Musika

Mikel Lizarralde

2017.09.04

Mikel Lizarralde

Popa, ardatz eta ipar bihurtuta

Musikari ipurterrea da Giorgio Bassmatti (Donostia, 1974). Ipurterrea hamaika proiektu eta saltsatan sartzea gustatzen zaiolako, baina baita bere ingurunearen begirale zorrotza bilakatu delako ere denborarekin. Ezagun egin zen, kantuak egin eta berehala sarean jartzen zituelako etxean bertan egindako bideoak, eta, orduz geroztik, hiru disko argitaratu ditu, denak pop musikari dion maitasuna erakusten dutenak, baina, era berean, beraien artean oso ezberdinak direnak. Kafea eta galletak (2009) Gernikako izen bereko egitasmoaren barruan egindako grabazioa izan zen; Apropósito (2010) Yon Bidaurrekin egindako pop bilduma zuzen eta itsaskorra; eta Melodías concertantes (2014), berriz, Bidaurren laguntzarekin grabatutako lan bizi baina, aldi berean, malenkoniatsu eta orkestratua. «Oso polita gelditu zen disko hori, baina zuzenean jotzeko zaila zen, orkestrazio handiak zituelako». Eta ipurterre izaerari jarraituta, bestelako formatu batean ari da orain Oriol Floresekin, bateria eta gitarra hutsarekin, eta horren emaitza da Oso Fan proiektuaren lehen diskoa: 21’44″.

OSO_FAN_proiektua

Giorgio Bassmatti abeslaria da Oso Fan bikoteko burua. (Gorka Rubio / Argazki Press)

Nahiz eta Kafea eta galletak-ek euskarazko abestiak bildu zituen, kantari eta gitarristak gaztelaniaz argitaratu izan ditu orain arte Giorgio Bassmatti markapean grabatutako kantu gehienak. Oso Fan, ordea, euskarazko proiektua da. «Garai batean, Euskadi Gaztean aurkeztu izan nuen hamabostean behin abesti berriren bat, eta, ia konturatu gabe, 10-15 inguru nituen. Horiek zuzenean jotzea, baina, arraroa egiten zitzaidan». Bassmatti marka beste eremu batean, «indie mailan eta gaztelaniaz», ikusten zuen, eta horregatik erabaki zuen Oso Fan deitura hartzea euskarazko egitasmorako: «Angel Aldarondok proposatu zidan izena. Irekia da eta gustatzen zait, euskaraz eta gaztelaniaz ulertu baitaiteke».

Poparen artisaua da Bassmatti, bai Bidaurren orkestrazioek lagunduta grabatzen duenean, bai bateriaren kolpeak dituenean lagun ia bakar. «Badira gitarra eta bateria hutsarekin aritzen diren taldeak, baina normalean kontu rockzaleak lantzen dituzte… Niña Coyote eta Chico Tornado, adibidez. Baina nik The Dodos, The Spinanes eta halakoak nituen buruan. Popa egiten dutenak».

Popa. Etengabe aipatzen du hitza Bassmattik. Popa ulertzeko modu bat, zehazki. «Abesti zuzenak egiten ditugu, bi minutu eta erdikoak. Bi lagun besterik ez gara, eta ezin gara lau minutuko kantuak egiten hasi! [barrez]. Ni beti izan naiz indie-a, The Stone Roses entzuten hasi nintzenetik. Eta popa egiten dut, Sarah Recordsen inguruan egiten zenaren estilokoa edo Eskozian egin izan denaren tankerakoa». Euskaraz orain arte asko landu ez den poparen aldaera da Oso Fanena, baina ez du horrek kezkatzen Bassmatti: «Iban Zalduak esan du Oso Fan dela euskal folka jotzen ez duen folk talde bat. Eta ideia polita da hori. Baina ez diot garrantzirik ematen euskaraz gehiago edo gutxiago egiteari. Gustatzen zaigun musika egiten dugu, eta euskaraz. Besterik ez».

21’44″ disko laburra da, izenburuak berak adierazten duen bezala: sei kantu eta bonus track bat. Garaiek eskatzen dutena delakoan dago musikaria. «Gaur egun, oso zaila da entzulearen arreta mantentzea, singleen eta YouTuberen garaian baikaude. Eta guk badakigu non gauden eta zer leku daukagun». Diskoa argitaratzea bera nolabaiteko bidesaria ere bada. «Diskorik gabe ez dizute elkarrizketarik egiten! Zerbait fisikoa behar duzu esku artean. Bestela, ez dizute kasu handirik egingo».

Erkiziaren ekoizpena
Xabi Erkiziak ekoitzi du diskoa, eta haren ekarpena nabarmendu du Bassmattik. «Bera beste musika mundu batean aritzen da, baina aspalditik ezagutzen dugu elkar eta beti esaten zidan zerbait egin nahi zuela nirekin. Eta ikaragarria izan da berarekin lan egitea. Eroso eta lasai aritu gara… bera ideiak ematen eta gu eskatzen. Bere irizpideak oso inportanteak izan dira». Horren ondorioa da “Bizitza erdia” kantu zaharra berriro grabatu izana ere. «Aspaldi idatzia nuen eta bideoa ere egina nion, eta ez nuen asmorik berriro grabatzeko. Baina Xabik esan zigun berriro grabatzeko eta Erkiziak badio…».

Diskoko beste kantu batek (“Calvin eta lagunak”) Calvin Johnson Beat Happening taldeko kide eta K Records zigiluaren buruari egiten dio erreferentzia. Eta baita hark teknikari ematen dion garrantzi urriari ere. Hor baitu eredua Bassmattik. «Ez daukat teknikarekiko interesik. Iparra beste bat da, zalantzarik gabe. Galaxie 500-en diskoak entzutean, ohartzen zara afinazio akatsak daudela, baina, hala ere, izugarrizko zirrara eragiten dute. Edo The Pastels-en lanek. Disko perfektu-inperfektuak dira» Hori bilatzen du berak ere, Johnsonen bideari jarraituta. «Inperfekzioan ere gauza ederrak daude».

“Ez daukat teknikarekiko interesik. Iparra beste bat da, zalantzarik gabe. Inperfekzioan ere gauza ederrak daude”

Kutxa Kultur Musika egitasmoaren barruan, 2017-2018ko ikasturtean egonaldia egingo duten sei taldeen artean dago Oso Fan, eta horrek emango dion aukerarekin pozik dago Bassmatti. «Izugarrizkoa» delako bere iritzian. «Gaur egun ez da erraza baldintza onetan aritzea, eta halako aukera bat! Egonaldia baliatuko dugu abestiak egiteko, grabatzeko, entseatzeko…». Hori baitu afizio, eta ez ofizio. Kantuak egitea. Eta horretan ari da gaur egun ere. Kantuak egiten. Eta ez da makala bere ekoizpena. Batetik, Oso Fanen abesti berriak ditu buruan: «Zikinagoak izango dira, edo arraroagoak behintzat. Pop kantuak dira, baina bihurriagoak». Bestetik, «etxean eta bakar-bakarrik», Giorgio Bassmatti izenpean udazkenean argitaratuko duen diskoa amaitzen ari da. «Aurrekoetan Bidaurrekin aritu naiz, baina orain ni ari naiz dena egiten, eta asko ikasi behar izan dut. Informatika musikala hain mundu zaila da!». Baina ez dira hor bukatzen bere asmoak. 2018rako gitarra eta ahots hutsezko lan bat argitaratu nahiko luke, eta baditu beste bi proiektu ere, «oraindik ezin direnak zabaldu».

Donostiako Aste Nagusian zuzenean jotzeko aukera izan du, baina Gipuzkoako hiriburuko musika giroa ondo ezagututa, beldurrez mintzo da zuzeneko musikak etorkizunean izan dezakeen egoeraz. «Gaur egun, dena espazio publikoetan egiten da, eta behar dira jotzeko tabernak. Beldurra ematen dit espazio horiek galtzeak. Bukowski, Dabadaba…». Azkenaldian hizpide bihurtu den turismoari begira ikusten baititu agintariak: «Pintxoek egin dute Donostia marka, eta hor jartzen da energia eta diru guztia».

(Berria egunkarian, 2017ko abuztuaren 26an argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:Giorgio BassmattiOriol FloresOso FanXabier Erkizia