Musika

Ihintza Orbegozo

2023.07.12

Ihintza Orbegozo

Makro ereduen xehatzea (Kanterriko kronikak IV)

Aspalditik gure artean dauden, baina azken boladan denon ahotan, poltsikoetan eta eskumuturrekoetan dabiltzan musika jaialdien bideo, afitxa eta argazkiak aletu ditu Jon Urzelaik Kanterriko bigarren eguneko lehen saioan. Argitaratu berri duen Su festak (Susa) liburua hartu du oinarri, eta historia pixka batekin testuinguruan jarriz, gaur egun Euskal Herrian dauzkagun festibal mota ezberdinen inguruan aritu da.

 

Jon Urzelai, hitzaldia ematen, Oiartzunen. KANTERRI

Jon Urzelai, hitzaldia ematen, Oiartzunen. KANTERRI

Euskal Herriko bi adibideren ereduak aipatu ditu, 1963an Zigoitian (Araba) egin zen Mairuelegorretako jaialdia, eta 2013an Zugarramurdiko kobazuloan (Lapurdi) ospaturiko Cave Rave, Crystal Fighters nazioarteko taldea kartelburu izan zuena. Lehenengoa frankismoaren garaian Euskal identitatearen aldarri bat egin nahian antolaturikoa izan zen, Euskal nortasun bat hauspotzekoa, Euskal dantza eta musikaz betea. Bigarrena, aldiz, gaur egungo makro-festibaletatik dezente duena da, ingelesezko izenburuarekin, Kutxabankek babestua.

Hainbat dira gure inguruetan gaur egun ospatzen diren jaialdiak, baina musikara bideratuak diren tamaina txiki-ertainekoak alde batera utzi ditu bere paradigmatik, eta Euskal Herrian egiten den jaialdirik handiena baliatu du, Bilbao BBK Live, hitzaldi osoan zehar, gaur egungo festibal erraldoien eredua azaldu, oso agerikoak iruditzen zaizkionak alde batera utziz, beste xehetasunak aztertzeko. Bideo ezberdinez lagundu du saioa, baita hainbat afitxa eta argazkiz ere, guztiek esaten ari zena hobeki ulertzeko balio izan dutelarik. Hainbat puntu nabarmendu ditu, eta horiek xehatzen aritu da bi orduz.

Esperientzia, identitate nazionala eta hiri eredua

Esperientzia saltzen eta erosten da jaialdi hauetan, eta ongi azaltzeko urte batzuk atzera egin du, 1969ko Woodstock pop jaialdira -eta bi urte atzeragoko Californiako beste bi jaialditara-, “gaur egungo mito fundazionala” dela azalduz. Hemen musikaz gain esperientziak izan zuen garrantzia nabarmendu du, baina, bertako Movement City karpan eragileek euren aldarrikapenak plazaratzen zituzten bitartean, gaur egun low cost hegazkin konpainia eta etxeak erosteko plataforma batenak daude. “Gaztetasun bat aldarrikatzen hasten da, kontsumo burugabe batean oinarritzen dena, ardura alboratuz”, komentatu du Urzelaik.

Identitate nazionala, Euskaltasuna, aipatu du bigarren lerrotzat. 60-70. hamarkadetan identitate nazionala aldarrikatu zuten Mairuelegorretan, baina BBK Livek Supereuskadi liburuko irudi batzuk jaialdiaren iruditegirako erabili baditu ere, marka bat sortzeko asmotan dela aipatu du. Hori nabarmendu du lerro honetan, bi bide daudela euskaltasunerako: nazio marka bat sortzeko (be Basque kasu); edo “euskaltasuna berriro imajinatzen saiatu, modu berrietan oinarritzen jarraitzeko asmoz, eta tradizioak asmatuz”.

Lehen bide horretako hainbat adibide jarri ditu, BBK Liven joaldunak edota aizkolari bat kotxe bat txikitzen egon izana, duela urte batzuetako MTV Weekend-en Btv sarietako “Euskadi es guay” leloa, edota Basque FEST-en iruditegia ere harrijasotzaile eta aizkolariz osatuta egotea. Nabarmendu du, Be Basque marka hau EAE zentrista dela, gaur egun dauden jaialdi ezberdinak indartzeko sortua “errautsen gainean hildako elementuak jartzen dituena”, eta kulturarekin ez-ezik gastronomiarekin ere lotzen dela, beti ere turismoaren bueltan oinarrituta, elementu exotikoak indartuz. “Euskal Herria existituko bada, da imajinatzen jarraituko dugulako, eta eraldatzen jarraituko duelako” aipatu du Santi Leoneren aipua gogora ekarriz, eta horren adibidetzat, beste muturrean aurki daitekeen EHZ jaialdia. Gazteak elkartzeko, lan boluntarioa egin, Iparralde-Hegoalde harremana sendotu eta herri bat eraikitzen joateko asmoa aipatu ditu bertan. Iruñerrian ere Iruinkokoa eta NOLA kolektiboa bezalakoen arrakasta azpimarratu du, lehenengo libertimenduaren ezaugarri batzuk hartu, baina asmaturiko inauteri euskaldun partehartzailea izanik, eta bigarrena, New Orleansetik datorren musika beltza indartzeko sortua den musikari ezberdinek sorturiko kolektiboa, euskarara ekarri eta gure kulturari elementu berriak txertatu dizkiona “lur emankor bat sortu dute fruituak eman dituena, errautsak harrotzen baino, garrak indartzen ari den mugimendua da”. Ez Dok Amairurekin lehenengo, eta 80. hamarkadan punkarekin eman zen mutazioarekin gero, argi ikusi da “euskalduntasunak ez dauka berez ezer punkarekin edo folkarekin lotura duena, hori eraikitzen joan da”, euskalduntasun komunitario kontrakultural bat sortuz, euskalduntasuna balio kontrakulturalekin eratuz.

Hiri eredua ere ertz garrantzitsutzat hartu du Urzelaik, Espainiar estatuan dauden hiru jaialdi handienek, proiektu urbanistiko batekin zerikusia dutela azalduz: Sonar Bartzelonan 1992ko joko olinpikoen egiturekin lotzen dena, Primavera Sound, lehenago sortu zen arren, 2004ko Forum de las Culturas-ekin, bertako azpiegituretan indartu zena, eta BBK Live Guggenheim museoaren markarekin lotzen dena. “Proiektu urbanistikoen hiri eredu konkretu batzuk elikatzeko balio dute jaialdi hauek”. Nabarmendu du herritar eta publikoaren parte-hartzearena, BBK Live Hirian ekimena Bilboko San Francisko auzoan egin arren, auzoa bera dekoratua eta auzotarrak figuranteak baitira, baita Donostiako Olatu Talka ekimenean ere. Aldiz, Iruñean NOLA kolektiboak antolatu izan duen Ibaiertzean jaialdian, herritarrei protagonismoa eman nahi zaie, baita Gernikako Lekuek bezalakoetan ere. Lanaren arloan gehiegi sakondu ez badu ere -Nando Cruz kataluniarraren Macrofestivales liburua gomendatu du- azpimarratu du langileen egoera prekarioa, eta instituzio publikoetatik jasotako laguntza, makro-jaialdi hauek ez bailirateke posible izango horiek gabe, eta benetan eztabaidagarria da jaialdi hauek musikarien sarea ere indartzen dutenik.

Ereduaren agortzea

Amaitzeko, kultura fosilaren kontzeptua aipatu du, erregai fosilekin alderatuz: “Makro eredu fosil horiek agortzen ari diren heinean hau ere agortzen joango da, ez delako jasangarria hainbeste jende momento berean leku berean kontzentratzea eta horretarako baliabideak jartzea”. Euskadi Last Tour ere aipatu du, Hego Euskal Herriko jaialdi handienez gain, hainbat areto kudeatzen baititu promotoreak, eta diskoetxe eta liburu editorial bat ere sortu berri dituzte, arlo anitzetan eskua sartuz, eta musika urbanoarekiko apustu garbia eginez.

Hainbat ekarpen egon dira bertaratuengandik, hala nola, BBK Livek atzerritarrentzako jaialdia antolatzen duela, eta pack batzuk eskaintzen dizkiela jaialdia, San Ferminak eta surf egitea eskainiz, argi utziz, turismoari ematen zaion garrantzia. Diru publikoarekin ze apustu egin dela garrantzitsua ere aipatu da, herri batzuetan sorkuntzarako inbertitzen baita, atzerritarrentzako jaialdiak antolatu beharrean.

“Lehen aipaturiko continuum kontrakultural hori musika urbanoarena izan daiteke, baina ez ote da eten, last tour sartu den heinea; edo ez ote du sinergia hori oztopatuko kolektibo ezberdinen artean?”.

ETIKETAK:BadokJon UrzelaiKanterri