2019.12.20
Gernikako Lekuek jaialdiak hurrengo urteko egitarauaren lehen aurrerapena zabaldu du. Ohi denez, astebete iraungo du jaialdiak, martxoaren 7tik 14ra bitartean, eta estilo anitz bilduko ditu bere egitarauan. Oraingoz hauek dira antolatzaileek iragarri dituzten taldeak: Sua, Lisabö, Orreaga 778 eta Gaizka Insunza Euskal Herrikoen artean, eta Wormed Madrilgo death metal taldea eta Ash Grunwald Australiako blues musikaria kanpokoen artean.
Kontzertuez gain, erakusketak, hitzaldiak, disko azoka, zine-kluba eta beste hainbat ekitaldi eskainiko ditu Lekuek jaialdiak bere zazpigarren aldian. Bonoak dagoeneko salgai daude 25 euroan Gernikako Astran, Aterpen, Ospan eta Zaplasten, baita gernikakolekuek.com web orrian.