu da kontzertua, goxo, txalo zaparrada luzea jasota, eta eskerrak emanda. Eta jendea, pozik.

ETIKETAK:2025Gorka UrbizuViktoria EugeniaZuzenekoa