Musika

badok

2016.01.26

badok

Iritzia: ‘Tu madre es una puta’

2016. urteko urtarrilaren 23a ez dut sekula ahaztuko: Historian, lehenengo euskarazko freestyle txapelketa ospatu zen. Euskarazko rap bapatekotasuna. Euskara XXI. mendean bizi da.

freestyle1

Gasteizko Gaztetxeak hartu zuen euskarazko lehen freestyle txapelketa.

Duela 10 urte baino gehiago hasi nintzen rap munduan. Erdarazko freestyle txapelketa askotan hartu nuen parte: batzuetan lehiatzen, bestetan txapelketa aurkezten edota epaile lanak egiten. Baina laster ohartu nintzen “tu madre es una puta”, “me follo a tu hermana” edota “eres un puto maricón” bezalakoak saritzen zirela. Erdarazko freestyle txapelketetan, irainak, matxismoa eta homofobia saritu egiten da. Morfosintaktikoki analizatu “Red Bull Batalla de los gallos” izenburua, mesedez… Txapelketa hauei boikot aktiboa egiteko proposamena luzatu nahi dizut, irakurle. Gaztelera, XVII. mendean bizi da.

freestyle bad

Bad Sound Systemek berotu zuen giroa larunbatean.

Baina pasa den larunbatekoa desberdina izan zen. Sei rap kantari (bertsolari batzuk ere parte hartzera ausartu ziren) bapateko rapa botatzen: Gatom, Izar Mendiguren, Odei Barroso, Viñaspre, Ane Guria eta Solozabal. Hitz bati buruz, objektu bati buruz, pelikula bati buruz edota beste pertsona bati buruz inprobisatu behar izan zuten, norgehiagokan. Epaileetariko bat nintzen, eta finalistak aukeratu behar genituen: Viñaspre, Odei Barroso eta Ane Guria izan ziren. Nola esaten da Batalla de las gallas euskaraz? Eta “tu madre es una puta”? Ez dugu behar horrelakorik. Ez genuen errespetu faltarik entzun gau osoan zehar, baina rap maila izugarri altua izan zen: jendea saltoka, oihuka, barreak botatzen eta esku batekin airean ikusi nuen.

Gaueko hamabietan irabazlearen izen bat eman behar genuen… Gasteizko gaztetxearen adrenalina maila zeruetan zegoen (Red Bull edan gabe). “Irabazlearen izena?? Bat, bi eta hiru!!!: Ekaitz Samaniego!!!”. Ez bilatu izen hori partaideen artean. Familia eta lagunek Ekaitz Samaniego zoriontzeko ehundaka kilometro egingo dituzte. Ekaitz in da house.

Testua: MAISHA MC

ETIKETAK:Ane GuriaMaisha MCOdei Barroso