Musika

badok

2017.05.17

badok

Lurra larunbatean itzuliko da agertokietara

Duela urte eta erdi inguru, 2015eko urrian, aurrez lotuta zituen kontzertu guztiak bertan behera utzi eta behin-behinean agur esan zuen Lurra taldeak. Iñigo Muguruza taldekideari antzemandako gaixotasunak behartu zuen laukotea etenaldia egitera. Urtebete geroago, Muguruzaren osasun egoerak nabarmen hobera egin zuela eta, entsegu lokalera itzuli ziren musikariak —Muguruzaz gain, Ane Garcia (ahotsa), Karlos Zubikoa (baxua) eta Xabi Dols (bateria) dira taldekideak—, eta datorren larunbatean eskainiko dute itzulerako lehen kontzertua. Emanaldi berezia izango da, haurrei begira Hondarribian antolaturiko Txikimusika egitarauaren barruan izango baita. Lurraren kontzertua 12:30ean izango da, Kasino Zaharrean.

Txikimusika

Hondarribikoaren ostean, ekainean kontzertu gehiago emango ditu taldeak —datak eta lekuak ez ditu oraindik iragarri— eta uztailean Hatortxu Rock jaialdian parte hartuko du, Lakuntzan (Nafarroan). Horrez gain, EP bat grabatzen ari dela azaldu du taldeak, eta disko horretako kantuak emanaldi hauetan entzun ahal izango dira.

ETIKETAK:Ane GarciaIñigo MuguruzaKarlos ZubikoaLurraXabi Dols