Musika

badok

2016.04.27

badok

Jose Mari Argoitia hil da, Itoizen hainbat kanturen hitzen egilea

Jose Mari Argoitiaren heriotzaren albistea jaso dugu gaur goizean. Itoiz taldearen Musikaz blai diskoko kantu gehienen hitzak idatzi zituen Argoitiak (Ondarroa, 1958). Folk-rock progresibotik pop-rockera jauzi egin zuen Itoizek disko arrakastatsu horretan, eta Argoitiaren hitzek bat egin zuten taldearen estetika musikal berriarekin. “Marea gora”, “To Alice”, “Lo egin”, “Safari”, “As noites da Radio Lisboa”… dira disko horretan Argoitiaren hitzak dituzten kantuetako batzuk. Espaloian Itoizen hurrengo diskoan ere kolaboratu zuen ondarrutarrak, “Egun motela” eta “Abar irratia” kantuen hitzak idatzi baitzituen.

Argoitia1993ikuskaria

Jose Mari Argoitia, 1993ko argazki batean, ETBn ‘Ikuskaria’ saioa aurkezten zuen garaikoa. (EITB)

Argoitiak Euskal Telebistan egin zuen lan hainbat urtez, 26 urte zituenetik hain zuzen. 90eko hamarkadan musika klasikoari eskainitako Ikuskaria saioa aurkeztu zuen, ondoren 1 Bitan erreportaje saioa zuzendu zuen eta ETB3 sortzearekin batera kultur saio bat gidatu zuen.

Azken urteetan Aitzol Aramaioren omenez Ondarroako Marabilli jaialdia antolatzen duen Manuelistak taldeko kidea izan zen, eta iazko ekitaldian Montxo Armendariz eta Asier Altuna zinema zuzendarien arteko solasaldia gidatu zuen.

argoitia marabilli moztuta

Montxo Armendariz eta Asier Altunaren arteko solasaldia gidatu zuen Argoitiak iazko Marabilli jaialdian. (Marabilli)

ETIKETAK:EspaloianItoizMarabilliMusikaz blai