2014.05.30
BADOK eraberrituaren aurkezpen ekitaldian ezin zen musika falta. Jon Basaguren (Izaki Gardenak), Tania de Sousa eta Neighborren kontzertu akustikoa zapore ona utzi du San Telmo Museoko elizan egindako ekitaldira. BERRIAk berritze prozesuaren azken emaitzak (webgunea, Badok eta papereko edizioa) batera aurkeztu ditu 300dik gora lagunen aurrean. BERRIA aurrera doala erakusteko ekitaldi bat izan da. Berrialagun, irakurle, jarraitzaile eta babesleei esker.
BADOK-en eskaintza berria aurkezteko aukera izan hobea izan da, agertoki berezi batean. “Aurreko BADOK garai analogikoari zegokiona zen, molde zaharrekoa. Honako hau aro digitalerako prestatutako tresna da”, laburbildu du Jon Eskisabel BADOK-eko koordinatzaileak. Musikaren zabalkundeari lehentasuna emateko aukera baliatu du BADOK-ek, azken urteotako aldaketa teknologikoak aintzat hartuz.
BADOK-en ezaugarri nagusiak aurkeztu ondoren musikaren tartea iritsi da. Jon Basaguren Izaki Gardenak talderen hiru kantu egin ditu gitarrak lagunduta. Ondoren, Tania de Sousak grabatu berri duen diskoaren aurrerapena egin zuen, lau kantu eskainiz, Ferminek lagunduta. Azkenik, Neighbor bikoteak –Maite Larburu eta Josh Cheatham– hiru kantu eskaini dituzte, ekitaldiari bukaera eder bat jarriz.
Hona hemen ekitaldi osoaren grabaketa, BerriaTBren eskutik: