Musika

Iñigo Astiz

2016.11.10

Iñigo Astiz

Sakanako kantagintzaren ahotsak

Galtzerdiari buelta eman diote aurten. Duela bost urte hasi ziren antolatzen Altsasun (Nafarroa) BERRIAren aldeko emanaldiak Sakanako BERRIAlagunak eta Sakanako Mankomunitatea, eta euskal kultura Sakanara eramatea izan zen hasieratik asmoa. Ruper Ordorika gonbidatu zuten horregatik 2012an, Gari 2013an, Zazpi aldiz elur antzezlana 2014an, eta Anari iaz. Baina orain buelta eman diote proposamenari, Pello Urzelai BERRIAko eta antolakuntza taldeko kideak azaldu duenez: «Euskal kultura Sakanara eraman beharrean, Sakanako euskal musika erakustea da asmoa». Sakanako hotsak deitu dute emanaldia horregatik, eta bost talde batuko dituzte etzi Iortia kultur etxean: Tximeleta, Hesian taldeko Fran eta Zuriñe, 4nek, Lur Larraza eta Luisillo Kalandraka eta Hi De Bei. Altsasuko Udalak eta Nafarroako Gobernuak ere laguntzen dute emanaldia, eta sarrerak erosteko deskontuak izango dituzte BERRIAlagunek.

7141215

Fran Urias, Iñigo Muñoa, Maider Ansa, Luisillo Kalandraka eta Juanpa Agirre. (Jaizki Fontaneda / Argazki Press)

«Oso harrera ona izan du egitasmoak musika eragileen artean», azaldu du Urzelaik. «Animatu egin gintuzten aurrera egiteko, eta taldeekin hitz egitean ere oso erantzun ona izan dugu». Hiruzpalau kanta eskainiko ditu talde bakoitzak etzi, eta txandaka igoko dira oholtzara. Bakoitzak izango du bere tartea, baina osotasuna ematen lagunduko dute emanaldirako propio sortutako atrezzoak eta saioak iraun bitartean proiektatuko diren Sakanako paisaien irudiek.

Hesian-en kanta berriak
Bikote formatuan izango da Hesian, esaterako. Formatu akustikoan arituko dira Fran Urias eta Zuriñe Hidalgo, eta taldearen kantak eskainiko dituzte. «Disko berriko abestiren bat ere joko dugu», aurreratu du Uriasek. Izan ere, beren ibilbideko zazpigarren diskoa kaleratuko dute Durangoko Azokarako, eta haren aurrerapena entzuteko aukera izango da Altsasun.

Formatu akustikoan izango dira oholtzan Luisillo Kalandraka eta Lur Larraza ere. Vendetta taldean aritzen da baxua jotzen Kalandraka, baina, taldea atsedenaldian dagoela baliatuz, kanta batzuk prestatzeko bildu ohi da Larrazarekin. «Bestela aspertu egiten gara-eta», azaldu du barrez. Saio gutxi batzuk eman dituzte azkenaldian gitarra akustikoarekin eta baxu elektrikoarekin, eta lau kanta joko dituzte larunbateko emanaldian. Bakarra ere ez Vendettarena. Berri Txarrak eta La Betty Travan taldeen bertsio bana eskainiko dute, eta Larrazaren bi kanta. «Oso ongi dago Sakanan euskal kultura are gehiago bultzatzeko halako ekitaldiak egitea», adierazi du baxu jotzaileak.

Tximeletak ere bertsioak joko ditu nagusiki, baina baita kanta propio bat ere. Pozik azaldu da Maider Ansa abeslaria egitasmoarekin, eta, azaldu duenez, formatu txikian arituko dira etzi. «Sakanak asko du emateko euskal kulturaren alde».

Ibilbide eta esperientzia handiko bost musikarik osatzen dute 4nek taldea: Akelarren ibilitako Juanpa Agirre abeslariak eta Xabi Zubeldia teklatu jotzaileak, Sen taldean aritutako Joseba San Sebastian baxu jotzaileak, Alex Ubago eta La Oreja de Van Gogh taldean aritutako Imanol Goikoetxea gitarra jotzaileak, eta Skalariak eta Khuraren aritutako Juanma Urriza bateria jotzaileak. Iaz elkartu ziren beren kanta propioak sortzeko, eta pop-rock doinuak joko dituzte.

Iñigo Muñoa eta Manxe Albira musikariek, berriz, Hi De Bei proiektua aurkeztuko dute. Arrebote taldeko kidea da Muñoa, baina runba eta flamenko doinuak albo batera utzi ditu oraingoan. Nagusiki hitzei eman nahi izan diete pisua, eta sarean jarri duten “Sakana maitia” abestia izan daiteke horren adibide. Sakanako hainbat kondaira eta pasarte historiko aipatzen ditu kantak: Amaiaren kondaira, Teodosio Goñirena, Nafarroako lehen erregearena, eta baita 1936ko gerrako hilketak ere.

ETIKETAK:4nekAkelarreBerri TxarrakFran UriasHesianHi de beiLuisillo KalandrakaMaider AnsaPello UrzelaiSenTximeletaVendettaZuriñe Hidalgo