Musika

Nora Arbelbide

2017.03.10

Nora Arbelbide

Post-rock estiloan murgildurik

Izan ala ez izan? That is the reverberation… Mikel Laboaren Komunikazio-Inkomunikazio” kantu performancetik abiaturik egin kantuaren izena du Hazparneko Falta hirukoteak. Eta kantuak islatzen du, nolabait, taldearen musikaren izpiritua. Esaldi horri beste batzuk gehitu, eta post-rock estiloan murgldua dute kantua. Kantuari bokalizazio mehe batzuk jarri dizkio Beñadin Lohiaguek. Kantuen hitzak eta musikak hark ditu konposatuak. Ahots mehea ahots gogorra bilakatuko da halako batean, eta musikak segituko du gogortze horretan, eta ondotik berriz lasaitu.

FaltA

Seb Delaporte + Beñadin Lohiague + Manu Etxegarai = Falta. (Nel Lee)

Gitarra eta bateriaren presentzia «eraginkor» bat oinarri, kantu bakoitzeko giro bat sortzea du xede taldeak, Manu Etxegarai taldeko bateria jotzaileak esplikatzen duenez, «atmosfera» bat; ahotsekin ez delarik, sekuentziatzaile bat erabiliz. «Nihaur indartsu nabil baterian. Beñadin [Lohiague] berdin gitarran. Eta Sebek [Sebastien Delaporte] jarraitzen du bere baxuarekin. Makina bat da». Zenbait erreferentzia aipatzekotan, Pink Floyd taldearen estilotik baduela taldeak errana izan zaie, eta konplimenduarekin pozik dago Etxegarai. Pink Floyden estiloan ikusten duen antza hauxe da: «Batzuetan alde lasai bat dauka haien musikak, baina badaki zartatzen ere». Beste batzuek pop-rocka dela deritzote. Ez dio uko egiten horri Etxegaraik. Baina, hala bada ere, garrantzitsua zaio azpimarratzea grunge estilotik baduela taldeak: «Nirvana ere gustukoa dugu», nolabait laburbiltzeko. «Nola beti aitzina doan taldea, zuzen, giro bikainean eta burua gehiegi hautsi gabe. Guk horrela bizi dugu musika. Jiten den bezala hartzen dugu. Ez gara fabrika batean lanean ari».

Taldeak baldin badu berezitasun bat, baxutik etor daiteke. Delaporte baxuan ari bada ere, berez gitarra du jotzen. Eta horrek badu bere eragina Falta taldearen nortasunean, Etxegaraien ustez: «Baxua aski melodikoa da. Gitarrarekin joko melodiko bat bada. Batzuetan baxuak du melodia eta gitarrak du baxuaren lana egiten, hau da, mugitzen ez diren akorde batzuk jotzen». Hitzen aldetik, “Izan” kantuan bezala, umorearekin jolasten da taldea. «Testu batzuek ez dute ez bururik ez buztanik. Ez dira baitezpada filosofikoak. Baina gogoetatzekoa eman dietela erran digute zenbaitzuek; guri ez [irriak], baina batzuei bai!». Xakurraren trajedia” kantuan bezala, adibidez.

Testu gehienak Lohiaguerenak dira; beste batzuk musika entseatzen ari zirela bururatu zitzaizkien. «Errepikatzen ari ginela, unean berean asmatu genituen». Badute bat Hazparneko okinari eskainia, adibidez, errepika batean okinaz mintzatzen hasi eta hortik sortu zena.

Laster disko autoekoiztu bat du plazaratzekoa taldeak. Ale gutxitan, eskutik eskura emateko. Mementoko, lau kantuz osatu EPa daukate. Laurak dituzte sarean emanak. Kontzertuetan bederatzi kantu dituzte jotzen.

Zabalpen azkarra
Falta talde gaztea da, ororen buru. Joan den udan elkartu ziren hiru kideak. Abenduan grabatu zituzten kantuak. Horiek Interneteko sare sozialen bidez zabaltzen hasi ziren urtarril erditsutan, eta baita Badok.eus webgunean ere. Eta, geroztik, afera «laster» aitzinatu da. «Gu ere harritu gara», poztu da Etxegarai. Kontzertuak hasi bezain laster, eskaera andana bat lortu dute. Hauetako bat da biharkoa. Elgetako Espaloia kafe antzokian (Gipuzkoa) ariko dira, 19:30ean. Gero etorriko da Ondarroako kontzertua (Bizkaia), Lizarrakoa (Nafarroa), Hernanikoa (Gipuzkoa) eta beste.

Talde gaztea bada ere, ez da musikan hasi berria hirukotea. Lohiague Islaia taldean aritua da. Etxegarai, gaur egun, Furyo, Piarres eta Saffron taldeetan ari da. Delaportek, berriz, jo izana du Tresna Session taldean, Jimmy Arrabitekin.

ETIKETAK:Beñadin LohiagueFaltaManu EtxegaraiMikel LaboaSeb Delaporte