Elkarrizketa

Gorka Erostarbe

2015.05.11

Gorka Erostarbe

Anari, norberetik beste bat eginez

Elkarrizketa: Anari

 

Kantu bat egitea, etxe bat eraikitzea da. Anarik kantu bakoitza eraikitzen du etxe bat balitz bezala, norberaren etxea balitz bezala, gainera. Eraiki egiten du aurrena, eta ondoren ate-leihoak zabaltzen ditu, nahi duen -eta ausartzen den- hark bere etxe/mundu horretara sarbiderik izan dezan. Etxe bat ez da huts-hutsetik eraikitzen; beti izaten du lurzoruren bat hartarako (des)egokitua. Bi hamarkadaz landutako lurzorua du dagoeneko Anarik, eta bere aurrekari penalei aurrez-aurre begiratzeko gai da, ironia leunez zenbaitetan, malenkonia bizizalez besteetan. Lurzoru ondua da, sendoa, baina ez hertsia, malgutasun bakoa; beti izaten du goldea pasa eta hazi berriren bat ereiteko beharra, aldiroko etxeari zutabe berriren bat gehitzekoa.

Sei urte igaro dira Irla izan zenetik (Bidehuts, 2009). Orduko hartan etxeak soilik ez, irlak ere eraiki zituen, harriz-harri, baina sortzailearen senak ez zuen asebeteta utzi. Nahi zuen leku imaginario hartara ez iritsi nonbait; horizontea beti urrunago; eta bere buruaz beste… bat egiteko deliberoa hartu. Zure aurrekari penalak (Bidehuts, 2015) lan berriko azala eta kontrazala, aurkia eta ifrentzua, biak ala biak dira beste zerbait osoagoaren zati, begietara zuzen begiratzen duena, eta bere baitara bildua geratzen dena; betiko Anari eta beste baten erretratua. Betiko Anaritik beste bat ere egin duena.

Anariren kantuak entzutea mendira igo, belarra zapaldu eta urrunera begiratzea da, horizontea urrun baina hor dagoela sentitzea, hor baino urrun dagoela ohartzea.  Anariren kantuak entzutea ere bada eraiki gabeko etxe bateko leiho estuagotik begira itomen larritxoa arnastea. Anariren kantuak entzutea bada ni kontziente  batetik abiatuta, zu bat ere bagarela jabetu, eta gu sentitzea.

*Elkarrizketa hau apirilaren 29an grabatu zen Hernaniko Santa Barbara mendiaren magal eta inguruetan eta Andoaingo Udal Pilotalekuan Anarik eta bere taldekideek duten entsegu lokalean, Zure aurrekari penalak diskoa kaleratu baino egun batzuk lehenago.

ETIKETAK:AnariBadokBidehutsDebolex