Musika

Urko Ansa

2026.03.23

Urko Ansa

Ozen eta garratz (Latzen + Kuartz; zuzeneko kronika)

  • Kontzertua: Latzen + Kuartz
  • Lekua: Atabal (Biarritz)
  • Eguna: 2026-03-07

Kartel bikoitz benetan erakargarriaz gozatu ahal izan genuen pasa den larunbatean Miarritzeko Atabal aretoan. Sarrera guztiak agortuta, aretoaren kanpoaldean baita tabernako barrako zonaldean ere jendetza bildu zen arren, barruan oraindik jende gutxi zegoen kontzertua hasi aurretik. Honela, Kuartz hasterako jende gehiago sartzen hasi bazen ere, ez zen (momentuz) aretoa bete.

Kuartz bikoa. URKO ANSA

Kuartz bikoa. URKO ANSA

Oihan Delavignek (atabalak) eta Ibes Monagurenek (gitarra eta ahotsa) osatutako Nafarroa-Behereko bikotea dugu Kuartz. Badira hamar bat urte taldea martxan hasi zenetik eta zortzi inguru lehen diskoa atera zutenetik. Hiru diskoetan stoner-rock estiloa sakonki landu dute, eta estilo honetan (gogora ekar ditzagun Tutan Come On edota Niña Coyote eta Chico Tornado, adibidez) formula hori erabili duten erakuslerik onenetakoa da Kuartz. Ez da erraza hiru edo lau kide dituen banda batekin lortzen den soinua zuzenekoetan erdiestea, baina Kuartzek egiteko hori bereziki ondo zaintzen du. Gitarraren afinazio lodiak eta atabalen erabilerak berak sortzen duten sinbiosi ilunak oholtza aise menderatzera baitaramatzate.

Honela, 2024an argitaratutako III izeneko diskotik zein I diskotik hartu zituzten kantu gehienak, eta II lanetik bakarra jo zuten. Harribeltzazko erregina, beraien onenetako bat, aukeratu zuten ia hiru laurdeneko emanaldiari hasiera emateko. Inpresioa egiten du, ikusi ditugun guzietan bezala, oholtzaren iluntasunak eta proposamenaren indarrak. Argazkiak ateratzeko zailtasun estra bat den arren, era nahiko aproposean egiten dute bat soinuak eta argiztatzeak. Xutik hilak jostagarriarekin erakutsi zuten nola geldialdi edo isilune txikiek musikaren efektua biderkatzen duten. Etxeko zakurra astuna da, Goian bego stonerra bezala, nahiz eta azken honek lehertzeko denbora gehiago behar duen. Oihan atabal joleak eserita egon behar duenez, Ibesek hartu behar du oholtza betetzeko lana, eta lan horretan txukun aritzen da beti.

Bien arteko elkar-hartzeak erabatekoa izan behar du emanaldiak funtzionatzeko, eta halaxe egiten dute estudioan zein oholtza gainean. Jostagarrien artean (gehienak hala dira) Sartu dantzagarrienetakoa da, baita Odolak su gabe diraki eta Suntsitu ere. Azken diskoko beste bi pieza gogotsuren ondoren (Alta eta Fomo) lehen diskoko Bixkotx kantuarekin eman zioten amaiera kontzertuari. Oholtza ondo betetzen duen bikotea da, eta Latzen taldearen telonero izatea (gainera sarrera guztiak salduta), taldea promozionatzeko aukera bikaina izan zen.

Ordu erdiko itxaronaldiaren ondoren, iritsi zen, azkenik, momentu handia. Latzen arrakasta handia edukitzen ari da bigarren itzulera bira honetan. Lehen itzulera, dakizuen bezala, 2007an izan zen, eta zuzeneko diskoa eta DVDa (Hellmuga) grabatu bazuten ere, oraingoan kantu berriarekin datoz eta horrek proiektuari balio erantsia ematen dio. Hasiera oso indartsua izan zen. Lehen bost kantuak elkarren jarraian jo zituzten, atsedenik gabe eta elkar lotuta etorri baitziren. Lehenik, Txori txarrak kantu berria, zuzenean burmuinetara. Segidan, klasiko batzuen momentua etorri zen: Bat gehiago mitikoa eta lehen diskoko beste bat jarraian: Mamuak baztertu ikonikoa. Bigarren diskoko (Ardi larruz, 1998) pieza pare bat gero: Aukera baten bila eta Mila esker. Hemen ikusten da nola eboluzionatu zuen taldeak lehen diskotik bigarrenera.

Latzen, zuzenean, URKO ANSA

Latzen, zuzenean, Biarritzeko Atabalen. URKO ANSA

 

Gogortasun berri hori mastodontikoa eta erabatekoa da, baina lehen diskoa izan zen famatuena eta seguru aski onena. Honela, Torturaren artea zitala izan zen berriro ere. Ordurako aspaldi konturatuta geunden taldearen indarraz eta gogoaz. Soinu benetan potentea lortu zuten, baina ez hori bakarrik: taldekideen oholtza gaineko jarrera benetan kementsua izan zen. Aitor Uriarte zimak mugitzen egon zen kontzertu osoan, irribarre egiteari utzi gabe gitarra jo eta kantatu egiten zuen eta bereziki kontentu eta zoriontsu nabaritu genuen. Ahotsez, gainera, puntu oso onean dago eta agudoak erraz harrapatzen ditu. Joxemari Azpitarte baxu jolea (Potemkin taldean ere ibilitakoa) gure aurrean (ezkerreko partean) izan genuen eta bertatik-bertara bere instrumentuari sua nola ateratzen zion ikusi ahal izan genuen. Atabaletan Gorka Lazkano, bere bonbo bikoitz, tinbal eta plater hainbatekin armatua, indartsu eta gogotsu nabaritu genuen.

Eta bai, Iker Martinez de Zuazu gitarra jolearen (Potemkin, Keia, Iker Martinez eta Zaldi Herrenak…) falta somatu genuen, jatorrizko lauretatik falta zen bakarra zelako. Ikerrek, antza, dauzkan beste proiektuetan murgilduta jarraitu nahi izan du eta horregatik ez du itzulerako diskoan parte hartu, ezta zuzeneko bira honetan ere. Gauzak horrela, bere ordez sartu den Yerko Ortiz gitarra joleak diskoan ere grabatu du, eta bai, ikusgarria izan zen bere solista lana entzutea. Gitarra solo frenetikoak, punteo gogotsuak eta jarrera guztiz metaleroa erakutsi zituen. Beraz, Latzenekoei apustua ondo atera zaie, Iker ordezkatzea ez baita batere erraza.

Ahots guturalak ere ezin zuten falta emanaldian, nahiz eta ez duten sarritan errekurtso hau erabiltzen. Bai, ordea, Izatearen giltza gogorrean. Disko berriko lau kanta jotzen jarraitzen dute, eta Eutsi! da haietako bat. Gero, debut diskoko Indarra instrumentalak arnas pixka bat eman zigun, bigarren diskoko beste bi mastodonte etorri baino lehen: Itsutu klasiko eta zoragarria eta Traidorea borobila. Ordu eta hiru laurdeneko kontzertuan, bisak arte bederen, ez zuen emanaldiak inolako geldialdi edo beherakadarik eduki, hura eraso geldiezina izan baitzen: potentea, sentitua eta zoragarriki astuna. Lan berriko bi altxor, jarraian: Latzenen historiako bigarren balada heavya lehenik (Heroi direnak sentibera eta era berean gogorra) eta Memento Mori azpimaragarria: errepika oso hunkibera eta borobila daukan arren, pieza indartsua eta magnetikoa baita. Disko berriko Dogma ere errepertorioan erraz sartu daitekeela uste dugu.

Lehen diskoko erakusketa hirukoitza egin ziguten jarraian. Ikuslegoa zoratzen jarri zuten Mezua hil aurretik (azkarra eta gitarra solo dotorea daukana), Hiesa ihes klasikoa (bai, hitz hau lehen ere esan dugu, baina hau ere mitikoa da!) eta Laztana balada heavya, bistakoa denez gure herrian egin den onenetarikoa. Honi lotuta etorri zen Lurra odolean jostagarria, eta gero etorri zen maketatik jo zuten bakarra (Gu ez gara) oholtzatik erretiratzeko. Laster atera ziren emenaldiari azken bi abestiak gehitzeko: Metal erasoa enblematikoa eta Ze ingo xu? ezagunenetakoa (a ze soloa, Yerko Ortizena!). Kontzertu benetan ikusgarria izan zen, indartsua, teknikoa, batzuetan Thrash Metaleroa eta (disko berriaz gain) edukitzen ari diren arrakastaren arrazoi nagusienetakoa. Sarrerak agortu dituzte leku hainbatetan (ia denetan) eta oraindik espainiar estatuan egingo dituzten udako jaialdiak geratzen dira: Z! Live, Barcelona Rock Fest, Rock Imperium edota Leyendas del rock. Otsailean Madrilen ere jo zuten eta Euskal Herriko bost kontzertuetan sarrera guztiak saldu dituzte (urtarriletik hona: Atarrabian, Bilbon, Gasteizen, Azpeitian eta Biarritzen). Latzen ikusteko gosea dago eta oraingoan itzulera aurrekoa baino askoz ere luzeagoa izatea bakarrik espero dugu.

ETIKETAK:Latzen; Kuartz; kronikazuzenekoa; Urko Ansa