2019.05.14
Uztailaren 14an Bilboko Kobetamendin emango dituen kontzertuari buruzko hainbat xehetasun eman ditu Berri Txarrak taldeak gaur goizean. Besteak beste, agertokian lagun izango dituen musikari gonbidatuen izenetako batzuk iragarri ditu. El Drogas, Leire Iseo, David Ruiz (La MO.D.A.), Aiora Renteria (Zea Mays) eta Iñaki Altolagirre Matxet (Jousilouli, Anai Arrebak, Naizroxa, Sega Sound Killers) ariko dira Berri Txarrak-en kontzertu berezi horretan. “Ez gara horrelakoak egitearen aldekoak baina salbuespena egingo dugu, eta miresten ditugun musikariak, guretzat erreferenteak direnak, gonbidatu ditugu agertokira”, adierazi du Gorka Urbizuk. Hala ere, gonbidatuen zerrenda ez dagoela itxita eta seguruenik “beste hamar bat izen” egongo direla zehaztu du.
Oraingoz Kobetamendikoa da Berri Txarrak Euskal Herrian ikusteko egongo den aukera bakarra, azaroan Iruñeko Navarra Arenan eskainiko dituen azken bi emanaldiez aparte.
Kontzertuaren aurretik, “eskaintza kultural oparoaz” gozatzeko aukera izango da Kobetamendin. Izan ere, arratsaldean “Ahotsenearen zati bat” Kobetamendin jarritako karpa batera eramateko asmoa dute, “kontzertuak egongo dira, showcase-ak eta horrelakoak”, baina ez du beste argibiderik eman Urbizuk.
“Ez dakit bizirik iritsiko garen Kobetamendiko kontzertura”, azaldu du irribarrez Berri Txarrak-eko abeslari eta gitarristak. Bira “gogor eta intentso” baten erdian dago taldea eta aste honetan bertan AEBetara eta Mexikora joango da hainbat kontzertu ematera.