Elkarrizketa

Jon Urzelai

2020.09.29

Jon Urzelai

“Amoranteren muina seriotasun eta umorearen arteko oreka da”

Elkarrizketa: Amorante

Galdera ikurrik ez izan arren, zalantza bat dakar Amoranteren diskoaren tituluak: Bat edo hiru (Forbidden Colours). Lehenengoa edo hirugarrena, alegia. Iban Urizarren (Elgoibar, Gipuzkoa, 1975) bakarkako lehenengo diskoa dela diogun arren, egiari zor, hirugarren erreferentzia baitu honakoa. Sarean entzungai daude guztiak, edo, esan ohi den bezala, laino digitalean. Zenbait lagun gonbidatu ditu okasiorako: Uxue Alberdik “Juliana” kantuaren letra sortu du, Mariano Hurtadoren kontrabaxua ageri da zenbait kantatan, Joseba Irazokik gitarra hotsak erantsi dizkio “Condor” abestiari eta Aitor Etxebarria prozesu osoan izan du bidelagun; baina, azken beltzean, Iban Urizar bera izan da abestion arduradun nagusia. Herri musika egiten omen du, baina horretarako ez du musika beltz garaikideari, jazzari edo pop minimalistari dagozkion moldeak erabiltzeko inongo arazorik. Zenbaki, izen eta etiketez harago, euskal musikak eskaintzeko duen proposamenik sendoenetakoa bilakatu da Amorante; eta orain, gainera, disko luze baten aitzakia dugu berarekin solasteko.

_DSC7548_00003d

Zuzenerako proiektu gisa sortu zen Amorante. (Guillermo Latorre)

Sei urte, hamaika kontzertu, zenbait soinu postal eta single bat. Ez da disko bat argitaratu aurretik artista batek egiten duen ibilbiderik ohikoena.
Ez, eta arrazoia sinplea da: Amorante hasieratik planteatu nuen zuzenerako proiektu bezala. Zuzenean ikusten dut nire burua eroso, gustura eta pozik. Grabaketak egin ditudanean, sufritu ez, baina sentsazio kontrajarriak izan ditut. Egun batean itzela iruditzen zaidana hurrengoan ez zait batere gustatzen… Uste dut musikari askori gertatzen zaigula. Grabatzea oso nekeza egiten zait. Aldiz, zuzenekoak oso biziak sentitzen ditut. Zuzenekoak prestatzeko entseatzen dut, ez disko baterako konponketetan pentsatuz. Bi esparru ezberdin dira niretzat, ezberdin landu beharrekoak. Ez naiz sekula saiatuko estudioko lana zuzenean berdin erreproduzitzen, adibidez. Halakoa atera da diskoa.

Batzuek agian usteko zuten zuzenean jotzen dituzun eta inoiz argitaratu ez dituzun kantu horietako batzuen bilduma bat izango zela diskoa. Argi zenuen ez zenuela horrelakorik egingo?
Bai, argi neukan. Grabatzea asko kostatzen zait, bai arrazoi artistikoengatik, baita denbora edo diru kontuengatik ere. Izan ere, autoeditatutako grabaketa batek dakarren gastu ekonomikoa ere aipagarria da, diskorik saltzen ez den garai batean, gainera. Horrez gain, jada bideo formatuan dagoen abesti bat, adibidez, ez dut berriz grabatuko. Plataforma ezberdinak hartzen ditut kontuan. Zertarako grabatuko dut berriz jada bideo formatuan soinu txukun batekin eta, are, estetika txukun batekin dagoen abesti bat? Badauzkat beste kantu batzuk, horiekin osatuko dut diskoa. Horixe izan da ibilbidea.

Zuzenekoetatik ezagutzen ditugun zenbait abesti ez dituzu estudioan sekula grabatuko, beraz.
Abesti horiek bideo gisa argitaratu ditzaket etorkizunean, adibidez. Plataforma anitzen paradigma batean bizi gara egun. Tik-tokeko bideo batean agertzen den abesti batek, adibidez, ikaragarrizko sona lortu dezake. Diskoaren kontzepzio hertsi hori eta formatuari diogun maitasuna mantendu nahi izatea ez dakit ez ote den borroka galdu bat. Lehengo musika entzuteko moduak aldarrikatzen ohituta gaude baina, egun, nola kontsumitzen dugu musika? Industria mota baten iraupena eskatzea, gero guk, musikazaleok, etxean sofan binilo bat entzuteko tarterik hartzen ez badugu… Spotify eta Youtube dira gaur egun arrakasta dutenak.

Disko luze bat argitaratzeko presiorik sentitu duzu? Bertigorik?
Biak, agian. Baina, era berean, ez diet halakoei garrantzia handiegirik ematen. Kanpora begira hori esaten dut, behintzat. Egia da industriaren izaerak plaza publikoan egotera bultzatzen zaituela. Presentzia mediatiko bat mantendu beharra daukat nik nahi dudan jardun hori egin ahal izateko, hau da, kontzertuak emateko. Zuzenean jotzeko, programatzaileek, udalek eta abarrek zu hor presente egotea behar dute. Ni ez naiz ibilbide entzutetsua duen artista bat eta, ondorioz, ezin dezaket gordeta egon eta diskoa ateratzerakoan berriz itzuli. Ez dut nire burua behartzen, baina olatu mediatikoa jaisten hasten denean zerbait eskaini beharra daukazu. Zuzenean jotzea gustatzen zait eta kontzertuak lotzeko beharrezkoa dut, jendeak ni hor nagoela eta gauzak egiten jarraitzen dudala gogoan izan dezan. Hori da jasan izan dudan presio bakarra.

Orduan, arrazoi gehiagorekin erabaki zenezakeen aurrez sortutako abestiak bildu eta argitaratzea. Horren ordez, zentzu klasikoa duen disko bat kaleratu duzu, soinu aldetik koherentea.
Hala da, bai. Aitor Etxebarriarekin estudioan sartu nintzenean ez nuen argi zein kanta izango ziren diskoan agertuko zirenak, ezta zenbat izango ziren ere. Zortzi, zazpi? Xabier Erkiziarekin grabatu nituen lehen bost kantak soinu postal bezala irudikatu nituen, bakoitzak era autonomoan funtzionatu zezan eta soilik era digitalean zabaltzeko asmoarekin. Baina oraingoan, Forbidden Coloursen babesa izan dut disko bat argitaratzeko, eta ni erromantikoa ere banaiz; CDa ez zait batere gustatzen eta nire izenean disko bat biniloan izateak ilusioa egiten zidan. Aitorrekin oso eroso egon naiz estudioan, gainera; oso musikari intuitiboa da. Prestatutako zenbait gauzak funtzionatzen ez zutela ikusi eta estudioan bertan probatzen ere atera zen kanturen bat. Aurrez oso prestatuta ez izan arren, gorpuztu denean nahiko koherentea iruditzen zait diskoa, bai.

Diskoak biltzen duena inoiz sortu duzun musikarik soil, intimo eta hauskorrena da. Baita ilunena ere, agian.
Erabat, bai. Sei urteko ibilbide honetan nire musikak izan du garapenik. Telurikoagoa nintzen hasieran, solemneagoa. Orain dela sei urteko bideoak ikusten ditudanean konturatzen naiz errepertorioak eta nire zuzeneko performatibitateak ludikotasuna irabazi dutela bidean, baina, aldiz, diskoa oso iluna geratu zait.

“Sei urteko bidean errepertorioak eta nire zuzeneko performatibitateak ludikotasuna irabazi dute, baina diskoa oso iluna geratu zait”

Zeri egozten diozu hori? Ez da alderdi ludiko hori zuzenekoetara mugatzeko hautu kontziente bat izan?
Ez, ez. Ez daukat azalpen argirik. Alde batetik, Aitor Etxebarriarekin grabatzeak izango zuen zerikusirik, bere izenean argitaratzen duen musikak badu eta tankera hori. Era berean, musika beltza asko gustatzen zait, tronpeta inoiz baina gehiago erabili dut, patxadarekin hartu dugu grabaketa nahiz eta ez ginen egun askotan luzatu… Lasai egon izanaren sentsazioa daukat eta tempo hori geratu zaio diskoari. Beat-ak motelak dira eta hip-hopa eta urban delakoa –nahiz eta ez dakidan hitz egokia den– oso gustukoak ditut. Frank Ocean, Drake edo Kanye West bezalakoek hip-hopari beste zerbait eman diote eta hortik ere edan dut. Eta ez naiz autotuneari buruz ari, hori lehenengo kontzertutik darabilkidan zerbait da eta. Heriotza ere dezente agertzen da… eta ez da izan hautu kontzientea. Diskoa abenduan grabatu genuen eta begira zein egoeratan gauden orain!

Diskoko azken hiru kantak, adibidez, oso ederrak dira, baina ikusten duzu kanta horiek zuzenera eramateko modurik?
Ederrak dira niretzat ere, baina ez ditut zuzenean joko. “Frank” agian, asko jota. “John Cazale”, adibidez, estudioko inprobisazio batetik sortu zen eta ni neu harritzen nau zein ederra geratu den ikusteak.

Aipatu duzun bezala, zure zuzenekoetan alderdi ludikoak presentzia handia dauka, ez horrenbeste zure argitalpenetan. Erabaki horren atzean badago umoreari helduz gero serioski hartuko ez zaituztenaren beldurra?
Ez. Berdin ager zitekeen. Horrek gehiago erantzuten dio zuzenekoaren eta estudioaren arteko lehen aipatu dizudan ezberdintasun horri. Zuzenekoetan jendea erakartzeko helduleku batzuk behar ditut eta ikasten joan naiz nola umorea eraginkorra zaidan abestiei sarrera emateko edo amu gisa. Ironia arma egokia zait gai serioak tratatzeko ere. Izaera soil eta teluriko horri, harmoniumaren erabilerari eta zenbait kantari autotunea eta autoparodia kontrajarri ahal dizkiozu, nahiz eta efektu horiek serioski hartu. Nik uste hori dela Amoranteren izaeraren muina, eta hala izaten jarrai dezan nahiko nuke: seriotasunaren eta umorearen arteko oreka.

Tradizioa ere bada Amoranteren izaeraren gakoetako bat. Diskoaren tituluak, zeharka bada ere, Mikel Laboaren lehen diskoari egiten dio erreferentzia, bere abesti baten bertsioa ere egin duzu…Tradizioaren elementuekin jolasten duzu, baina nostalgiarik gabe.
Badirudi txalaparta bat txertatzeak tradizionalagoa egiten zaituela, tresna tradizional bat sartzen duzulako. Folklorismoa lantzen dugu, eta ni ez naiz folklorismoaren zalea, batere gainera. Ez da nik tradiziotik edaten dudala, ni herri industrial batetik nator, ez naiz baserrian hezi… Nik erabiltzen dudan iruditegia hori eraikia da, niri interesatzen zaidalako, baina erabat estetikoa da. Ez dut esango ikerketa sakonak egiten ditudanik. Soinu aldetik edo letra aldetik interesgarriak egiten zaizkidan gaiak dira.

Gorazarre egin baino, alde ilunak azaleratu dituzu gainera. Letrek esklabuen salmentak irudikatzen dituzte Donostian eta eraso sexistak Loiolako erromerian.  
Euskal epika tirokatu ez, baina gurtzeari utzi beharko genioke. Euskaldunok gorespenerako eta epikarako joera daukagu gure kontakizuna sortzerakoan eta gure abentura eta mirariak taularatzen ditugunean. Batez ere gure kulturaz edo identitateaz gutxi dakien jendearekin hizketan hasten garenean. Ni lehenengoa. Zuk esan bezala, saiatu naiz Bilintxen “Behin batian Loiolan” moldatzen, eta, orduan ere halakoak egongo zirela imajinatzen dudanez, sexu eraso bat bertan irudikatu dut. Oraingoa baino are gizarte matxistagoa zela kontuan hartuta, ba emakumeek jasango zituzten inon bilduta ez dauden halako hainbat gertaera. Tradizionalak diren lelo edo kantak probestu ditut halakoetarako. Ni gizonezkoa naiz eta ez dut aitaginarreba izan nahi, ezta feminismoaren bandera egin ere, baina zergatik ez horrelakoak egin? “Manuela” kantuarekin antzera, zeina 35 urteko Iparragirrez eta 15 urteko neska batez ari den. Jar ditzagun gauzak bere lekuan, ze kanpotik datozenak segituan seinalatzen ditugu, baina barnekoekin gehiago kostatzen zaigu.

“Euskal epika tirokatu ez, baina gurtzeari utzi beharko genioke. Euskaldunok gorespenerako joera daukagu gure kontakizuna sortzerakoan”

Ez dakit afera jarraitu duzun, baina orain gutxi sare sozialetan ika-mika txiki bat piztu da, folklorea dela eta ez dela. Ttap aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean Pello Lizarraldek esandakoek hautsa harrotu dute, “folklorearen, nostalgiaren eta erromantizismoaren arteko konbinazio beldurgarria” aipatzen baitzuen.
Ez dut jarraitu baina interesgarria iruditzen zait. Folklorea tradizioarekin nahasten dugu. Hemen tradizioa izan daiteke trikitixa jotzea baina ezin dugu ahaztu gurean trikitixak 120 urte bakarrik dauzkala. Gure folklorearen parte izan daiteke, tradizioa ere bai; baina horra arte. Gauzak izaera museistiko batekin tratatzeko joera handia daukagu; gorde behar ditugu, ezin ditugu ukitu… Tradizioa niretzat lladró figura bat da, puskatu eta zinta amerikarrarekin berreraiki behar dena.

Kasualitatez sortu zen proiektu bat da Amorante, baina esan genezake onespen zabala lortu duela. Udan eskaini dituzun kontzertuei begiratuta, ondoriozta dezakegu erakargarria zarela BBK Live bezalako jaialdi batentzat, gaztetxe batentzat edo Espainiar Estatuko eta atzerriko programatzaile ezberdinentzat. Zeri egozten diozu hori?
Eta euskara hutsean abestuta! Tira, nire egoa puztu duzu behintzat… Nik uste hemendik kanpo oso erraz erosten dela tradizioaren eta abangoardiaren uztarketaren zera hori, nahiz eta nik neure burua horrela ez saldu. Baina funtzionatzen du. Politikoki ez da mina eragiten duen proiektu bat, beraz, udal batek zein gaztetxe batek dei nazake. Horrez gain, nik asko sinesten dut egiten dudan horretan eta ez diot muzin egiten publiko ezberdinen aurrean jotzeari. Gehiago esango dizut, oso publiko helduaren aurrean jo dut eta oso ondo pasa dute, eta modernoentzat ere jo dezaket, hauek txoratu egiten baitira tradizio usaina duen zerbait eta teknologia nahasten badituzu.

Eta halere, publiko zabalak oraindik ez zaitu ezagutzen.
Bai, bai, ni artista underground bat naiz! Ondo dago, ze gizarteak zure tokian jartzen zaitu. Egoa puztuta daukazu Esloveniara joan zarelako jotzera, edo Portugaldik deitu zaituztelako, baina gero nire lankideek ez dakite nor naizen. Ez naiz inor, eta hori ere ondo dago.

Musikarien klase ertaina desagertzen ari delako da hori edo musikak gizartean geroz eta garrantzia gutxiago duelako?
Bigarrena, musikak geroz eta garrantzia txikiagoa dauka. Beste aisialdi forma batzuk gailentzen dira eta musikak komunikabideetan duen presentzia ere ez da lehen bezalakoa.

Eta gustura, halere.
Gustura? Toki ezberdinetatik deitzen naute jotzera joan nadin, nik ez dut halakorik sekula bizi izan! Nik denetarik egin dut nire bizitzan zehar: bodak, operak… Norbait nik egiten dudanagatik interesatuta egotea? Sei urte dira jada, baina oraindik harritzen nauen zerbait da. Eta ez da itxurakeria.

Martxoan konfinatu gintuztenetik urteak pasa direla dirudi. Musikak, zuzenekoek eta musikariek hilabeteotan bete duten paperak zer pentsaturik eman al dizu?
Konfinatu gintuztenean komunikabideek edukiak behar zituzten eta eduki horiek lortze aldera musikariongana eta sortzaileongana jo zuten, gure espresatzeko bidea etenda zegoela eta ia edozertarako prest geundela jakinda. Behin hasierako olatua pasa zenean, sortzaileok pixka bat ozenago hasi ginen esaten gure jarduna monetizatu beharra genuela, sortzen ari baikinen, baina, kontzertuak etenda, ez baikenuen diru iturririk. Behin konfinamendua amaituta, musikariok aukera izan dugu zuzenean aritzeko baina badaude musikari lotutako zenbait alderdi —teknikariak, argiztapenaz arduratzen direnak, programatzaileak…— ezin dutenak beraien jarduna normaltasunez egin. Ez dakit oraingo egoera ez ote den okerragoa. Jotzeko aukera daukagu baina ez dirudi albo kalteei epe motzean buelta emateko aukerarik izango dugunik. Hobeto gaude musikariok, baina egoera ez da hobea. Nire formatua erosoa da, beraz, zorteduna naiz. Urte amaierara bitarte kontzertu dezente dauzkat hitzartuta, baina egoera bat-batean alda liteke. Dena den, errepikatuko dut, eta ez da oportunismoa: ni kale ertzean jarri ninteke kontzertu bat eskaintzen eta bazkaltzeko lain lortuko dut; baina teknikariek, ez badago argia eta soinua zainduko duten kontzerturik, ez dute jango. Arazo serioa da, egiturak desegin baitaitezke. Horrez gain, nik uste egoerak musika estiloetan eta errepertorioetan eragina izan dezakeela; antzoki batean eserita egon behar badu entzulegoak, musukoarekin, ez ninduke harrituko rock taldeak kontzertu akustikoak eskaintzen hasi beharko balira. Musika fisikoa eta mugimendua eskatzen duena lantzen dutenentzat egoera are zailagoa da. Masiboak diren taldeek ere gaizki pasa dezakete.

DATOZEN KONTZERTUAK

  • irailak 30: Bilboko BIRA aretoa. Sarrera guztiak saldu dira.
  • urriak 8: Ordiziako Herri Antzokia, 20:30
  • urriak 22: Arrasateko gaztetxea, 22:00
  • azaroak 6: Azpeitiko Sanagustin kulturgunean (+ Aitor Etxebarria)
ETIKETAK:Aitor EtxebarriaAmoranteForbidden ColoursIban UrizarJoseba IrazokiMariano HurtadoUxue Alberdi