Musika

badok

2023.01.16

badok

The Clayton taldeak irabazi du V. Danbaka musika lehiaketako sari nagusia

Joan den ostiralean egin zuten V. Danbaka musika lehiaketaren finala, Bergarako Seminarixoan (Gipuzkoa). Hiru finalista ziren: Aiert, Arragoa eta The Clayton. The Claytonek irabazi zuen sari nagusia, eta Aiertek, berriz, entzuleen saria. Hortaz, batak disko bat grabatzeko aukera izango du, eta besteak bideoklip bat.

The Clayton

The Clayton taldearen emanaldiko argazki bat. (Goiena)

Hirugarren sari bat ere banatu zuten finalean: Letagin taldeak lortu du Ekinez-Goiena saria, eta, horri esker, 2023ko Ekinez jaialdian parte hartuko du.

Antolatzaileek azaldu dutenez, 2.000 lagunek baino gehiagok parte hartu dute entzuleen saria erabakitzeko bozketan, eta Aiertek jaso ditu boto guztien %15,8.

Orain arteko bidearena ez ezik, finalaren balorazioa ere ona izan da antolatzaileentzat. Jokin Bereziartua koordinatzaileak Goiena-ri adierazi dio «gau ederra» izan zela: «Hiru talde oso ezberdinak, emanaldi bikainak. Aiertek ahots gozoa du; Arragoak, berriz, oso ondo prestatutako zuzenekoa eman du, folka oinarri; eta irabazleak, The Claytonek, rock-and-rolla, erraietatik».

Goiena Komunikazio Taldeak antolatu du lehiaketa, Bergarako Udalaren laguntzarekin. Denera hogei taldek parte hartu dute lehiaketa hasi zenez geroztik, eta denen grabazioak argitaratu dituzte Goiena-ren eta Danbakaren webguneetan.

ETIKETAK:DanbakaThe Clayton