Musika

Jon Eskisabel

2015.02.09

Jon Eskisabel

Herri musikaren Amorantea

Rodrigo Amarante brasildarraren eta Enrique Morente flamenko kantari zenaren abizenak nahastearen ondorio da Amorante, bi musikari horiei dien miresmena adierazteko Iban Urizarrek bere buruari emandako izen artistikoa. Gauza berria da Amorante, berria denboran eta berria (edo ezohikoa, bederen) gure kantagintzan. Iazko martxoan eman zuen lehen kontzertua, Azkoitiko Matadeixen, Mursegorekin batera —zenbait ezaugarri partekatzen dituzte bi musikariek, loop-en erabilera eta herri musikarekiko atxikimendua, besteak beste—. Ondoren Bergaratik deitu zioten, Egubakoitzak Kartzelan egitarauan parte hartzeko, eta bertan jasotako harrera onak ustekabean harrapatzeaz gain —ez zuen espero El_Txef_A ikustera joandakoen arreta “oilo-larrua” sentitzeraino bereganatzea— buruan zituen planak aldatu eta bakarkako emanaldi gehiago ematera bultzatu zuen. “Hauxe da musikan hasi nintzenetik, duela 20 urte inguru, zerbait bakarka defenditzen ari naizen lehen aldia. Nire hasierako asmoa zen kantuak grabatu eta talde formatu txiki batean aurkeztu jendaurrean, baina saio batek beste bat ekarri zuen, eta gero beste bat…”. Abenduan Errenterian, Donostian eta Beran aritu ostean, Joseba Irazoki eta Lagunak-en kontzertuetan eskaini ditu Amorantek atseden hartu aurreko azken emanaldiak. Oraingoz ez du diskoa grabatzeko datarik, “denbora dudanean egingo dut, eta saiatuko naiz diskoa mimatzen”.

Amorante

Iban Urizar ‘Amorante’. (Unai Huizi)

20 urte hauetan hainbat proiektutan aritu da Urizar, baina beti beste musikari batzuez lagunduta: dela Cafe Teatro, Bizarra, Mengele Quartet taldeetan, dela Joseba Irazoki eta Rafa Ruedaren estudioko eta zuzeneko musikari gisa… Duela urte batzuk Andrakan sortu zuen, lehen aldiz talde baten buru jarri zen eta Poto egin nuenekoa disko laburra grabatu zuen. Taldeak ez zuen aurrera egin baina Amoranteren “hazia” erein zuen.

Zarauzko Garoa liburu dendako Paperezko Kontzertuen 2015eko lehen hiruhilabeteko egitaraua ireki zuen Amorantek, urtarrilaren 25ean. Dendako sotoan eman zion hasiera emanaldiari, eta ezkila eta korneta joz eskaileretatik gora egin zuen gainerako tresneria (gitarra, harmoniuma, loop-a…) eta atrezzoa (adardun atrila kantuen letrentzat) apailatuta zuen lekuraino. Aulkian eseri orduko, korneta isildu eta bertso bat kantatzeari ekin zion, ahots hutsez. Horrela hasi ohi ditu Amorantek bere saioak, bertsolari bati eskatutako agur batekin. Jon Maiak idatzi zion Zarauzko emanaldikoa, baina aurretik lan berean jarri ditu Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Uxue Alberdi…, “denak ezezagunak, bai”.

Aritz Zestonak gidatutako solasaldian, Amoranteren kantuen atzeko aldea ezagutzeko parada izan genuen. Horrela jakin genuen Euskal Herriko kantagintza garaikidean ezohikoak diren hainbat erreferentzia eta iturri erabiltzen dituela Amorantek: kopla, flamenkoa, XIX. mendeko herri musika eta literatura… Pepe Marchena, Bixenta Mogel, Jose Maria Iparragirre edota Antonio Molinaren izenak azaldu ziren elkarrizketan. Baina inprobisazio askearen mundutik dator Elgoibarko tronpetista —Miles Davisek Quincy Troupe kazetariaren laguntzaz idatzitako autobiografia aukeratu zuen Garoako entzuleoi gomendioa egiteko—, eta alderdi hori ere Amoranteren osagaietako bat da, ez garrantzi gutxikoa gainera. “Askoz erosoago sentitzen naiz gidoirik gabe aritzen naizenean, gauzak aldatzea asko gustatzen zaidalako. Maiz saio batean egindako akats bat izaten da aldaketa egitera behartzen zaituena, akats horretatik tira egin behar duzulako beste zerbait sortu arte. Hori da inprobisazio askea lantzen denean ikasten den gauzetako bat: hankasartzeak aprobetxatu daitezke beste zerbait sortzeko”. Hortaz, Amoranteren kanta asko “laborategian” daude, erabat itxi gabe, aldaketarako irekita.

“Askoz erosoago sentitzen naiz gidoirik gabe aritzen naizenean, gauzak aldatzea asko gustatzen zaidalako”

Bere lanaren lagin bat —sei kantu eta inprobisazio bat— eskaini zuen Amorantek Garoan. Agurraren ostean jo zuen lehen kantua “Dorre batean gordetakoa” izan zen, aita izan ostean ipuinak irakurtzeko ohitura berreskuratzeak eragindako gogoeten harira Urizarrek berak sortutako letrarekin. Bixenta Mogelen fabula batean oinarritutako “Alarguna eta oiloa” eta “La hija de Juan Simón” jo zituen hurrena. Azken hori XIX. mendean Kolonbian sortutako bambuco pieza dantzagarri bat da jatorriz, baina flamenko kantariek egindako bertsioak dira gugana iritsi direnak. Amorante bertsio horietan oinarritu da kartzelatik ateratzen den egunean alaba lurperatzea egokitzen zaion ehorzlearen istorioa abesteko.

Larritasuna alde batera utzirik, irribarrerako aukera eman zuen hurrengo kantuak. Oskorrik, Gontzal Mendibilek, Urkok eta beste hainbatek moldatu dute Iparragirreren “Zugana Manuela”, baina inork ez du Amorantek bezala egin. Ahotsa modu automatikoan zuzentzen duen auto-tune tresnaz baliatuz, raï musikaren eremura eraman zuen Urretxuko bardoaren kantu ezaguna.

Hala ere, Amoranteren abestiek iluntasunera jotzen dute, eta “Aita” kantuarekin giro atsekabera bueltatu ginen. Kantu horren sorreran bi boxeolariren argazki bat dago. Urizarrek Danele Sarriugarteri bidali zion, irudiak iradokitzen zionaren gainean letra bat idatz zezan. Idazleak bueltan bidali ziona ordea, “nekez lotzen nuen boxeolariekin”, eta letra moldatzea erabaki zuen Urizarrek. Laborategian dauden kantuetako bat da.

Kontzertuak amaitzeko erabiltzen duen kantu berarekin (“Otoi”) itxi zuen Zarauzko emanaldia ere, harmoniumaren laguntzaz. Berriz ere istorio gordin bat: ama hil zaion mutil batek edanari ematen dio eta aita egunero joaten zaio bila tabernara etxera eramateko. “Konturatzen naiz”, dio Urizarrek, “letrak idazterakoan oso bisuala naizela, oso zinemazalea naizen aldetik. Eszenak irudikatzen ditut, eta nahiko letra kriptikoak ateratzen zaizkit, ez diot entzuleari informazio askorik ematen”.

Hau irakurri ondoren, Amoranteren musika entzuteko gogoa piztu bazaizu, hemen duzu Zarauzko emanaldia osorik.

ETIKETAK:AmoranteIban UrizarJoseba IrazokiPaperezko KontzertuakRafa Rueda