Musika

Iñigo Astiz

2022.09.10

Iñigo Astiz

Hitzekin ere instrumental jokatzea

Barre egitea izan da Kepa Izeta Sofa taldeko baxu jotzailearen lehen erreakzioa, baina baietz esan du gero, «ongi jo eta ongi pasa» izan daitekeela euren musika laburbiltzeko lelo egokia. «Kontzertuetan-eta, metalzaleek beti esaten digute hori, akorde maior gehiegi jotzen ditugula, eta happy-egiak garela, baina guk beti izan dugu dantzarako eta alaitasunerako grina hori, natural atera zen hasieran, eta horri eutsi diogu». 2012. urtean sortu zuten Sofa, Zarautzen (Gipuzkoa), eta hirugarren diskoa kaleratu dute orain: Krispetak (Bonberenea Ekintzak eta BCore). Alaitasun moduko batez blaitutako rock matematiko dantzagarria da eurena, eta, aurrez, bi disko instrumental argitaratu ostean —I izenekoa 2015ean, eta II 2017an—, kantuan ere hasi dira. «Erronka polita izan da».

Sofa

Hirugarren diskoa kaleratu du Sofa hirukoteak.

Beste musika tresna bat gehiago balitz bezala landu dituzte ahotsak, halere. Ahotsari taldearen alderdi musikala zapal dezan utzi gabe. Eta diskoa abiatzen duen “Zartaiko parakaidistak” abestia izan daiteke jarrera horren froga. Bost minutuko iraupena du kantuak, eta hirugarren minutu eta 29. segundotik aurrera bakarrik sartzen da ahotsa.

Hitzen ‘kortozirkuitua’

«Bestela ere diskorik diskora denbora hartzen dugu», azaldu du Izetak, «baina konfinamenduarekin denbora gehiago izan genuen, eta proba batzuk egiten hasi ginen. Hasieran, ideiarik ere ez geneukan nola egin nahi genuen, baina nahiko era naturalean atera zen, eta ikusi genuen beste instrumentu bat gehiago izan behar zuela; eta ikasteko asko dugunez, hauxe egin dugu: lehenengo, ahots asko jarri, eta, gero, kendu, emaitza ahalik eta minimalistena izateko. Ahotsak puntu batzuetan zerbait gehitu behar zuela iruditzen zitzaigun, eta, bestela, tresnek izan behar zutela garrantzia, Sofa halakoa delako».

Baina behin kantuan hasita, musikarekin egin bezala, hitzekin ere puntu jostalari eta dantzagarri horri eustea izan zen hurrengo erronka. «Jon Benitorekin [idazlearekin] hizketan, hori esan zigun: gure musika iradokitzailea den bezala, kantu-hitzek ere iradokitzaileak izan behar zutela, ez gintuela ikusten serio aritzen, eta kantatzen hona joan garela eta pentsatu dugula hau edo beste. Lan gogorra izan da, baina saiatu gara zerbait pertsonala egiten».

Eta, kasu horretan, diskoaren aurrerapen modura plazaratutako abestiaren titulua izan daiteke jarrera horren adibiderik argiena: “Kokodrilua ta bihurgunia kotxia lapurtu ta perretxiko bila duaz”. Hori, edota, palindromoz eta bi norabidetan irakurriz gero esanahi ezberdina duten esaldiz osatutako “Alegrergela” abestia, bestela. Jolasti. Iradokitzaile.

Estudioa eta zuzenekoak

Izetak dioenez, soinuak gidatu ditu maiz hitzak idazterakoan. «Etxean builaka hasi nintzen batean, ‘kortozirkuitua’ esan eta esan, gustatu zitzaidan hitza, eta hala sortu zen letra. Hitz baten inguruan egin ditugu kantuen hitzak. Kortozirkuituarekin, edo berdin gero krokodiloarekin ere, kantuan hasi krokodiloa, eta krokodiloa hitza gustatu zitzaidan hor, eta hitz horri tiraka joaten nintzen gero letrari zentzua bilatzen».

Izetak, Heloy Galan bateria jotzaileak eta Jonbe Martinez gitarra jotzaileak osatzen dute hirukotea egun, eta etxean hasi ohi dituzte kantak, Izetak dioenez. Ideiak finko xamar dituztenean hasi ohi dira lokalean. «Egitura edo leloa, riff potenteren bat itxita eramaten dugu». Bestela galdu egiten direla dio baxu jotzaileak. Orduak eman ditzaketela ideia bati bueltaka. Egunak. Asteak. «Buelta asko ematen dizkiogu buruari. Kantu batzuk natural ateratzen dira, eta beste batzuekin bi urte eta erdi eman ditzakegu, baina gero ez daukagu gupidarik kanta bat kentzeko edo erritmo bat kentzeko. Zakarrontzira asko botatzen dugu. Nahiko ipurterreak gara».

Gaztain estudioan egin dituzte grabazioak oraingoan, Eñaut Gaztañaga soinu teknikariarekin, eta Liverpoolera eraman dute gero nahasketak egitera, Alpha Malte Tea Party taldeko Tom Peetersekin. Sofako kideek maite dute Peetersen taldearen musika, eta horregatik jo dute harengana. Izeta: «Rock matematikoko disko asko egin ditu, eta gogoa geneukan harekin lan egiteko». Eta pozik geratu dira emaitzarekin. «Bere espazioa dauka guztiak».

Hamar abesti grabatu zituzten estudioan, baina zortzi sartu dituzte azkenean diskoan. Eta biniloan ere hala antolatu dituzte, lau alde batean eta lau bestean.

Zuzenekoak ere dantzagarri maite dituztela dio Izetak, eta ongi pasatzea eta ongi jotzea izan daitekeela hor ere helburua. Eta barre egin du berriz inguruan euren musikarentzako eszenarik ba ote duten galdetuta. «Barrez aritzen gara gu geu geure artean euskal folk rock matematikoa egiten dugula esatean, eta ez dakit non jarri zuten guri buruz ‘XXIII. mendeko pop-a’ ginela. Rock matematikoaren inguruan aritzen gara, eta entzuten dugun guztiaren fusio bat da hau, azkenean».

→ Sofaren datozen kontzertuak

ETIKETAK:Bonberenea EkintzakSofa