Musika

badok

2014.04.25

badok

Lehen fasea besterik ez da

Musika taldeen urtemugetan eta, ohikoena atzera begiratzea izaten dela pentsatzen du Gorka Urbizuk (Lekunberri, Nafarroa, 1977). «Baina horrek ez gaitu askorik motibatzen». Horregatik, Berri Txarrak taldeko kideek «sormen prozesu berezi batekin» ospatuko dute taldearen 20. urteurrena, Urbizu abeslari, hitzen sortzaile eta gitarristak adierazi duenez. Prozesu horren lehen etapa AEBetan osatu dute. Hasteko, hiru aste pasatu dituzte material berria grabatzen Ross Robinson ekoizlearen estudioan, Venicen (Kalifornia), eta gero, joan den apirilaren 8a eta 15a bitartean, astebeteko bira osatu zuten, zazpi kontzertu emanez: San Franciscon, Merceden eta Chicon Kaliforniako estatuan, Portlanden eta Eugenen (Oregon), Seattlen (Washington), eta azkenekoa New Yorken. Itzuli dira Euskal Herrira, baina Urbizuk argi dauka: «Lehen fasea besterik ez da izan AEBetakoa, Rossekin [Robinson] gauzatutakoa».

Azken 20 urteotan estudioko zazpi disko kaleratu ditu taldeak — Berri Txarrak (1997), Ikasten (1999), Eskuak / Ukabilak (2001), Libre (2003), Jaio.Musika.Hil (2005), Payola (2009) eta Haria (2011)—, eta pentsatzekoa da zortzigarrena bidean dagoela, baina Urbizuk ez du pista gehiago eman nahi izan: «Gure mezua da urteurrena sortzen emango dugula». Kantu berri batzuk erregistratu dituzte Kalifornian, bai, baina etxera bueltan idazten jarraitu nahi dutela onartu du taldearen abeslariak.

Berri Txarrak-ekoek hirugarren aldiz jo dute nazioarteko ospea daukan ekoizle batengana. Payola Steve Albiniren (Shellac, Fugazi, Nirvana, Pixies…) zuzendaritzapean ondu zuten 2009an, zortzi egunen buruan, eta Ha- ria-n Robinson (Slipknot, Sepultura, Korn, Machine Head, The Cure…) bera izan zuten gidari. Eta berriro harekin. «Ez gara ekoizleak errepikatu zaleak, baina kantuok grabatzeko egokitzat jo genuen», aitortu du Urbizuk. Dena modu nahiko naturalean gertatu dela dio; Robinsonek haiekin grabatzeko gogo handia zuela eta haiei ideia ona iruditu zitzaiela elkar ezagutzeak daukan abantaila baliatzea.

Soinuekin esperimentatzeko joera dauka ekoizleak, Berri Txarrak-eko abeslari eta gitarristaren esanetan, eta, era berean, musikariak muturreko egoeretara eramaten saiatzen da, ahalik eta emaitza bortitzena lortzeko. «Oso berezia da. Batzuetan gaizki pasatzen duzu, bera gorrotatzera ere iristen zara, baina emaitzan sua igartzen ahal da zenbait pasartetan, eta hori presio lan horren ondorio da». Etxeko lanak eginda heldu ziren Venice eguzkitsura, «estudioan inprobisatu ahal izateko komeni baita». Hortaz, bertsolarien gisara jokatzen dutela pentsatzen du Urbizuk.

Aurreko diskoari ekin aurretik, aitortu zuen ez zekitela zer nahi zuten soinuari zegokionean behintzat, baina bai, ordea, zer ez zuten nahi. «Ez dakit orain ba ote dakigun…». Bazekien, baina, kantuak estudioan aldatu eta hazi egingo zirela. Uste hori edukitzen dute. Beraz, gauzak probatzeko beldurrik gabe ekiten diote grabaketari. «Prozesu horretan beti bada zerbait galtzen ari zaren sentsazioa, baina ezagutzen ez duzun bide horrek nora eramango zaituen ikustea oso erakargarria egiten zaigu». Eta Ernest Hemingway aipatu du, hausnarketa berresteko: «Esaten zuen lan baten kalitatea neurtzen dela kentzen diozun material onaren arabera. Ez da teoria txarra».

Teorizatu beharrean, ordea, musika egitea eta hori hedatzea da haien zeregina, etiketen gainetik; gainera, ez dira estiloen inguruko eztabaidekin kezkatzen. Baina punk jarrera eta gitarra metaleroak oinarrian dituztela osatu dute 20 urtez zutik dirauen etxea. Suzko rock zapalgailua ere badirela esan izan da haietaz, eta pop kutsuko melodiak ere badituztela; aurreko diskoan inoiz baino nabarmenagoak zirela adierazi zuen Urbizuk. «Beste ezeren gainetik, inperfekzionistak gara», dio egun. «Sentsibilitate popero hori hor egon da beti, oskolagatik bestelakoa dirudien arren. Kantuok luzatu egin dira estudioan, eta nahiko garapen bihurria daukate». Ez dute atzera begiratzen, ordea, eta ez errepikatzea da, beharbada, aurrean daukaten desafio handiena: «Kontraesan horrek bizi gaitu nolabait: ez errepikatzearekin Berri Txarrak-en nortasunari eustea».

Diskoak agortuz 

Eta, besteak beste, nortasun horri esker da Negu Gorriak-en garaitik bai hemen eta baita nazioartean ere ikusmin gehien piztu eta zabalkunde handiena lortu duen Euskal Herriko rock taldea. Orain astebete pasatxo San Franciscon jo zutenean, adibidez, Urbizu konturatu zen jada bederatzi urte igaro direla han lehendabiziko aldiz aritu zirenetik. «Ordutik mundu osoan bueltaka aritu gara. Zer pentsatua eman zidan: zenbat lan, zenbat kilometro eta abesti… Esker ona eragiten dit honek; AEBetan gratitude deitzen dioten hori».

AEBetan eman berri dituzten kontzertuetan «harridurazkoa» izan da jendearen erantzuna, Urbizuren esanetan. Naked House eta Ape Machinekin, haien musikarekin pareka daitezkeen taldeekin jo dute, esaterako, eta kontatu du, anekdota gisa, emanaldietan saltzeko eramandako disko guztiak agortu zituztela azkeneko kontzertura iritsi aurretik. Kanpoan etxean bezain estimatuak direla frogatu ahal izan dute berriro. Hortaz, iruditzen zaio, adibidez, «musikak zenbait aurreiritzi eraisteko behar beste indar baduela». Oraingoz, beste bi kontzertu iragarri dituzte beren webgunean: uztailaren 12an, Bartzelonako Cruilla jaialdian, eta abuztuaren 2an, Albiko (Frantzia) Xtreme festibalean.

Ibilbide laburragoa izanagatik, badira zuzeneko diskoa (edo diskoak) kaleratzera animatu diren taldeak. Orain bi urte Donostian Berri Txarrak-ek emandako kontzertu baten ondoren, haiei ere hori egitea zegokiela iruditu zitzaion musika kazetari euskaldun bati. «Igual hala da, baina ez gara zuzeneko diskoen zaleak», argitu du Urbizuk. Orain, 20. urteurrenean, sormen prozesu berezi batean daude, eta AEBetakoa lehen fasea besterik ez da.

ETIKETAK:Berri Txarrak