2026.07.21
Koska-k orain 50 urte (1976ko uztailean) grabatu zuen bere lehen diskoa, euskarazko rocka abesti berriekin argitaratu ziren lehenetako bat. Hori dela eta, neure musika-bizipen batzuk partekatuko ditut hemen.
Amak sukaldean irratia piztuta izaten zuen eta handik ikasi nituen mutil koskorra nintzela etxeko leihotik kanpora begira armonikaz jotzen nituen abesti haiek. Geroago, transistore txiki hartatik gauez iristen ziren emisoretan aditzen nituen beste herrialde batzuetako abestiak (ohiko italiar eta frantsesak, britaniar olatua eta iparramerikako afro taldeak).
Zaletasun bereko 4-5 lagun elkartzen ginen. 2. eskuko Jomadi eta Hoffner gitarrak eta Ritmo anplifikagailu txikia etxeko pagak bilduz erosi genituen eta bateria etxeko aulki zahar bat joz, handik edo hemendik jiratzen genituen diskoetatik ahalik eta kopiarik onenak egiten genituen. Horiexek izan ziren gure lehen musika-ikasketak, autodidaktak. Hura zen jakin nahia!
Beranduago (nik 16 urte, 1969an) musika talde bat (Expresión Sonora) eratzeko abenturan murgildu ginen dantzatokietan igande arratsaldeetan eta larunbat berezi batzuetan coverrak joz, ingeles itxurako batean kantatuz. Gazte jendeak gustura hartu zuen gure musika-ekarpena. Eta gu ilusioz beterik geunden.
Euskaraz kantatzeari heldu genionean, hasieran, Antton Haranbururi (1) melodien silabak emanda osatzen genituen jatorriz ingelesez zeuden abesti haiek. Koska izena jarri genion taldeari (nik 18 urte, 1971an). Neure kantuak orduan hasi nintzen sortzen eta geroxeago neure letrak ere bai. Nirekin batera, besteak beste, Gabi Agirrezgomezkorta (2) aritu zen. Pauso garrantzizkoa ematen ari ginela sentitzen genuen.
Elgoibar eta inguruko herri askotan arrakasta handia izan arren, euskal disketxeen irudiko, gurea ez zen euskal musika eta kanpoko disketxeak ez ziren ausartzen hemengo giro politikoa zela eta. Orduko kontuak…
Beldurrez abestian islatzen da orduko giroaren alderdi bat. Eta bitxia da: ez da ba berriro azaldu, beste zentzu batean, kezka hori Alguillo eta Alkimistak-en Hor, zelatan kantuan!
Proiektua zabaltzeko ametsa lausotzekotan zegoela, 1976an disko handi bat grabatzeko aukera agertu zen, Madrilen, Fernando Unsain (3)-en eskutik. Abestiak aukeratu, besteren bat hartarako propio sortu eta 1976eko uztailean Herri irratietan entzuten eta dendetan saltzen hasi zen Koska diskoa (4), urtebetera legeztatuko zen ikurriña diskoaren azalean nahiko agirian agertuz.
Oihartzun handia izan genuen, kontzertu ugari eman genituen han eta hemen. Kantu laburrak A aldean zeuden, Beldurrezko batean-ekin batera, eta B aldean Bizitzaren poemek, aurreko abestiarekin batera beste estilo bat erakusten zuten. Garraztasuna izan da jendearen oroimenean luzaro geratu dena, Ruper Ordorika-ren 2013ko bertsioaren bultzadarekin.
Zurrunbilo horretan ari ginela, pauso handiagoa eman nahi izan genuen eta beste lan bati ekin genion. Bihozkadak (5) izena jarri genion Xoxoarekin ondoren argitaratu genuen diskoari.
Tinbre psikodelikoak eta giroketa bereziak sortzen genituen, erritmo aldaketak, ahots asko, eta abesti luze samarrak, rock progresiboan burubelarri sartuta. Letrek giro zapaldua eta garai hartan Euskal Herrian ematen ari ziren egoera eta gertaera gatazkatsuak deskribatzen zituzten, izan ere, Koskaren letrak giro erreibindikatzaile batean jaio ziren.
Koska utzi eta, bata eta bestea egiten jardun dut musikan, beti zerbait, baina 2023an neure proiektu pertsonalago bat garatzeko unea iritsi zitzaidan gaur egun laguntzen didaten Alkimistek lagunduta.
2024ko udazkenean Elgoibarren agertu zen lehen aldiz Alguillo eta Alkimistak proiektua Burua makurtu gabe (6) diskoa kaleratzearekin batera. Geroago ere Zarautzen eta Tolosan agertu gara. Ondoren argitaratu diren bi kantuek Izua eta Hor, zelatan estilo helduagoa aurkezten dute, eta ea ze forma hartzen duten ondoren datozenek.
Estilo musikala hitzez azaldu behar banu, R&B edo soul-aren eragina hainbat abestiren musiketan nabaritzen dela esango nuke, lehengo kantuen eta neure gustuen kutsua, eta istorio askoren azpian erritmo afrokubatarren taupadak ere igarriko dituzula esango nizuke, Alkimisten orrazkerak ukitu pertsonalizatua emanez.
Zenbait musika-kazetarik Koskaren elementuak antzematen dituzte Izua eta Hor, zelatan bi abesti berrietan. Jakina, hortik nator eta.
Istorioetan, gizartearen kezkak, pertsonaia sinbolikoen aterramentuak eta, orain arte ez bezala, jairako gonbidapenak azaltzen dira.
Alguillo eta Alkimistak-en zuzeneko kontzertua istorio batzuen bilduma da: “Hamaika istorio eta bat gehiago” deitzen da. Istorio deitzen diot, osotasun bat delako, istorio bakoitza emozio baten gainean eraiki eta melodia eta letra elkarrekin egin direlako elkarri egokituz.
Abuztu honetan, 24ean, egongo da Elgoibarren “Hamaika istorio eta bat gehiago” kontzertua, arratsaldeko 8:00 etan.
Oharrak:
(1) Antton Haranburu. Elgoibar Ikastolako maisua orduan
(2) Gabriel Agirregomezkorta, Koskaren gitarra solista.
(3) Fernando Unsain IZ disketxearen sortzailea
(4) Koska, 1976, IZ ren bigarren diskoa.
(5) Bihozkadak, Xoxoa 1979
(6) Burua makurtu gabe, 2024. Autorea, editore