Musika

Kepa Matxain

2014.06.02

Kepa Matxain

‘Perlak’ (Perlak, 2014): disko kritika

koloretan-perlakBadira hamar bat urte AEBetan eta Britainia Handian post punk revival mugimendua indartzen hasi zenetik, baina ez da oraino Euskal Herrian ildo horretako musika talde askorik izan. Perlak taldea —lau kidetatik hiru emakume dituena— hor kokatzen da bete-betean, berriki argitaratu duten disko autoekoitziko zazpi kantuetan erakusten dutenez. Entzulea atmosfera ilunetan barneratzen duten kantuak dira ia denak —”Alai” izeneko bigarrena salbu—, erritmo geldoz eta konstantez osatuak. Soberakin guztiak alboratuz, funtsezkora jotzen dute zuzenean, eta gisa horretan tartekatzen dira diskoak irauten duen ordu erdian zehar isiltasunarekin jolasten duten une intimoak eta sintetizadorez gorpuztutako beste jantziago batzuk. “Ahaztu hasteko” singlea izango da, seguru asko, aipatu ezaugarriak dotoreen biltzen dituena, inondik ere, urratu duten bide berrian kantu borobil gehiago utziko dituztela itxaro izateko arrazoiak ematen dituena.

(Berria egunkarian argitaratutako kritika)

Diskoa entzuteko, sakatu hemen.

ETIKETAK:DiskoakKritikakPerlak