2025.07.10
Zer duda egin, ehunka dira Benito Lertxundiren zaleak; zer duda egin, dozenaka izango ditu adiskideak ere. Baina gutxi izango dira Lertxundiren figura eta ibilbidea Ane Ablanedok (Iruñea, 1973) bezain ondo ezagutzen dutenak. Berezia du harremana, han-hemen idatzitakoetan argi utzi izan duenez, berezia baitu istorioa ere. “Ni Benitoren adiskide egin naiz zalea nintzelako. Errespetua eta miresmena dizkiot. Oso zaila egiten zait Benito pertsona eta artista bereitzea”. Hala adierazi du Oiartzunen (Gipuzkoa) Kanterri ikastaroan emandako Benito, gure emozioen alkimista hitzaldiaren hasieran. Ablanedok euskal filologia ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean; irakaslea da Pau et Pays de l ‘Adour Unibertsitatean eta Baionan bizi da egun.
Izenburuko Benito hori ez da ausazkoa, gertutasuna agertzen baitu Lertxundi profesionalagoaren aldean. “Benitoren musika entzun eta barrura sartu zitzaidan 13 urte nituela. Bere musikagatik bera ezagutzeko aukera izan nuen, eta geroztik nire ibilbidea markatu du. Nire aita izpirituala da nolabait”.
Azal dezagun abiapuntua. Iruñean jaiotako neska “oso abertzalea” da Ablanedo. “Euskara ez nuen etxetik jaso, eta oroitzen dut besteek espainola deitzen zidatela; nik esaten nien ezetz, euskalduna nintzela ni. 12-13 bat urte nituela hasiko nintzen euskal musika entzuten. Etxean Gorka Knorren disko bat entzuten nuen… Aitari esan eta Iruñeko almazen batzuetara joan ginen diskoren bat erostera. Saltzaileari esan eta hark gomendatu zigun Benitoren Gaueko ele ixilen baladak… Etxera joan eta entzuten hasi nintzen, eta izan zen zerbait oso berezia, gustatzetik areagoko zerbait. Ni rarita samarra nintzen, ordurako heldu samarra. Nire lagunek Europe-eta entzuten zituzten, baina disko hark urradura eragin zidan. Hainbesterainokoa izan zen, pentstau nuela nik Benito ezagutu egin behar nuela”.
Pentsatu eta lortu. 80etako hamarkadaren erdialdea zen; artean ez zegoen ez Internetik, ez sare sozialik, baina Ablanedo moldatu zen Benito Lertxundiren Orioko (Gipuzkoa) helbidea lortzeko. Berriro joan ziren Iruñeko almazen horretara, eta saltzaileak eman zien helbide bat. Eta ez du ahazteko nola ezagutu zuen aurrez aurrekoan: “Nire urtebeteze eguna bazetorren, uztailaren 9a. 8. maila bukatu berritan gurasoek galdetu zidaten ea zer nahi nuen oparitarako, eta nik duda handirik egin gabe erantzun: Benito ezagutzea”. Eta hala, aurrez abisatu gabe, Oriora joan ziren familian: “Gu Mutrikun ginen oporretan. Tinbrea jo genuen baina Benito jada ez zen bizi helbide horretan. Eman ziguten berria ere eta iritsi ginen. Izan zitekeen kaso ez egitea ere, baina oroitzen dut bere arrebak ireki zigula atea. Eta ondo hartu gintuen: Nik ez nuen ikusia ez zuzenean, ez telebistan… hura izan zen lehen enkontrua, bere etxeko egongelan”.
Eta harrez geroztik adiskidetasuna erein zuten Ablanedok eta Lertxundik, Lertxundik eta Ablanedok: “Kontzertuaetara joaten hasi nintzen, eta joaten nintzen Oriora ere berekin hizketaldiak izatera. Izan ere, hiztun ona da Benito, baina baita entzule ona ere. Maisu izateko asmorik izan gabe nire maisua izan da nolabait”.
Horra istorio bat polita, berezia, esanguratsua. Eta, esperientzia horretatik abiatuta, gogoetarako bidea ez ezik, baita autoritate molde bat ere. Ablanedok diskurtso bat eraiki baitu Lertxundiren ibilbidearen zein figuraren inguruan, baita modu originalean eraiki ere. Lertxundik egindako disko eskaintzak baliatu ditu haren ingurukoak azaltzeko eta josteko. “Azken urteetan eskaintza soilagoak eta arruntagoak egin izan ditu, baina hasieratan oso bereziak egiten zituen, poetikoak, eta asko esaten zuten bere izaeraz, pentsatzeko moduaz eta abar”.
Emozioak arrazionalizatzea zaila izaten da, baina ahalegin hori egin du Ablanedok diskoetako eskaintzetatik abiatuta.
-”Herri zahar honen oihua izan dezazula lagun” (…eta maita herria, üken dezadan plazera, 1975)
Eskaintza horretatik “herria” hitza nabarmentzen du oroz gain Ablanedok: “Tamalez geroz eta gutxiago erabiltzen da herria hitza; erabiltzen da gizarte hitza, eta ez da kasualitatea, ez da neutroa. Benitok herriaren mina adierazten du, hor dago oihua ere”. Herriari buruz hitz egiten du Lertxundik bai disko horretan eta baita bere jardunetan ere, eta “herriari buruz hitz egitea da tradizioari buruz hitz egitea”, Ablanedoren esanetan: “Ez dut esaten dena tradizionala denik bere kantutegian, baina parte handi bat herri honen lurrean, historian eta tradizioan oinarritua da. Tradizioa landu du, baina beti berri den tradizioa, ez da inoiz folklorismoan erori, nahiz eta folklorea landu duen.” Ablanedoren ustean “aitzindaria” izan da Lertxundi gauza askotan: “Nafarroako Estatuaz aritu da, esaterako, Altabizkar / Itzaltzuko bardoari (1981) diskoan. Eta Nafarroako Gorteen Ereserkia jasotzen du diskoko lehen kantuan, Altabizkarko kantua-n. Gero sortzen dira eztabaidak zer kantuk behar lukeen Euskal Herriaren ereserkia. Nola zer ereserki, badugu eta. Tradizioari eta herriari ez dio etnizismo kutsua eman, egin du modu naturalean, landu du tradizioa politikoki eta herrigintzatik”.
“Tradizioari eta herriari ez dio etnizismo kutsua eman, egin du modu naturalean, landu du tradizioa politikoki eta herrigintzatik”
Eta tradizioa landu du aldiro berrituz. “Benitok tradizioa asko landu du, baina berritu du eta gaurko egunera ekarri du. Aztertu behar da zenbaterainokoa den fenomeno soziologikoa, egon baita 60 urtez kantuan, eta ez hori bakarrik, aritu da gelditu gabe oholtzatik oholtzara, diskoak ateratzen eta abar, orain utzi dion arte. Beti izan da berria bere emaria, ez du nostalgiatik egin, nahiz eta jendea joan den bere kontzertuertara horren bila ere. Eta hori dena gurea bezalako herri zapaldu batean. Oso garbi izan du non egon, non ez egon. Euskal Herrian egin du bere ibilbidea, apenas aritu den hemendik kanpo. Ezta Boiseko jaialdian ere (AEB). Bere kosmogonia Euskal Herrikoa izan du erabat”.
Indargune nagusi bat izan du Lertxundik, Ablanedok azaldu duenez. “Herriaren taupada, herriaren bihozkada oso ondo kaptatzen du, herriari oihartzun egiten dio, herriaren tradizioa egin du bere, herri oso bat eraman izan du bere kantuetan”.
-”Askatasunaren semeen paradisua amesten” (Zuberoa / Askatasunaren semeei, 1977)
Askatasuna kontzeptu giltzarria da Benito Lertxundiren ibilbidean eta pentsamenduan: “Bere ipar-orratza da, emantzipatua izatea, burua aske izatea. Nahi du jende burugaina, bere kabuz pentsatzen duena, nahi du herri bat librea. Askatasun indibiduala eta kolektiboa lehenesten ditu”. Ablanedok oroitzen du Lertxundi ezagutu zuenean hark asko hitz egiten ziola askatasunaren inguruan: “Nik ez nuen ulertzen orduan ia ezer, 15 urte inguru nituen-eta. ‘Eta hori nola egiten da?’ galdetzen nion, eta berak erantzun: ‘Nik esaten badizut, ez da askea izango’”. Askatasuna da “printzipio gorena” Benitorentzat. “Noski maite duela herriak bera maitatzea. Afektua behar du dudarik gabe, nahiz eta egia den sarri ez dela kontziente zer nolako eragina izan duen. Baina orohar, onerako zein txarrerako, oso bere kasara ibiltzea gustatzen zaio. Ez ditu modak sekula ere jarraitu. Oso leiala izan zaio barrutik atera zaionari, asmatu edo ez. Bere barrenetik dariona ateratzen du, eta hori da arrazoi handi bat jendearengana iristeko”.
-”Zenbat ginen galdetzen nuen garai haietan, gaur zenbat ote garen galdetzen dut” (Egia / Egunsentia / Zenbat gera / Loretxoa, 1967)
Institutuko lagun batek eman zion Ablanedori Egia / Egunsentia / zenbat gera / Loretxoa disko txikia, eta Lertxundik sinatu zionean bazekarren jada galdera hori: “Zenbat gera?”.
“Benito oso pertsona politikoa da, ezagutu dudan politikoena. Kezka handia du herriaren politikaz, zalantzez eta abar. Historikoki zalantza izan da Benito Lertxundiren kantuak politikoak diren ala ez. Oraintsu, Xamar idazlearekin aurkezpen bat egiten ari nintzela, galdera hori bota zidan: ‘Aizu, zuk uste duzu Benito politikoa dela?’. Zer pentsatua eman zidan. Eta gogoeta eragin. Gaizki deituriko Trantsizio garai horretan, denak hartu zuen tonu panfletarioa, baita musikak ere. Berak ez zuen hor egon nahi, eta egon zen garai bat txistu egin ziotena ere. Bera aparte geratu zen, garbi zuen non egon nahi zuen eta non ez. Bere kantuetan ez zegoen kontsignarik, berak sotilki egiten zuen. Gutxi batzuk badaude hertsiki politikoak, adibidez, Otzandu herrian (Ospakizun gauean, 2018); bakearen inguruan ere baditu pare bat kantu…”. Eta Lertxundiren aldaera politikoak lotura handia du “lurraldetasunaren” ikuspegiarekin ere: “Gure herriko probintzia guztiei kantatu die. Gure herriaren ekialdeari kantatzen eta begiratzen dio. Eta horretan lagun izan zituen, batez ere Urbeltz (Juan Antonio) koreografoa, Irigarai (Jose Anjel) poeta eta letragilea. Benito dator protesta kantutik, baina Ez Dok Amairu aurrerakoia da, ideologikoki potentea. Nafarroaren usain hori hartzen dute eta Ekialdea euskalduntasunaren parte egiten dute. Historia poetizatu du Benitok, historia ekarri du, kantu epiko eta narratiboak egin ditu, baina folkorizazio eta historizismo hutsean erori gabe. Alegia kultura nazional bat ekarri du, estetikaren ikuspegi zorrotz batekin, Gartxot, Kanpion…”
-”Ezazula uka inoiz zure izatea” (Altabizkar / Itzaltzuko badoari, 1981)
“Benito ez da inoiz izan dogmazalea. Baina izan da maisua maisu izan gabe. Ez da konbentzio sozialek baldintzatutako pertsona eta kantaria. ‘Zuk egin zurea, eta hortik aterako dira gauza politak’. Norbere gidari bakarra. Hori ez da erraza. Nahi izaten dugu maisu bat aukeratu eta esan diezagula zer egin; arauak jarraitzea. Baina berak pertsona libreak nahi ditu. Jende emantzipatua nahi du”.
-”Gaueko ele ixilak baino ixilago den egia ez dut kontatu ahal izan” (Gaueko ele ixilen baladak, 1985)
“Benitok transmititu nahi du bere egia. Transmititu nahi du artean zein garrantzitsua den zure egia transmititzea. Zerbait aportatzekotan, izan dadila zure erraietatik ateratzen den egia”.
-”Atximur bat zure adimenari, ixiltasuna fereka dezan” (Pazko gaierdi ondua, 1989)
-“Edertasuna arriskuan dagoen garai hauetan, merezi luke izatearen mugagabean galtzea” (Mauleko bidean, 1987)
“Benitoren jardunaren diskurtsoa ez da bai ala ez, beti eramaten zaitu areago. Galdera propioak egitera eramaten zaitu, eta edertasunaren estetika oso zaindua du, ez da batere konformaerraza. Berak dio perfekzionista fama duela baina egiazki txapuzeroa dela. Behin kontzertu txar bat eman eta esan zuen: ‘Nik etorri diren guztiei dirua itzuliko nieke’. Baina, perfekzionista da bai. Espainian ez du askotan jo, baina behin deitu zioten Murtziatik eta baiezkoa eman zuen. Pentsatu zuen oholtzaren gainean norbaitek itzuli behar zituela gaztelaniara bere letrak eta niri egin zidan proposamena. Entseguak egiten nituen eta beti esaten zidan ez zitzaiola gustatzen, baina ez zidan esaten zergatik. Azkenean egin genuen eta ondo atera zen, baina gaizki pasatu nuen. Batetik, ohorea izan zen bere taldeko sentitzea baina bestetik…”.
-“Oro laño mee batek estaltzen zuen gure Herria” (Oro laño mee batek…, 1974)
Benito Lertxundiren musikak badu oso ahaire berezi bat, aura propio bat, Ablanedok dioenez: “Izpiritualtasun bat, atmosfera konkretu bat, orkestra aireak, instrumentazio handiak. Izpirualtasun pagano bat, oso karakteristikoa da hori, eta bereziki nabarmentzen da Benitoren ahotsa. Eta ahots oso desberdinak izan ditu bere ibilbidean, agudoagoa, epikoagoa, cohendarra, sarkorra… Karisma du bere ahotsak eta karisma du bere musikak ere. Zuberoa diskoa majikoa da, abdidez, oso atabikoa. Horrez gain, Benitok bidaiatu izan du: Mediterraneoa, Grezia, Bretainia, Irlanda… eta ekarri ditu musika horiek ere, eta hortik ere badatoz atmosfera bereziak.